Naiz.info
Donostia

Ekainberrik bosgarren urteurrena bete du, 170.000 bisitekin

Gaurko egunez, 2008ko irailaren 11n inauguratu zen Ekainberri ofizialki eta bost urte horietan 170.000 bisitari jaso ditu museoak.

Aldundiko eta Ekaingo arduradunak, balorazio prentsaurrekoan. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Aldundiko eta Ekaingo arduradunak, balorazio prentsaurrekoan. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Ekaingo koben erreplikak biltzen dituen Ekainberrik bosgarren urteurrena bete du gaur. Ikerne Badiola Kultura, Gazteria eta Kirol diputatua eta Ekainberriko presidentea; Ruben Alberdi, Zestoako Alkatea; Juanjo Aranburu, Ekainberriko gerentea eta Juantxo Agirre, Aranzadiko idazkari nagusiak prentsaurrekoa eman dute azken bost urte horien balorazioa egin eta urteurrenaren ospakizunen egitarauaren berri emateko.

Bost urte horietan 170.000 bisitari izan ditu Ekainberrik, familiak eta eskolak izan direlarik profil nagusienak. Ia 500 ikastetxe izan dira Ekainberriko jardueretan parte hartzen. Gutxi gorabehera, Ekainberriko bisita guztien herena esan nahi du horrek. Bisitarien beste bi herenak familiek eta banakako bisitariek osatzen dituzte. Bataz beste 2.800 bisitari hurbiltzen dira hilero Ekainberrira.

Arduradunek «positibotzat» jo dute datu hori, izan ere talde txikietan egin behar izaten baita bisita. Bisitari zifra horrekin Ekainberri Gipuzkoako bosgarren museo bezala egonkortzen da urtero 34.000 bisitarirekin.

Badiolak Ekainberriren eskaintza «urtero urtero osatzen» joan dela adierazi du «bisitaz haratago doan esperientzia» bat bihurtu delarik. «Aurten, Lili Jauregiaren irekierak, kobaren erreplikarekin hasitako proiektua osatzen du eta Zestoak eta eskualdeak eskaintzen dituen ondare eta turismo baliabideak balioan jartzen ditu, eskaintza bateratu baterantz goazelarik», nabarmendu du.

Etorkizunera begira, Gizateriaren Ondare den neurrian, UNESCOrekin harremana landu eta izendapen hori balioan jartzea da helburuetako bat. Ildo horretatik, Europan Ekain bezalako kobak dituzten guneekin elkarlana areagotu eta aliantzak lortzeko bidean ari da Fundazioa. Bestalde, Lili Jauregiaren musealizazioan urrats berriak ematea da ondorengo pausu naturaletako bat.

Urteurreneko ekitaldiak

Dagoeneko hasi dira Ekainberriren urteurrena ospatzeko ekitaldiak. Irailaren 20ra arte sarrerak erdi-prezioan egongo dira, eta ostiral honetan, irailak 13, 17.00etan Ekainberriko harreran erakusketa berezi bat irekiko da Juan Luis Goenaga, Angel Uranga, Xabier Obeso eta Maximina Espesoren koadroekin.

Ekaingo koba Andoni Albizurik eta Rafael Rezabalek aurkitu zuten duela 44 urte, 1969an. Haitzulo txiki batean lagun batzuk hartzera joan eta ustekabean, Euskal Herriko labar artearen santutegia aurkitu zuten. Gutxi batzuk izan zuten aukera altxor hori ezagutzeko aukera, 2008ko irailaren 11n, duela 5 urte, Ekainberri ireki zen arte.