NAIZ.INFO
DONOSTIA

Bergarako galdeketaren irregulartasunak agerian utzi ditu bideo berri batek

Hondakin bilketaren inguruan Bergara Garbia plataformak iragan asteburuan egin zuen galdeketan izandako irregulartasunak agerian utzi ditu bideo berri batek. Herriko alkate ohiak hiru hauteslekutan ematen du botoa, eta onartzen du bozka delegatua emateko ez dela zentsoan egon beharrik.

Bergara Garbiak iragan asteburuan egin zuen galdeketari buruz zabaldu duten berri batean, Victoriano Gallastegi (EAJ) hamasei urtez herriko alkate izandakoa agertzen da. Hiru lekutan botoa eman ondoren, azalpenak eskatzen dizkio herritar batek eta erantzuten dio bereaz aparte hainbat lagunen boto delegatuak ere eman dituela.

Gallastegik berak onartzen du pertsona batek beste baten izenean eman dezakeela botoa, nahiz eta hau zentsoan agertu ez. «Zentsoan ez badago, mahaikoek ezagutu egin behar dute», adierazten du.

Bergarako alkate ohiaren arabera, zentsoan egon gabe botoa ematen dutenen izena zerrenda batean jarri zuten, edonork izan dezan pertsona horiek herrian bizi direla baieztatzeko aukera.

Astelehenean argitaratutako beste bideo batek erakusten zuenez, bergarar batek lau pertsonen izenean eman zuen botoa, haien baimenik izan gabe.