Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Euskal literatura atzerrian aztertu dezaten gakoak ematen ditu ‘Basque literary history’ liburuak

Euskal testuak nazioartean sustatzeko liburua argitaratu du Renoko Nevadako Unibertsitateko Center for Basque Studies zentroak: ‘Basque literary history’. Argitalpena Estatu Batuetako Unibertsitate nagusietan banatuko dute, doan.

Joseba Zulaika, Mari Jose Olaziregi, Patri Urkizu, Aurelia Arkotxa eta Xabier Altzibar, liburuaren aurkezpenean. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Joseba Zulaika, Mari Jose Olaziregi, Patri Urkizu, Aurelia Arkotxa eta Xabier Altzibar, liburuaren aurkezpenean. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Euskal testuak nazioartean sustatzeko liburua argitaratu du Renoko Nevadako Unibertsitateko Center for Basque Studies zentroak. ‘Basque literary history’ argitalpena Estatu Batuetako Unibertsitate nagusietan banatuko dute, doan, bertako ikasleek euskararen inguruko tesirik egin nahi izanez gero ahalik eta informazio gehien izan dezaten, sortzaileek Donostiako Koldo Mitxelena kultur gunean azaldutakoaren arabera.

Mari Jose Olaziregik koordinatutako hamahiru adituen lanak biltzen ditu liburuak. XVI. mendetik XXI. mendera arteko bilakaera aztertzen da, mende bakoitzari atal bat eskainiz. XX. mendetik aurrera, euskal literaturak izan zuen loraldiaren ondorioz, generoka ere sailkatu dituzte kapituluak. Honela, normalean literaturaren historiari buruz idazten denean garrantziarik izaten ez duten zenbait gai jorratu dituzte lan honetan. Halanola, ahozko literatura, Euskal Herrian hain garrantzitsua dena, haur eta gazte literatura, saiakera edota euskarara zein euskaratik itzulitako testuak.

Liburu hau ere itzulpen bat da, autoreek euren kabuz gaztelaniaz edo euskaraz egin zituztelako idazkiak. Ondoren Amaia Gabantxok dena ingelesera pasatu zuen. Egile bakoitza bere kabuz aritzean atal bakoitza independentea izatea ahalbidetzen du, eta norbaitek gai zehatz batean interesa badu erraz aurkitzeko aukera ematen du. Era berean, ingelesez dagoen euskal literaturari buruzko liburu gaurkotu bakarra da, beraz, oso baliagarria izan daiteke gure kulturak atzerrian isla izan dezan eta aldizkari berezituetan agertzeko aukera izan dezan.

‘Basque literary history’ argitalpenean aztertzen diren lanak euskaraz egindakoak dira gehienbat. Hala ere, badago atal bat euskaraz ez den beste hizkuntza batean sortutako euskaldunen lanei eskainia. Hauek aukeratzeko jarraitutako irizpideak Jesus Maria Lasagabasterrek idatzitako hitzaurrean daude azalduta.