Joxean Agirre | GAUR8
Entrevista

Iñaki Murua: «Saiatu gara 10.000 lagun gehiago sartzeko beste leku baten bila»

1986an kantatu zuen bere lehen finala, lau argazkilariren aurrean. Gaur ehunka dira, baita ikerlariak ere. Bertsozale milaka batzuk, hala ere, BECetik kanpo geratu dira.

Iñaki Murua (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)
Iñaki Murua (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Orain bi mende pasa, 1801ean, 4.000 lagun bildu ziren Villabonan Txabalegiren eta Juan Inazio Zabalaren arteko desafioa ikusteko. Gertakariaren bi lekukok, herriko alkateak eta Jose Mendizabal Tolosako apaizak, zifra hori aipatzen badute ere, gehiegizkoa dirudi garaiko demografia kontuan hartzera. Geroztik 2.000 lagunez azpiko final asko jokatu dira Donostiako Astorian, Victoria Eugenian edo Baldan, Belodromoaren txanda iritsi zen arte. Belodromoko 8.000 laguneko jendetza, ordea, urria iruditzen zaigu aurtengo finalak sortarazi duen herioa ikusita. Iñaki Murua Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko (EHBE) lehendakaria neurtua da hizketan, baina aitortzen du marka guztiak hautsi direla.

Progresioa geometrikoa izan dela esan eta motz geratzen gara.
Progresioa geometrikoa izan da. Nik Belodromoko finalak bizi izan ditut zuzenean. 10.000 laguneko kopurua erabiltzen genuen. Esango nuke kopuruak puzteko joera dugula, gizonezkook behintzat. Uste dut 8.000 ikusle inguru sartuko zirela Belodromoan, baina handik BECeko 15.000 ikusleetara jauzi egin genuen. Jende bati esajerazioa iruditzen zaio, baina, ondo pentsatzen jarrita, urtean 1.800 bertso saio egiten dira Euskal Herrian. Batez beste bakoitzean 150 lagun biltzen direla kalkulatuta, 300.000 bertsozaleko kopurura iristen gara oso behetik jota. Saioetan mugitzen den bertsozale kopurua kontuan izanik, BECekoa ez zait neurriz kanpokoa iruditzen, mugitzen denaren %10 izango da. BECeko irudiek zirrara eragiten digute, baina benetakoa jasotzeko argazkirik ez dugulako, bestela horrek egingo zigukeen zirrara. Hala ere, aitortu beharra dago eguneroko agendan bertsolaritzak izan dituela urte hobeak. Boom famatuaren garaian, 80ko hamarkadaren bukaeratik aurrera, hain ohikoak ziren sei bertsolariko jaialdiak urritu egin dira esate baterako. Jaialdi horiek polikiroldegiak goraino betetzen zituzten. Krisiarekin desagertu egin dira jaialdi handiak.

Dena den, zer gertatu da aurten sarrerekin? Nola esplika daiteke hilabete eta erdi lehenago sarrerak agortzea?
Eragile asko izango ditu fenomenoak. Nik batzuk aipa ditzaket. Garai ilunak ari gara bizitzen eta gizarteak ilusioa eta pizgarriak behar ditu, eta txapelketak ilusioa ematen dio jende bati. Nik hasieratik nuen irudipena aurten jende asko ibiliko zela, zuzendaritzako bileretan behin eta berriz aipatzen genuen eta kanpora ere saiatu gara hori adierazten. Gertatu dena normala iruditu zait, nahiz eta min eman didan. Ez dago leku estalirik gisako ekitaldi bat ikusle gehiagorekin antolatzeko. Ez da saiatu ez garelako. Valentziako enpresa batekin harremanetan ibili gara futbol zelai bat estali ote zitekeen aztertzen. Baina oztopo batzuk ikusten genituen: erabat estaltzea zaila da. Euria egiten badu, zarata saihestea ere oso zaila. Horrelako estadio bat berotzea ezinezkoa da. Eta estaldura hori jartzea diru aldetik oso garestia da. Badakigu leku egoki eta handiago bat aurkitu izan bagenu, 10.000 lagun gehiago sartzeko aukera izango genuela, baina oraingoz ez dugu irtenbiderik ikusi. Gainera, elkarte txiki bat gara, diru aldetik estu gabiltza eta erabat seguru egon gabe horrelako pauso bat ematea, suizidioa litzateke. 20.000 edo 25.000 sarrera saltzeko adina eskaera genituen, baina ez dugu leku egokirik ikusle horiek guztiak sartzeko.

