GENITALEN MUTILAZIOA

Burkina Fason gazteak mobilizatzen ari dira emakumeen ablazioaren kontra

Ehunka milioi emakume daude munduan genitalak mutilatuta dauzkatenak, eta datuen eboluzioa desberdina da herrialdez herrialde. Burkina Fason hobera egin dute, gazteen mobilizazioen eta gobernuak araudian egindako aldaketen ondorioz. Beste herrialde batzuetan, aldiz, atzera ari dira egiten.

Irudian, ama-alabak. Boli Kostan, ablazioa 1998. urtetik legez kanpokoa den arren, oraindik egiten da.
Irudian, ama-alabak. Boli Kostan, ablazioa 1998. urtetik legez kanpokoa den arren, oraindik egiten da. (Lucian COMAN | GETTY IMAGES)

Gero eta ablazio gutxiago egiten dira Burkina Fason, 23 milioi biztanleko estatuan. Estatuaren konpromisoa lagun, emaitza onak lortzen ari dira horren sakon errotuta dagoen arazoari aurre egiteko mobilizatzen ari diren gazte konprometituak. Behera doan joera hori, ordea, mehatxupean dago, talde jihadisten indarkeria eta horrek jendartean duen eragina direla medio.

Unicefen datuen arabera, ablazioaren praktikak gehien kaltetutako 29 herrialdeetako bat da Burkina Faso, baina azken hamar urteetan aurrerapauso nabarmenak egin direla ere badiote datuek. 2010ean herrialdeko 15 eta 49 urte bitarteko emakumeen %76k zeukaten ablazioa eginda; hamaika urte geroago, hots, 2021ean, %56k. Hamalau urtetik beherako haurren inguruko datuek ere behera egin dute, neurri apalagoan izan bada ere. Adin tarte horretako nesken %13k zeukan ablazioa eginda 2010ean, eta 2021ean, aldiz, %9k.

Bilal Sougou, Unicefen Burkina Fasoko Haurren Babeserako Programaren buruak, «agintarien konpromiso politiko handi» bati lotutako «aurrerapen garrantzitsu» horiek txalotu ditu. «Orain arte ia 400 kasuren berri izan dugu, zeinetan ablazioa praktikatzen duten pertsonak salatu diren edota epaile aurrera eraman dituzten», azpimarratu du.

Baina, Roukiatou Sedgo “Ablazioarekin bizi” proiektuaren koordinatzaileak adierazi duenez, «zailtasunak daude beti Iparraldeko, Saheleko eta Hego-mendebaldeko eskualdeetan», indarkeria jihadistak gehien kaltetu dituenetan.

Bizirauleen ahotsa

2015etik Burkina Faso astintzen ari den indarkeria jihadistaren ondorioz beren herrietatik ihes egin duten herritarren joan-etorriekin lotutako superabit kasuen gorakadak eragin nabaria du eskualde horietan.

«Gaur egun, aurrerapen handiak egindako eremuetan atzera egiten ari gara, badaudelako hainbat komunitatek errotuta dauzkaten praktikak haiekin eramaten dituztenak», azaldu du Sougouk, eta baikor agertu da: «Pentsamoldeen bilakaera bat dago, nahiz eta oraindik bidea egin behar dugun: espero dut hemendik 5 urtera lortuko dugula egungo zifrak erdira jaistea». Gazteen mobilizazioak helburuarekiko distantzia laburtzeko lagungarri izan beharko lirateke.

Hiriburutik gertu dagoen Saaba herrixkako haurren garapenerako zentroan, hogei bat neska-mutil gazte emakumeen mutilazio genitalak dituen ondorioen zerrenda bat egiten ari dira, hura pairatu duten senideak aipatzen dituzte eta biziraun dutenen “ahotsen emaile” gisa aldarrikatzen dute haien burua.

«Nerabe guztien laguntza behar dugu», dio 22 urteko Soutonnoma Pascaline Nitiema neska gazteak. Pascalinek “influencer” gisa aurkezten du bere burua, eta «sare sozialak ablazioaren praktikaz sentsibilizatzeko, eztabaida pizteko eta kasuak salatzeko» erabiltzeko asmoa du. «Ohartu naiz neska asko bizi direla gaitz horrekin, baina kosta egiten zaiela horretaz hitz egitea», adierazi du Tatiana Sok, ablazioaren biktima izan zen 19 urteko ikasleak.

«Gure zati moztu bat»

Sok arazo horri heltzea erabaki zuen, bere esperientzia baliatuz: «Nire komunitatean ablazioaren praktika eteteko borroka egitea erabaki nuen, gurasoak kontzientziatuz, batez ere amak».

«Ahots eramailea komunitateetan enbaxadorea da, sare sozialak darabiltzana emakumeen mutilazio genitalari buruz sentsibilizatzeko, baina baita kasuak salatzeko ere», azaldu du Roukiatou Sedgok.

