Maider IANTZI
DONOSTIA

Mila ikasle Elhuyar Fundazioan, jakin-mina eta irudimena lantzen

Bata zuriak jantzita itxaroten dituzte zientzia ikasketetako azken kurtsoetako dinamizatzaile gazteek DBHko neska-mutilak. Andoaingo ikastolako ikasleek atea zeharkatu dutenean, irri algaraz eta mugimenduz bete da normalean isilago egoten den Elhuyarren Usurbilgo egoitzaren goiko solairua. Zientzia Live! emanaldiak hastear dira, zientzia esperimentuak gaztetxoei hurbiltzeko.

Zientzia modu erakargarri eta ulergarrian eskaini nahi diete, jakin-mina sustatu eta irudimena piztu. Guztira, 12 eta 16 urte bitarteko mila bat neska-mutilek parte hartuko dute astelehenean hasitako eta bihar arte iraunen duen ekimen honetan.

GARAren bisitaren unean, Andoaingo Aita Larramendi ikastolako DBH3ko ikasleak etorri dira. Sartu orduko motxilak eta berokiak txoko batean utzi, eta hiru taldetan banatu dira, bakoitza aretoko alde batean, tailer batean, hiru lantegi eginen baitituzte aldi berean. Bat bukatzean bertzera igaroko dira, eta gero bertzera. Hala, denak probatu eta hiru aldiz biziko dute zuzenean zientziaren zirrara.

Begoña Garrido eta Santi Fernandez material berrien tailerreko irakasleek beren burua aurkeztu dute ikasleak borobil bat osatuz inguruan eseri zaizkienean: «Donostiako Eskola Politeknikotik gatoz. Ikasleak gara gu ere. Elhuyar Fundazioa ezagutzen duzue?». «Hiztegia!», gaztetxoen erantzuna. Hiztegiaz gain, ekimen gehiago egiten dituztela azaldu die Garridok eta polimeroez hasi da solasean. Denen artean osatu dute hitzaren definizioa: «Molekula askoz osatutako makromolekula». Hitza arraroa egin arren, eguneroko bizitzan erabiltzen da. Zelulosa polimero naturalarekin papera egiten da. Polimero erdi sintetikoak ere badira: polimero natural bat tratatu eta material berri bat lortzen da. Zeluloidea, lehengo film karretea, adibidez.

Hain zuzen ere, substantzia batzuetatik abiatuta bertze ezaugarri batzuk lortzea da bikote honek proposatzen dituen esperimentuen funtsa. Blandi blue edo muki antzeko bat sortu dute aurrena, bi boluntariok polivinil alkohola, borax gatza eta koloratzaile berdea nahastuta. Eskuz esku igaro da gai likatsua, sudurrez sudur, denetariko komentarioak eta irriak sortuz.

Pilota saltokari bat egin dute hurrena sodio silikatoarekin eta alkoholarekin. Erreakzioa noiz gertatzen den jakiteko, bertze osagai bat ere bota diote, nahasketari kolorea aldatzen diona. Arrosa kolorea agertzeak abisatu die ez dutela alkohol gehiago isuri behar. Paperezko zapi batekin barrenean duen likidoa kendu, forma eman eta hortxe dute pilota jolasteko. «Suabe bota, oso hauskorra da-eta!», alferreko abisua.

Gasekin jostetan

Bigarren tailerrean, Eider Belarrek eta Aitor Hernandezek huts ponpa aurkeztu dute, airea kendu eta presioa jaisteko tramankulua. Lehenbizi, globo bat sartu dute. «Zer uste duzue pasako dela?». Puzten eta puzten hasi da... «Halaaa!». Azalpena etorri da gero, ikasleek ongi ikasia ekarri duten formula: PV=Konstantea. Algodoi arrosa gozo puskak sartu dituzte gero eta hauek ere hazten hasi dira. «Hobeto, ezta?». Berriz airea sartu arte ezin da tresna zabaldu, ordea. Eta sartu dutenean zapuztu egin dira gozokiak. Dastatu dituzte eta zapore gehiago dutela frogatu dute, kontzentratuagoak dira.

Barrerik handienak gasarekin egin dituzte. «Antxon naiz, Andoaingoa», aurkeztu du bere burua mutiko batek. Jarraian, helioz betetako globoa ezpain artean estutu, arnastu eta esaldi bera errepikatu duenean, pitufo ahotsa atera zaio ezustean eta lagunak algaraz lehertu dira. Hurrengoari, aldiz, ahotsa loditu zaio sufre floruroa arnastean.

Hirugarren txokoan, Lorea Sotoren eta Adur Unanueren tenperatura hotzen tailerrean, material berrien lantegian sortutako blandi blueak eta pilota jauzilariak eskuetan eseri dira gaztetxoak. «Gerturatu, gerturatu... Gero hurbildu nahiko duzue, ikusiko duzue!», animatu ditu Unanuek urrun samar jarri direnak.

Nitrogeno likidoa gordetzen duen bidoi bat erakutsi die. «Zero azpitik zenbatera dagoela uste duzue?». Denek dute erantzuna, eta hamaika zifra aditu dira. Zuzena, 197 zeropetik. Naturan dagoen tenperaturarik baxuena -80 dela kontuan hartuta, badago aldea. Kontuz-kontuz ontzi batera isuri eta ke hotza ateratzen hasi denean, arrapaladan hurbildu dira denak ukitzera, jakin-minez gainezka.

Urez betetako globo bat sartu eta berehala izoztu da. «Ze pasako da airez betetakoa sartzean?». Hemen ere denetariko ideiak: konprimatu, lehertu... Badaezpada belarriak estali... Txikitzen ari da eta likido bat ikusten zaio barruan, oxigeno likidoa.

Orain latex eskularrua sartu dute nitrogeno likidoan, eta ateratzean ze erraz puskatzen den! Puskatze tenperatura gainditu delako dela esplikatu dute monitoreek. Eskuz esku pasatzen denbora bat egin dutenean, «berotzen ari da! Berotzen ari da!» oihukatu dute gaztetxoek. Eskularrua lehengora bueltatzen ari den seinale.

Algodoi arrosa gozoak sartu eta janen al dituzten galdetu eta baten batek txarrak egonen direla erantzun duenean, gogoeta egin du serio mutiko batek: «Txarra egongo dela pentsatzen badugu, txarra egongo da». Zalantzarik ez dute batere egin gazteek. Ontzitik atera eta segituan ahora! «Badakizue non erabiltzen den nitrogeno likidoa janariarekin? Sukaldaritza modernoan».

Hurrengo esperimentua arrosa bat sartzea da, bizidun bat, batez ere urez osatua, gure gisa. Zeluletako ura izoztu, zimeldu eta hil egin da arrosa. Eta azken galdera: «Eskua sartuko bagenu?». «Moztu, mendizaleei gertatzen zaien bezala?». Berotuta, gazteak prest daude eskua sartzeko ere, baina horren ordez, eskua luzatu eta nitrogeno likido pixka bat bota diete gainean, eraztun eta eskumuturrekoak kendu ondotik. «Ze guay! Hotza bezala da. Ematen du bustitzen duela, baina gero ez du bustitzen...», komentatzen dute neska-mutikoek.

Konturatu orduko ordubete baino gehiago igaro da. Poza ikusten da ikasle, irakasle zein monitoreen aurpegietan. Zientzia Live! emanaldietan klasean ikasitako formula eta azalpenetatik harago joan dira, horietan barneratuz, gauza praktikoak eginez, esperimentuak era dibertigarrian biziz. Etorri bezala alde egin dute, alai kontu kontari isildu gabe... Baina orain zientziaz ari dira.