NAIZ.INFO

Emakumeak protagonista Bilboko Aste Nagusian

Bederatzi eguneko aste ‘mundiala’ abiatu du Bilbok aroaren eta giroaren beroak marraztu duen txupinean. Marijaiaren begiradapean Virginia Berasategik hartu du pregoilariaren makila eta Nerea Orizaolak (Zaratas konpartsa) txupinera lana. Emakumeak izango dira aurtengo Aste Nagusiko protagonistak.

Jende bete plaza Bilboko Aste Nagusiaren hasieran. Luis JAUREGIALTZO | ARGAZKI PRESS
Jende bete plaza Bilboko Aste Nagusiaren hasieran. Luis JAUREGIALTZO | ARGAZKI PRESS

Bederatzi eguneko zoramenari bide eman dio Marijaiaren helduerak. 356 eguneko hutsunearen ostean berriz agertu da gaur Marijaia Bilboko Arriaga antzokira eta berezko beroaren eta bertan bildutakoek gehitutakoarekin aste ‘mundiala’ abiatu dute hiriburu bizkaitarrean.

Iñaki Azkuna alkatearen agurraren ostean hiriko boterea euren eskutan hartu dute Virgina Berasategi aurtengo pregoilariak eta Nerea Orizaola txupinerak. Aurrekoen eskutik jaso behar zuten biek agintearen erakusgarri diren makila eta pertxa, baina iazko pregoilaria, Kirmen Uribe, festa hasi baino ordu eta erdi lehenago aita izan da eta bere anaiak, Josebak, eman dio makila Berasategi atletari.

Virginia Berasategik bere pregoiean aurtengo Aste Nagusian protagonista emakumeak direla gogoratu eta goraipatu du (jaietako pertsonaia nagusiak emakumeak dira aurten) eta hitz jokoa eginez esan du, «emakumeak gare, emakumeak gera, emakumeak gara, emakumeak gire, emakumeak GORA!».

Aste Nagusian egon ezin direnak ere gogoratu ditu Berasategik eta baita egoera ekonomikoaren ondorioz larri dabiltzanak ere, azken hauek bertsoz gogoratu ditu: «Bilbora etorri nintzan, xentimorik gabe, handik bueltatu nintzen maitia irriaren jabe».

Txupinak eskutan Zaratas konpartsako Nerea Orizaolak abiarazi du bederatzi eguneko jaia Bilbon. Ohorezko bilbotarraren aitorpena Amagoia Loroñok jaso du, Bilboko Akordeoi Orkestra Sinfonikoko zuzendariak.

Hasiera garbiagoa izatea nahi zuten Udaletik eta Bilboko Konpartsetatik baina gaur ere izan da irinik eta arraultzik jende artean. Aurten zikintzeko erabiltzen diren elikagai horiei «irtenbide hobea» ematea propostu du Udalak, Elikagaien Bankura eramanez.

Kaskagorri eta Txori Barrote

Protokolo lanen aurretik, bitartean eta gero konpartsak izan dira protagonista aurten ere. Arriaga plazaraino egin duten kalejiran lehenbizi, plazan jarri duten giroarekin gero eta txosnen irekierarekin azkenean.

Aurten, bi urteko debekuaren ostean, berriz ere Txori Barrote eta Kaskagorriren txosnak arazorik gabe ireki ahal izan dituzte. Azken konpartsa honen dorre handiaren inguruko zalantzak ere argitu dira, aurten Nafarroaren konkista izan dute gogoan Amaiurreko gazteluko garaikurrarekin eta ‘erresistentziatik garaipenera’ mezuarekin.

Aldarrikapenak

Urteroko moduan hainbat herri aldarrikapen lekuko izan da Arriaga plaza. ‘Euskaraz bizi nahi dut’ zioen pankarta handi bat zabaldu dute herritarrek txupinaren momentuan.

Euskal preso politikoen aldarrikapenak ere presente izan dira, Herrira mugimenduaren puxika urdinekin, bereziki. Iosu Uribetxebarria preso arrasatearraren egoera ere oso presente izan da, bere askatasuna eskatzen zuen pankarta handi bat hedatu dute herritarrek.

Lan eremuko hainbat protesta ere presente izan dira.

[NAIZ+] Marijaia eta Aste Nagusia munduan zehar