NAIZ.INFO
BAIONA

Seaskari Hotel des Basques eman zion Claire Haran zendu da

2010ean Baionako Hotel des Basques Seaskaren esku utzi zuen Claire Haran bart zendu da, 89 urte zituela. Hileta elizkizuna ostiralean izango da, Arrangoitzen, eta euskara hutsean egingo da, haren borondateari jarraiki.

Irudian, Claire Haran zenak Seaskaren esku utzi zuen Hotel des Basques. (KAZETA.INFO)
Irudian, Claire Haran zenak Seaskaren esku utzi zuen Hotel des Basques. (KAZETA.INFO)

2010ean Claire Haran andereak dohaintza oso berezia egin zion Seaskari. Bere familiak Baionan zuen lau solairutako hotela Ipar Euskal Herriko ikastolen esku utzi zuen. Bere erabakia azaltzeko orduan hala mintzatu zen Claire Haran: «seme-alabarik ez daukat, eta nere adinarekin... zendako da dirua! Gainera euskararen defentsa egotea ezinbestekoa da gure herriaren geroa ziurtatzeko».

Haran anderea bart zendu da, 89 urte zituelarik. Kazeta.info webguneak berri eman duenez, ehorzketa ostiralean izanen da, 15.30ean Arrangoitzen. Haranek azaldutako borondatea errespetatuz, meza euskara hutsean izanen da. Xipri Arbelbide apezak emanen du meza.

San Andres-eko plazari begira dago Hotel des Basques. Eraikina aski zaharturik dago, bi mende igaro baitira altxatua izan zenetik. Hotela Ipar Euskal Herriko euskaltzaleen bihotza hunkitu zuen Claire Haranen gurasoek zabaldu zuten. Hotelak lau solairu ditu eta aurten amaituko da alokairu kontratua. Izan ere, 2010ean 500.000 euro inguruko balioa zuen eraikina ez da higiezin bulego baten esku geratuko. Haran andereak eraikin horren dohaitza Seaskari egitea deliberatu zuelako.