Naiz.info
Orio

‘Erria txikota!’ aldarrikatuko du Oriok 2014ko Kilometroetan

‘Erria txikota!’ da Orioko Ikastolak 2014ko Kilometroetarako hautatutako leloa, herriak medeetan gorde duen itsas ondareari eta ikastolaren sorreratik bizirik iraun duen auzolanari erreferentzia egiten diona.

‘Erria txikota!’ izango da 2014ko Kilometroetako leloa. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)
‘Erria txikota!’ izango da 2014ko Kilometroetako leloa. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

‘Erria txikota!’. Ezezaguna izan daiteke euskal herritar askorentzat 2014ko Kilometroetarako Orioko Ikastolak hautatutako lema. Itsasoarekin badu zerikusirik, baita ikastolaren sorreratik bizirik dirauen auzolanarekin ere.

Azalpen txikia honakoa izan daiteke: Arrantzaleak itsasora abiatu aurretik lehorrean denari eskatzen dion laguntza ohiua da. «Patroiak marinelei luzatzen dien agindua ere izan daiteke, txikota izeneko soka lodia, mutilotik moilako burdin zatitik askatzeko deia, alegia», zehaztu dute gaur egindako aurkezpen ekitaldian.

Ildo horretan, lelo horrekin bi ideia azpimarratu nahi izan dituzte. Batetik, oriotarren betiko hizkerari keinu bat egitea eta, bestetik, Orioko Herri Ikastolaren sorreratik bizirik dirauen auzolana eta elkarlana irudikatzea. «Arrantzaleek itsasoratzeko behar duten auzolana eta elkarlana behar baitu ikastolaren proiektuak ere aurrera jarraitzeko», esan dute.

2014ko urrian 10 urte beteko dira Orioko eta Zarauzko ikastolak jaialdia antolatu zutenetik. Datorren urtean, ordea, Orioko ikastola bakarrik izango da Tolosari lekukoa hartuko diona. Leku falta izan da akzen urteetan ikastolaren arazo nagusia eta horrek «adreiluan inbertitzera» eraman du ikastola. 2014ko ikastolen aldeko festan lortuko den diruarekin, DBHko eraikinaren hipoteka estaltzea izango da helburua.