10-11 urte zituela ablazioa egin zioten, eta biziraule gisa aurkezten du bere burua. Adin horrekin bazen gertatzen ari zena ulertzeko gai, eta gogoan du nola egin zioten eta zenbatekoa izan zen mina.

Azken hamarkadatan emakumeek lan handia egin dute ablazioaren oinarrian dauden sinesmen eta ideiak iraultzeko. (James FULKER / DFID)

«Trauma dago, horrekin bizi gara: gure zati bat moztu digute», azaldu du Sedgok. 31 urte ditu gaur egun, eta senideei esana die egin behar ziotena jakin izan balu salatuko zituzkeela. «Une horretan argi izan nuen praktika honen aurka borroka egin behar nuela» eta sentsibilizazio lana etxetik abiatu du.

Horri esker, ahizpa txikiak ez dituzte mutilatu, eta Sedgo harro dago lortutakoaz. «Emakumeari egiten zaion min sakona» da ablazioa berarentzat. Ziur dio pairatu duen inor ez dela zoriontsu, klitoria nolabait berreraikitzeko prozedurak badaude ere.

230 milioi mutilatu munduan, Unicefen arabera

Beren alabari bizi osorako oinaze eta ondorio latzak eragitea edo haren ohorea arriskuan jartzea, dikotomia horren aurrean daude guraso ugari. Gaur egun munduan bizirik dauden 230 milioi neska eta emakume baino gehiagori ablazioa egin diete. Hainbat herrialdetan, hala nola Burkina Fason, zifrek hobera egin badute ere, beste herrialde batzuetan atzerapausoak egin dira.

«Albiste txarra da, kopuru izugarria, inoizko altuena», azaldu dio AFPri Claudia Coppak, Emakumeen Eskubideen Nazioarteko Egunean argitaratutako Emakumeen Mutilazio Genitalari buruzko Unicefen txosten baten egile nagusiak.

Min handia eragiten duten mutilazioak dira, batzuetan heriotza eragiten dutenak, eta epe luzera ondorio psikologiko eta fisikoak dituztenak, hala nola ugalkortasun arazoak, erditze garaiko konplikazioak eta mina sexu harremanak izateko garaian.

Afrika da kontinente kaltetuena, 144 milioi biktima daude egun. 80 milioi Asian daude eta 6 milioi Ekialde Hurbilean. Esan beharra dago, hala ere, zifrek gora egin badute, populazioak ere gora egin duelako dela, hein handi batean.

Hala, herrialde batzuek beherakada nabarmena izan dute, hala nola Sierra Leonak, non mutilazio genitala izan duten 15-19 urteko nerabeen ehunekoa % 95etik % 61era jaitsi den 30 urtean; baita Etiopiak, Burkina Fasok eta Kenyak ere. Baina Somalian, adibidez, 15 eta 49 urte arteko emakumeen % 99k mutilazio genitala eginda dauka, % 95ek Ginean, % 90ek Djibutin, eta %89k Malin.

«Joera kezkagarria ikusten dugu, gero eta neska gehiagok jasaten baitute praktika hori gero eta gazteago, askotan bost urte bete aurretik», adierazi du Unicefeko Catherine Russellek ohar batean. Gaineratu du horrek esku hartzeko aukera murrizten duela.

Halaber, sinesmenak aldatzen ari badira ere, mutilazio horiena mendez mende iraun duen ohitura da eta, beraz, Coppak azaldu du, asko saiatu arren, ez dela batere erraza jokabidean aldaketak eragitea. «Genero desberdinkeriaren forma errotuekin lotuta dago», azpimarratu du.

Desberdina da egoera toki bakoitzean. Leku batzuetan pentsaezina da neskatoak ez mutilatzea; beste batzuetan, ordea, emakumeen kastitatea bermatzeko modua da, nolabait haien sexualitatea kontrolatzekoa.

Gizonen isiltasuna

Amentzat zaila da uko egitea. Gogoan dute haiek mutilatu zituztenean jasan zuten mina, eta badakite zer dakarren, baina beldur dira komunitateak ez ote dituen haien alabak baztertuko. «Ez dira ama txarrak, haiengandik espero dena egiten saiatzen dira», azpimarratu du adituak.

Hori dela eta, Unicefek mutilazioa debekatzen duten legeen alde egiten du, baina baita nesken heziketaren eta emantzipazioaren alde ere. Herrialde batzuetan alor honetan ere atzerapausoak ari dira ematen. Gambian, esaterako, 2015ean ezarri zuten debekua atzera bota nahian ari dira.

Betiere, gizonen papera ahaztu gabe. Emakumeek, oro har, uste dute mutilazioek jarraitu dezaten nahi dutela, baina arreba edo ama mutilatuta duten gizon asko ez daude prozesuaren alde, datuen arabera. Aurka badaude ere, «isilik egoten dira», Coppak azaldu duenez, eta gizonei ere esku hartzeko deia egin die.