Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Mozorro bat

Badu zerbait biluztasunak. Gatazka usain bat, transgresio doinu bat. Badu zerbait kolokan jartzen gaituena. Gu, mundura biluzik jaio omen ginenok, ospitaleetako bata zabalak jantzi eta ipurdi bistan ibiltzen garenok.

Gogoan dut bazela gizon bat Donostian bizikletan biluzik ibiltzen zena. Kalean bere aldamenetik igarotzen zirenek begirada beste norabait bideratuko zuten urduri, edo arretaz erreparatuko zioten, sinpatiaz. Baina erreakzio bat sortuko zuen beti. Guri jakin-mina eragiten zigun; ez gizonak, sortzen zuen erreakzio neurriz kanpokoak baizik. Zer ote zuen biluztasunak iraingarri egiten zitzaiguna, edo irri murritx bat sorrarazten ziguna, edo odola masailetara punpatzen ziguna.

Biluztasun guztiak ez dira berdinak, noski: badira biluztasun baimenduak, biluztasun debekatuak, biluztasun desiratuak eta baita biluztasun ezkutatuak ere. Nor, non eta nola biluz daitekeen; horra gure botere-sistemaren isla. Baina, hortik harago, bada zerbait pertsonen biluztasunean aztoratzen gaituena. Gure biluztasunarekiko konplexua, agian. Edo norbait biluzik ikusi arte ez garela gure jantzien erridikuluaz ohartzen, akaso.

Gure heldutasuna zerbaitek adierazten badu, arropek adierazten dutela sinetsarazi izan didate beti. Arropa batetik besterako aldaketak bizitzako fase-aldaketa adierazten duela derrigor. Zapatiletan belkrotik lokarrietara igarotzea, txandaletatik bakeroetara, jertse txanodunetatik txano gabeetara. Lehenengo alkandorak, lehenengo zapatak. Eta, tarteka, kalean sumatuko dugu norbait garaiz kanpo dabilena; 30 urte bete eta tabernara txandala jantzita sartzen dena, gerriko poltsa erantzi nahi ez duena. Eta erdi zuzenean eta erdi zeharka, erdi adar-joka eta erdi serio esango diogu baduela bere adina onartzeko garaia, ezin duela horrela jarraitu, bizitzako arau idatzigabe bat urratzen ari dela.

Eta hala jantziko gara, arropaz eta ohituraz. Umetatik irakatsiko digute gure masail beteetatik tira egiten diguten aldiro irribarre egin behar dugula; bi muxu eman behar direla elkar agurtzen dugunean, edo bostekoa, edo besarkada. Harremanaren, generoaren eta norbere rolaren arabera egin behar dugula bata edo bestea. Eta ez gaitezela nahasi; ez diezaiogula muxu eman behar diogunari bostekorik eman, edo bostekoa eman behar diogunari muxurik. Hala eman ditugu hamaika muxu eta bosteko ortopediko, hamaika besarkada izoztu.

Eta, halako batean, otsaileko azkeneko asteburuan oskolak erantzi eta arropa berriz jantziko gara. Gu ez garen gu bat edo norbera den bestea gorpuztuko dugu. Idatzi gabeko arauak urratuko ditugu. Eta gure buruari galdetuko diogu ea gaurkoa edo gainerako egunetan janzten duguna, zein ote den mozorroa. •