Itzea URKIZU ARSUAGA
{ KOADERNOA }

Gelditzen ikasi

Txikitan izan ginen haurrarekin konektatuta, helduaroak korapilatzen dizkigun emozio gurutzatu asko askatzeko gakoak aurki omen daitezke. Hori jakin nuenez geroztik, behin baino gehiagotan saiatu naiz nire bizitzaren VHS zinta errebobinatzen, lotsati izaten hasi nintzen garaira itzultzeko ahaleginean, baina oraindik ez dut lortu inflexio-puntu biografiko hura zehazki identifikatzea. Nola eta zergatik pasatu ote nintzen, ikastolan jendaurrean egin beharreko jarduera guztietan parte hartu nahi izaten zuen haurra izatetik, gogoak eskatzen ziona lotsagatik mugatzen ikasi zuen haur, nerabe eta heldu izatera.

Baieztapen neurekoiegia izango da akaso, baina, askotan iruditzen zait jendarte hau ez dagoela prest lotsatioi lekua egiteko. Saltzen ditugula aniztasuna eta enpatia eta irekitasuna gure ezinbesteko balore gisa. Baina, egiazki, ia denoi zaigula gustagarriago bost minutu lehenago ezagutu duen jendearekin eta txikitako lagunekin tonu berean hitz egiteko gaitasuna duen pertsona-mota hori, egoera berean gorputza zurrunduta eta esan nahi lukeena baina ateratzen ez zaiona buruan bueltaka duela geratzen dena baino. Tentsiorik ez, esfortzu gutxiago bi aldeetan, erosotasuna. Kontsumo azkarra.

Tira, bistan da zeintzuk diren nire emozio gurutzatuetako batzuk; azken bost urte eta erdian zutabe hauetan agerian utzi ditudanak, paradoxikoki. Orri zuriak bertigoa sortzen duen neurri berean besarkatzen baitu parean duena, «zuk bete behar nauzu, baina nik hustu egingo zaitut» xuxurlatuko balu bezala.

Horixe izan da niretzat txoko hau. Azkura, etsipena nahiz plazera hizkuntzaren moldeetan sartzeko saiakera etengabea. Beste aldean inor egongo ote den jakin gabe, norbait egongo balitz bezala idazteko pribilegioa. Barrura begiratzeko leiho bat, kanpora ere irekia. Nudismoa letretan.

Biluzte-ariketa horretan atzera errebobinatzeko beharra sentitu dut, ordea, azken hilabeteotan. Neure burua zaintzeko sinetsi beharko nituzkeen mezuak berrirakurri ditut, irakurri nautela esanez idatziak. Bospasei aldiz pentsatu dut, horregatik bakarrik, merezi duela hilero gaia aukeratzeko eta nola edo hala zizelkatzeko estuasun horretatik pasatzea.

Baina jarraitu dut hausnarketaren katean, eta otu zait autoexijentziaren soka gainean orekari eusteko saiakera hau ez ote den nire egoa elikatzeko beste bide bat. Ez ote dugun, sarri, gure lanarekiko asebetetzea kanpoko begiradetatik neurtzen. Tarteka ez ote nauen horrek lotzen testuotara, erraiak husteko beharrak baino gehiago.

Ez daukat zalantza-zaparrada horrentzat guztiarentzat erantzun garbirik. Daukadan bakarra da gorputz bat, buru bat, bizitza bat, kontsumo azkarraren erritmoa moteldu eta VHSen garaiko abiadurara pasatzea oihuka eskatzen didana. Eta, denboraldi batean orri zuri hau betetzeko azken hitzak idaztera noala tristura ikaragarriz tekleatu dudan arren, Koaderno hau betetzeko ideia-mordoa josi beharrak eman dit altxor txiki-handi bat: gelditzen ikastea. Plazer bat izan da. •