NAIZ.INFO
DONOSTIA

Madrildik datozen murrizketa eta inposizioei «herri gisa» egingo die aurre EH Bildu koalizioak

Estatu espainoletik datozen murrizketa eta inposizioei «planto» egin beharra dagoela nabarmendu du EH Bilduk. Arazoa Gabonetako ordainsariarena ez dela dio, baizik eta «herri gisa ezabatu nahi gaituztela, inposizioz inposizio». Alternatiba burujabetza eta eraldaketa soziala direla ohartarazi du.

Joseba Permach, Rebeka Ubera eta Unai Ziarreta, gaurko agerraldian. (EH BILDU)
Joseba Permach, Rebeka Ubera eta Unai Ziarreta, gaurko agerraldian. (EH BILDU)

EH Bilduk agerraldia egin du Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere langileei soldata ahalmena ez galtzearren osagarri ekonomiko bat ordaintzeko hartu duen erabakiaren harira.

Rebeka Uberak, Joseba Permachek eta Unai Ziarretak nabarmendu dutenez, arazoa ez da hamalaugarren ordainsaria, baizik eta Estatu espainoletik datozen «murrizketa eta inposizio guztiek dakartena». «Herri gisa ezabatu nahi gaituzte inposizioz inposizio, eta aurre egitera goaz», esan dute.

EH Bilduren iritziz, murrizketa dinamikak agerian uzten du «Espainiako Estatuaren aldetik Euskal Herriarekiko ukazioa, inposizioa eta mespretxua. Ekonomia, hezkuntza eta osasungintza alorreko erreformak ezartzen zaizkigu, politika propioak aurrera ateratzea galarazten zaigu. Egoera honetan, ez dugu etorkizunik herri gisa», salatu dute.

Koalizioko kideek esan dutenez, horren aurrean EH Bilduk hartu duen bidea eta konpromisoa «herri gisa planto» egitea da, hau da, «inposizio eta murrizketei, ofentsiba neoliberalari eta burujabetza faltari aurre egitea; alor guztietan, politikan, ekonomian, kulturan, hezkuntzan... pairatzen duen burujabetza faltari erabaki burujabeekin aurre eginez».

Norabide horretan kokatu dute Gipuzkoako Diputazioaren erabakia, hau da, «Madrildik datozen erabakiek herritarrengan eraginik izan ez dezaten neurriak hartzea». Bide horretan sakontzeko «urrats handia» dela deritzote.

Indarrak batzeko deia

Estatuaren Abokatuak horren aurka iragarri duen helegiteari dagokionez, «ozen esan behar dugu langileen eskubideak eta instituzio honen erabakitzeko ahalmena ez dela milimetro bakarra mugituko Madrildik etor daitezkeen erabakien eta ondorioen aurrean».

Koalizioaren ordezkariek nabarmendu dute EH Bilduk alternatiba baduela: burujabetza eta eraldaketa soziala. Ildo horretan, dei egin diete gainerako eragile, alderdi eta erakundeei «herri bezala jokatu eta erantzun» dezaten. «Indarrak batu behar ditugu, arrisku gorrian dagoen gure herriaren etorkizun politiko, ekonomiko eta kulturalari eusteko bitartekoak landu behar ditugu», adierazi dute.