Gotzon ARANBURU
BILBO

G. Aresti euskaltegia

Mugimendua nabari da Bilboko Kafe Antzokiaren eraikinean. Jendea atarian, zigarroa erretzen, eta euskaraz. Jendea barran kafea hartzen, eta euskaraz. Jendea goiko solairuetako geletan eta pasiloetan, eta hemen ere euskaraz denak. Gabriel Aresti euskaltegiaren eremuan gaude, eta begi bistakoa da Bilboko euskaldunen zentro neuralgikoa dela eraikin hau, euskalduntasunaren bihotza Euskal Herriko hiriburu nagusian.

Gabriel Aresti euskaltegian primeran pasatzen dute. (Gotzon ARANBURU)
Gabriel Aresti euskaltegian primeran pasatzen dute. (Gotzon ARANBURU)

Hogeita hamabost urte bete ditu Gabriel Aresti euskaltegiak, eta merezi bezala ospatzen ari dira ikasleak, irakasleak eta lagunak, baina lanari utzi gabe. Ikasturte berria hastear dago, eta udako ikastaroetan aritu diren ikasleak azkeneko klaseak hartzen ari dira. Askok jarraituko dute hemen datozen hilabeteetan, gure hizkuntza ikasten eta euskal kulturan sakontzen. Izan ere, hasiera hasieratik, Gabriel Arestik garbi eduki zuen ezin zela izan eskola soilik; euskalduntasuna hedatzeko tresna ere bada, euskaraz bizitzeko eremu aparta Bilbon.

Isabel Isazelaia da euskaltegiko zuzendaria eta berarekin egon gara Gabriel Arestiren nondik norakoak ezagutzeko. Ez da ausartzen, gure aurreneko galdera entzunda, 35 urtetan gela hauetatik zenbat ikasle pasa ote diren esatera. Baina gaur egun euskaraz dakiten bilbotar heldu asko, gehienak, euskaltegi honetan ikasitakoak direna ez du zalantzarik. Gaur egun 2.000 ikasle inguru dauzka, eta 80 irakasle. Azken 15-20 urteotan etengabe hazten joan da matrikulazioa, eta hasteko puntuan dagoen ikasturtean ere joera hori mantentzea espero du Isazelaiak.

1986an hasi zen Isabel beharrean Gabriel Arestin, eta ordurako han ari ziren irakasleek hasieratik azaldu zioten garbi euskara ikastea ez zela soilik baliabide linguistikoez jabetzea, alegia, bere lana ez zela izango eduki akademikoak eskaintzea bakarrik, baizik eta ikasleek ondo pasa zezaten saiatzea, disfrutatu zezatela euskararekin, euskal kulturaren adierazpen ezberdinak ezagutuz. Horregatik, bai orduan eta bai gaur egun, jaiak, musika emanaldiak, antzerkia, hitzaldiak… elementu pedagogiko ezinbestekoak bihurtu dira Gabriel Arestin. Esaterako, Iñauteriak, Sanjuanak edo Santo Tomas eguna gogoz ospatzen dituzte ikasle eta irakasleek, jai hauek hizkuntzaren erabilerarako espazio bihurtuz.

Alderdi ludiko-pedagogikoan jauziak bata bestearen atzetik eman dituzte euskaltegi bilbotarrean. Duela 18 urte (Gabonetan beteko ditu) Kafe Antzokia ireki zuten, hiriburuko euskaldunentzat erreferentzia toki izan zedin, eta baita interesa izan zezaketen erdaldunentzat ere. Topo egiteko, euskaraz egiteko eta hainbat eta hainbat ekitaldiz gozatzeko helburua bete duela zalantzarik ez dago egun. Baina Kafe Antzokia ez zen izan euskaltegiaren eragina zabaltzeko helburuz emandako aurreneko urratsa, bi urte zaharragoa baita Algara konpartsa, ikaslez, ikasle ohiez, irakaslez eta euskaldun soilez osatutakoa. Isabel bera Bilboko Aste Nagusiko txupinera izan zen 2008an. Euskara hutsez aritzen den Bilbo Hiria irratiak ere erreferentzia puntu izan nahi du, duela hamabost urte hasi zenetik, kolaboratzaile sare zabal batean oinarrituta.

Motibazioa aldatu egin da

Jakina, urteak ez dira alferrik pasatzen, eta gaur egungo ikasleak eta garai batekoak ez dira berdinak. «Ezta irakasleok ere» diosku Isabelek. Administrazioa eta hezkuntza sistema euskalduntzen hasi zirenean gertatu zen aldaketa handiena, motibazioari dagokionez. «Zorionez, hor behar batzuk sortu ziren. Eta behar horiei erantzutean, beste ikasle mota bat ere gerturatu da euskaltegietara, jakina. Begibistakoa da motibazioa aldatu egiten dela, eta guk horri erantzuten jakin behar dugu» dio zuzendariak. Egun, Gabriel Arestira datorren gazte asko A edo B ereduan ikasitakoa da, eta euskararen aldeko jarrera edukitzeko motibo gutxi dauka. Euskal kantariak, idazleak, bertsolariak… kultur mundua orokorrean, arrotzak gertatzen zaizkie, eta mundu ezezagun samar honetarako zubi lana egitea da irakasleen zereginetako bat.

Lana latz egiten dute Gabriel Arestin. Goizeko zazpietan hasten da aurreneko taldea, eta gaueko hamarrak arte daude klaseak. Larunbat goizetan ere zabalik dago euskaltegia, baita igandean ere. Badaude ikasleak zapatu goizean soilik etortzen direnak eskolara, eta badira egunero egunero bost ordu ematen dituztenak gelan. Barnetegia ere badauka Gabriel Arestik, hain zuzen ere Sakanako Bakaiku herriko baserri batean. Nagusiki, udako barnetegiak izaten dira, ekainetik irailera artekoak, baina urtean zehar ere asteburu askotan izaten dira ikasle taldeak Nafarroako herri horretan. Helburua, beti ere, euskaldun izatea Bilbon.