Ramon SOLA
Iruñea

«Irudimena, ausardia eta erabakitasuna» eskatzen dituela egoerak nabarmendu du EPPK-k

Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren agurra nabarmendu da Sorturen I. Biltzarraren bukaerako ekitaldian.

Sorturen talde bultzatzaileko ordezkariak Iruñeako biltzarrean. (Idoia ZABALETA / ARGAZKI PRESS)
Sorturen talde bultzatzaileko ordezkariak Iruñeako biltzarrean. (Idoia ZABALETA / ARGAZKI PRESS)

Kandido Zubikarai preso ohiak irakurri du, txalo zaparrada handia jasoaz Euskal Preso Politikoen Kolektiboak Sorturen biltzarrera igorritako agurra. Bertan espetxeratuek nabarmentzen dutenez, «irudimena, ausardia eta erabakitasuna eskatzen ditu egoerak».

Bere aldetik, EPPK-k bere posizioa politikoa gaurkotu dutela eta bere egitura hobetu duela ekarri du gogora, eta hemendik aurrera ere, beti bezala, ezker abertzale osoarekin batera bidea egiteko prest dagoela erantsi du.

Egungo egoerari buruzko zertzelada batzuk eman ditu EPPK-k. Estatuen presoak prozesuaren aurka erabili nahi dituztela salatu du, eta prozesu horren «bideragarritasuna jokoan dela» ondorioztatu du.

Nazioarteko ordezkari batzuen agurra etorri da gero. Dozenaka izan dira Sorturen jaiotza agurtu duten mundu osoko alderdiak, Estatu espainoletik Australiaraino. Guztien izenean Foro Sao Pauloko Iscra Sotok, El Salbadorreko Jaime Recinosek, Kataluniako CUPeko David Fernandezek eta Kurdistango Nazmi Gurrek.

Azpimarratzekoak izan dira Sotoren hitzak, borroka armatuen ondoren soilik bide politikoetatik egindako borrokak egoera iraultzeko aukera ematen dutela ziurtatu baitu, Latinoamerikako hainbat adibidez gogora ekarriz. Fernandezek ere hitzaldi polita egin du, ia euskara hutsez, Sortu eta zortea («sort» katalanez) hitzekin jolastuz.