Gorka Elejabarrieta

Lehia eta elkarlana

Katalunian hauteskundeak datoz, otsailaren 14an, eta kanpotik begiratuta badirudi urteak daramatzatela kanpainan, amaigabeko kanpainan. Aste honetan Parlamentuak bere jarduna eten eta ez da hauteskunde ostera arte berriz bilduko. Nire ustez datozen hauteskundeetan hiru gako nagusi daude jokoan, besteren artean.

Lehena, independentismoaren bozken zenbatekoa; portzentajean %50 gainditzen duten edo ez eta bozka kopurua unionismoarena baino handiagoa den edo ez jakingo dugu. Oraindik ez dute sekula lortu %50eko langa gainditzea. Unionistek baino bozka gehiago lortzeak ziurragoa dirudi, baina beti da erronka, beti da beharra, eta lortzea behin betikoa ez bada ere, ez lortzea porrota litzateke.

Bigarrena, alderdi independentisten artean lehen, bigarren eta hirugarren nor den jakingo dugu, eta horrek independentismoaren epe labur eta epe erdiko norabidea erabakiko du. Inkesten arabera lehia nagusia ERCren eta Juntsen artean izango da.

Hirugarrena. Hauteskundeetako emaitza bezain garrantzitsua izango da hauteskunde gaua. Independentismoak elkarrekin gobernatzen jarraituko duen edo ez jakingo dugu. Orain arte bezala biko taldea izango den edo hirukoa, independentismo osoa bilduz, orain arte sekula gertatu ez dena. Elkarren arteko lehia legitimoak ez luke etorkizuneko beharrezko elkarlana oztopatu behar. Batzuek eta besteek izan ditzaketen desadostasunek baino nabariagoak dirudite adostasunek, eta elkarrekin independentzia lortzea oso zaila izango bada, banaturik ezinezkoa dela argi dago.

Askatasunetik gertuago dauden Europako estaturik gabeko herrietan –Katalunian kenduta beste guztietan esango nuke– alderdi nagusi bakarra dago independentismoaren sektorean. Ez dago hegemonia lehia. Irlandan, Sinn Fein; Eskozian, SNP; Flandrian, N-Va; eta Faroe Uharteetan, Alderdi Errepublikanoa, esaterako. Aipaturiko nazioetan alderdi independentista gehiago badira, baina aipaturikoak dira nabarmenki indartsuenak eta haien nagusitasuna ez dago jokoan. Haien unean uneko indarra da independentzia prozesuaren erritmoa eta heldutasuna erabakitzen eta baldintzatzen duena. Eztabaidak, iritzi trukeak, borrokak egitura bakar baten barnean gauzatzeak erabakiak hartzeko prozesua erraztu eta mugimenduaren kohesioa indartzen du.

Kataluniak urriak 1eko erreferenduma antolatuta frogatu zigun posible dela alderdi independentista nagusi argi bat egon gabe, independentisten arteko lehia elektoral basatia egonda ere, prozesu independentistan elkarrekin aurrera egitea, aurrerapauso nabarmenak batera egitea, lehia baztertu eta interes komunak lehenestea. Egungo Kataluniak, aldiz, egunero erakusten digu kontrakoa, alegia, oso zaila dela independentzia prozesuan aurrerapausoak egitea, independentismoaren arteko lehia basatia egonda, hegemonia elektorala lehenesten denean.

Etsaia ez dago sekula geldirik eta ahal duen guztia egingo du independentisten arteko liskarrak nagusitu daitezen. Ari da, nabarmen. Denbora, partida, aurrera doa etengabe, norberak jokatu edo ez. Eta jokoa aurrera doan heinean, egoera eta baldintzak aldatu egiten dira. Norbere aukerak ahalik hobekien erabiltzea da gakoa. Helburu nagusia, independentzia, partekatzen den neurrian, norabide jakin bat, demokratikoa, baketsua eta nazioarteko estandarretan oinarritua partekatzen den bitartean, eta batera, elkarrekin, bai ala bai egin behar dela ondo ulertzen bada, adostasuna gailenduko da. Independentismoak aurrera egingo du. •