NAIZ.INFO
Donostia

Olatua larunbatean Durangon, preso eta iheslarien eskubideen defentsarako itsasoari begira

Larunbat arratsaldean preso eta iheslarien eskubideen eta konponbidearen alde «bustitzeko» deia egin dute ‘Tantaz tanta’ ekimenetik. Olatu bat irudikatuko dute Durangoko kaleetan eta urtarrilaren 11n Bilbon egingo duten ekimen erraldoia indartuz joatea dute xede.


‘Olatua’ zer den eta nola egin, azalpen bideoa

Itsasoak olatuak ditu, eta olatuek tantak. Txikitik handira, norbanakotik zabalera, doan dinamikan murgildu da ‘Tantaz tanta’ ekimena preso eta iheslarien eskubideen defentsan. Larunbaterako Durangon (15.30ean) jarri dute hurrengo zita, Olatua ekimena izango da asteburu honetakoa.

Aldarrikapena izango du baina ez da ohiko manifestazioa izango. Antolatzaileek ohar bidez iragarritakoaren arabera Durangoko Landakon elkartuko dira lehenbizi eta kalejiran joango dira gero alde zaharrera, bertan egingo dute Olatua ekimena. Goienkalen hasi, Zeharkalen itzulia eman, behera egin berriz Goienkalen eta berriz gora udaletxeko plazaraino; hori da larunbateko olatu aldarrikatzaileak garatuko duen bidea. Jai giroan egingo dute olatu hori eta kultur izaera nabarmena izango duela iragarri dute.

Ekimenaren helburua preso eta iheslarien eskubideen alde indarrak batzea da, «konponbidearen alde bustitzeko garaia da», diote deialdian. Norbanakoen indar bilgunetik «espainiar eta frantziar estatuen ukazioaren horma bota» nahi dutela diote eta horretarako zita garrantzitsua urtarrilaren 11n Bilbon antolatu dute «itsaso herritarra» izango dela. 

Tantatik itsasora

‘Tantak’ dira ekimenaren bihotz eta muin, norbanakoek osatutako tantak. Durangoko larunbateko ekimenerako babesa agertu dute Igor Elortza eta Unai Iturriaga bertsolariek, Gorka Urbizu abeslariak, Kauta eta Itziarren Semeak taldeetako kideek, Josu Camar eta Eneko Sagardoy aktoreek eta beste hainbatek.

‘Tantaz tanta’ dinamika azaroaren hastapenean aurkeztu zuten Durangon ehunka herritarrek, txikitik handirako bide horretan urtarrilaren 11 du jomuga ekimenak, itsaso herritarra osatu nahi dute preso eta iheslarien eskubideen defentsan. Sarean norbanakoa tanta bilakatzeko deia egin dute eta ehunka dira, jada, webgunearen bidez tanta bilakatu direnak.