Jonander Agirre Mikelez - @jonanderagirre
Arkitektoa

Nostalgia

Orain dela egun gutxi jakin genuen zentzugabeko olatu errusiafobikoaren harira Andrei Tarkovskiren «Solaris» filma Andaluziako filmotekaren programaziotik kentzea erabaki dutela, «mundu mailako egoera delikatua dela eta». Tarkovskik 1979an utzi zuen Sobiet Batasuna, agintariek berari eta bere lanari ezarritako kontrolagatik. Italiara jo zuen eta bertan, etxetik kanpo, sortu zuen 1983an bere karrerako lanik garrantzitsuenetarikoa, “Nostàlgia”.

Errusiak Ukraina inbaditu duenetik etengabeak dira nire Twitterreko TL-an lurralde horretako museo, eskultura, eliza, monumentu, leku esanguratsuak babesteko saiakerak erakusten dituzten berri eta irudiak. Esate baterako, Lviveko museo nazionaleko piezen ebakuazioa, Zhytomyr lurraldeko azken egurrezko elizen suntsiketaren irudien zabaltzea, kaleko eskulturen babestea Kieveko kaleetan plastiko edo egurrezko gainegiturekin.

Lehen begiratuan hutsala iruditu dakiguke kultura babesteko erreakzioa. Guda egoera batean monumentuak, leku jakin bateko esentziaren kontzentrazio sinboliko gisa, babestean denbora xahutzea ulergaitza egiten zaigu, denbora hori ihes egiteko edo armak hartzeko aukeretan jartzeko besterik ez baitugu ikusten. Distantziak ematen duen begirada sinplista bat da hori ziurrenik. Azkeneko egunetan ordea, keinu txiki eta edertzat hartu ditut esfortzu ñimiño hauek, memoria kolektiboaren babesteari erresistentzia itxura hartuz, nostalgia prebentiboa ezinbestean.

«Nostalgia» azkenaldian asko entzuten den hitza da. «Nostalgia» hitza grezieraren nostos (itzulera) eta algia (mina) konbinaziotik sortutako hitza da. Itzuleraren ezintasunak sortzen du nostalgia. Svetlana Boym-en “The Future of Nostalgia” (Basic Books, 2001) nire eskuetara iritsi zenetik, zerrenda bat sortu dut «nostalgia» hitza duten hainbat aipamenekin, gehienak Zygmunt Bauman-en “Retrotopía” (Polity Press, 2017) hilondoko liburuaren ildo beretik doazen prentsa artikulu pesimistak, utopiaren antonimoa izan nahi duen «retrotopia» hitza nostalgiarekin nahasten dutena.

Urte eskasetan enegarren krisia bizi ondoren, oraindik “normalitate berrian” gauden honetan, nola ekidin debate hau? Nola da posible nostalgiaren estigmatizazio orokortu hau? Nola ez erabili ezinbestean gure denboraren ezaugarrietako bat gure mundua eraikitzeko?

Boymen liburuak ezinbestekoa egiten zaidan ideia bat gordetzen du. Ez du nostalgia gaitz baten gisan tratatzen, gure denboraren ezaugarrietako bat dela nabarmentzen du, hain aldakorra den mundu baten ezinbesteko elementua, alegia. Nostalgia ez da txarra edo ona, ulertu beharreko sentimendu bat baizik eta ez soilik suntsitzailea, sortzailea ere izan daiteke.

Boymek proposatutako nostalgia motak memoria kolektiboan du oinarria, norbanakotik kolektibora doan memoria hori alegia, egunerokoan bizitzaren eszenatoki diren espazioak, kaleak, eskulturak, filmak, margoak edo abestiak babesteko grinan espresatu ohi dena, denbora izozteko ezintasunaren aurrean. Boymek azaltzen duen bezala, «agian kataklismo historikoetan eta erbestean gehien sumatzen dena ez da iragana eta aberria zehazki, baizik eta norberaren lagun eta herrikideekin elkarbanatu den kultura-esperientziazko espazio potentzial hori, ez nazioan ez erlijioan oinarritzen ez dena, baizik eta hautazko kidetasunetan. (Horrela) Memoria kolektiboa eguneroko bizitzako monumentu amankomun gisa ulertuko da».

Nostalgia arkitektura zentzu zabalago batean ulertzeko kontzeptua izan daitekeela uste dut, utopiaren zentzua alboratu dugun denbora honetan, gure egunerokoa eta honen bilakaera ospatuko duen arkitektura, alegia. •