Ramon SOLA
DONOSTIA

‘Euskararen kate hautsiak’ aurkeztu dute Aieten, euskalgintzaren bultzadaz

Euskal Memoria Fundazioak euskalgintzako eragile askoren laguntzaz egindako ‘Euskararen kate hautsiak’ lan mardula aurkeztu dute Aieteko Jauregian.

Eragile ugari bildu da Aieten. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Eragile ugari bildu da Aieten. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Euskal Memoria Fundazioak euskalgintzako eragile askoren laguntzaz egindako ‘Euskararen kate hautsiak’ lan mardula (960 orri dauzka) Aieteko Jauregian aurkeztu dute. GARAk eta NAIZek aurreko asteotan aurreratu duen moduan, batetik euskarak eta euskaldunek azken mendean bereziki jasandako jazarpena jasotzen du, eta horrekin batera txanponaren beste aldea, hau da, euskalgintzaren lana, arloz arlo, katea guztiz etetea ekidin duelarik.

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak egin du ekitaldiko amaierako hitzaldia. Aieten egin izanaren arrazoia eman du: «Normalizaziorako sortuko den oinarri berriak euskararen normalizazioa kontuan izan behar du». Eta lanaren garrantzia nabarmendu du. Bere nahia hauxe da: «Balia dezagun urte luzeetan pairatutako egoera iraultzeko, joko zelai berri bat eta bertan jokatzeko jokamolde eta oinarri berriak jartzeko».

Dabid Anautek idatzi du liburua, eta nola osatu den azaldu die Aietera hurbildutako euskaltzale guztiei. Lan handia izan bada ere –«ariketa kolektibo baten emaitza»–, ageri dena «zipriztin batzuk baino ez dira», aipatu du.