NAIZ.INFO
LOGROÑO

EH Bilduk Otegiren zigorra bertan behera uzteko eskatu dio Logroñoko espetxeko zuzendariari

EH Bildu koalizioa osatzen duten indar politikoetako ordezkariak Logroñoko espetxean izan dira bertako zuzendariari eskutitz bat helarazteko asmoarekin. Nahiz eta honek uko egin hartzeari, posta bidez helaraziko diote Otegiri zigorra kentzearen eskakizuna.

EH Bilduko ordezkariak Logroñoko espetxean. Pernando Barrenak eskutan du eskutitza. (EH BILDU)
EH Bilduko ordezkariak Logroñoko espetxean. Pernando Barrenak eskutan du eskutitza. (EH BILDU)

Pernando Barrena, Marian Beitialarrangoitia, Unai Ziarreta, Joseba Gezuraga, Rebeka Ubera, Dani Maeztu, Amaia Agirresarobe eta Arturo Muñoz EH Bildu koalizioko kideak Logroñoko espetxean izan dira gaur goizean.

Arnaldo Otegiri BECeko ekitaldia parte hartzeagatik jarritako zigorra bertan behera eskatzea zen euren helburua, baina espetxeko zuzendariak uko egin dio eskutitza jasotzeari. Halar ere, posta bidez helaraziko diotela azaldu dute.

Koalizioko kideen ustetan, Otegiren espetxeratze egoerak ez dizkio beste hainbat eskubide ukatzen, hala nola, politikagintzan jardutea, adierazpen askatasuna edota bozkatzeko eskubidea izatea.

Otegiren BECeko mitinean «parte-hartzea» Euskal Herriko prozesuaren aldeko ekintza bat izan zela esan dute koalizioko kideek eta bake eta normalizazio bidean preso politikoen parte-hartzea aldarrikatu dute.

Elkarrizketa ‘La Jornada’ egunkarian

Mexikoko ‘La Jornada’ egunkariak elkarrizketa egin dio Otegiri eta bertan ezker abertzaleko politikaria igandeko hauteskundeen ondoren «elkarrizketa nazional zabala» bultzatzearen alde mintzatu da.