Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria

«Kolonialismoa gizateriaren aurkako krimena izan zen»

Aldez aurretiaz erran dezagun Frantziako presidentetzarako hauteskundeak izateko 200 egun baino gutxiago falta direla. Urte bi, teorian, espainiar legealdia amaitzeko. Egutegia mahaigainean jartzen dut ez astean zehar entzun ditugun hitzen larritasuna arintzeko, baizik eta abagune politikoak besapean dakartzan arriskuei buruz ohar seriosa egiteko.

«Kolonialismoa gizateriaren aurkako krimena izan zen». 2017ko otsailean Aljeriara eginiko bisitan horiek izan ziren Emmanuel Macron hautagaiaren hitzak. «Kolonialismoa gure historian idatzitako pasartea da. Aurrez aurre begiratu beharreko aroa da kolonialismoaren biktima izan ziren gizon-emazteei barkamena eskatzeko». Ondorio praktiko gutxi baina harrabots handia eragin zuen adierazpenari aipamen egiteak zentzua du, besterik ez bada, Pirinioen bi aldeetatik abiatuta milioka bizitza suntsitu, kulturak desagerrarazi eta lurralde “berrien” lapurreta antolatua bultzatu zuen kolonizazioa oroimenean iltzatzeko. «Amerikako konkistari» egotzitako «gehiegikeriak» direla-eta Espainiak ez duela «barkamenik eskatu behar» adierazi berri du, ordea, Valentziako zezen-plazan bere burua jada Moncloan irudikatzen duen Pablo Casadok. Isabel Ayuso eta Jose Maria Aznarren ondotik, Abya Yala odoleztatu zuen gerra ekimenaren defentsa sutsua egin zuen PPko buruak.

Konplexurik gabeko eskuinaren eta eskuin muturraren arteko aldea hain da txikia bereizmen handiko mikroskopioa baliatu beharko dela aurrerantzean bataren eta bestearen arteko diferentzia egiteko. «Polinesian zela 14 urteko neskatila bat haurdun utzi zuela esanez gero Gauguinen koadroak hormetatik kenduko genituzke? Ni neu behintzat ez nago prest». PPk antolaturiko konbentzioan gonbidatu gisa aritu zen frantziar presidente ohi baten hitzak dira. Ustelkeria oinarri duten bi auzitan kondenatutako Nicolas Sarkozyk «diktadura kulturala» salatu zuen popularren tourrarekin bat egin aurretik, iraganean gertaturikoak gaur egungo begiradarekin ezin direla epaitu iritzita. Alta, mediatizazio ekimen izugarriari esker taulategi politikoa astindu duen Eric Zemmour polemistak lau haizeetara zabaldu dituen proposamen arrazistei buruz galdetuta, «ez nator bat, baina...» ohiko esamoldea baliatu zuen Sarkozyk.

Debekatuta ziruditen eremuetan sartu da ohiko eskuina eztabaida politikoaren ordez hiperbolizazioari bide eginez. Hala ere, taktizismo soilari egotziko bagenioke hautu politiko hori, akats handia egingo genukeelakoan nago. Inork ezin du ukatu, bistan da, espainiar zein frantziar estatuetan eskuin klasikoa ataka zailean ezarri dutela bazterrean hazitako ardi beltzek. Hori bai, bere burua babesteko edo bere eragin esparrua zabaltzeko krimenak –kolonizazioa, pedokriminalitatea... estatu terrorismoa?– «errelatibizatzeko» prest diren politikariei, noiz kenduko zaie errespetagarriasunaren maskara?

Eskuin mutur ofiziala eta haren proposamenak bere egin ondoren aurrera egiteko nahikoa erregai ez duen eskuin klasikoa noraezean ikusteak lasaitasuna eragingo die, agian, gobernuan daudenei. «Hau da dagoena» eskaintza bakartzat aurkeztuta, hurrengo legealdia esku-eskura dutela pentsa dezakete Eliseoan zein Moncloan. Baina populismoa salatzea ez da nahikoa. Larrialdi sozialari eta ekologikoari aurre egiteko benetako politikak hartu ezean, negazionismoa baizik ez dute elikatuko. •