Musika jaialdi handiak bezala txapelketa udan egiteak ez al luke abantailarik izango?
Uda da bertso saioen agendan beteenik dagoen sasoia, eta, txapelketarekin, lau urtetik behin bada ere, egutegiak neguan duen hutsunea betetzen da. Txapelketa ez da finala bakarrik, pare bat hilabeteko jarduna da, eta lau urtez behin udako bi hilabeteak bertso agendari kentzea ez zaigu biderik onena iruditzen. Bertsolaritzaren ardatz naturala herriz herri egiten diren saioak dira eta ez genuke hor interferitu nahi. Ez dauden lekuetan saioak sortzeko balio behar du txapelketak.

Ez al luke merezi bi urtetik behin egiteak?
Txapelketak elkarteari diru aldetik egiten dion ekarpena kontuan izanik, horrek onura izugarriak lituzke. Kutxabank eratzearekin gizarte ekintzetarako diru-laguntzak murriztu dira, edo, agortu egin dira, hobeto esateko. Xenpelar Dokumentazio Zentroa giltzarria da, gure proiektu nagusienetakoa dela esan daiteke eta urtean 100.000 euroko aurrekontua du, nahiz eta dokumentazio bilketan boluntario pilo batek parte hartu. Txapelketari esker lortzen dugu proiektu hori bizirik mantentzeko behar dugun dirua. Zerbitzu publikoa ematen badu ere, erakunde ofizialetatik ez dugu nahi beste laguntzarik. Egoera gogorra da, baina ezin diogu egoera ekonomikoari lehentasunik eman, ezin gara tranpa horretan erori.

Konparazio azkarrak egiten hasita, euskal kulturaren erdigunean dago bertsolaritza. Musikak ere erdigunea okupatu izan du, baina talde on asko larri dabiltzan hotsak daude.
Bertsotan ere profesionalak oso bakanak dira. Musika talde batek industria bat behar du atzetik eta guk ez dugu halako egituren beharrik. Bertsolari bati etxeko telefonora edo mugikorrera deitu eta badoa kantatzera. Alde horretatik iraupenerako aukera gehiago ditugu. Bestalde, zein bizi da bertsotatik bakarrik? Andoni Egañak esaten zuen bertsotatik bizitzeko langostino asko jan beharra dagoela jaunartze eta ezkontzetan.

Orain egun batzuk Maialen Lujanbiok gaztelerazko egunkari batean egindako elkarrizketan esaten zuen txapelketa bertsolaritzaren baitako azpigenero bat dela.
Ez dakit azpigeneroa ala goigeneroa den, baina jendea engantxatzeko balio du. Atzo bertan gazte batzuk eraman nituen autoan eta batek beste bati esaten zion txapelketa bukatzera doala eta ea zer egin behar zuen orain beste lau urtean. «Saio arruntetara joan», esan zion ondokoak, baina saio arruntetan ez duela aurkitzen zer kritikaturik esaten zuen. Zarauzko gaztetxean egiten den Kopla Txapelketa eta Bertso Eguna salbatzen zituen gazte horrek. Maialenek azpijeneroa dela dionean, bertsolariek beste modu batera kantatzen dutela esan nahi du, eta bertsozaleak ere beste modu batera bizi duela bertsoa, arreta gehiagorekin. Nire gazteen elkarrizketari berriro helduz, esango nuke gazte andana erakartzen duela txapelketak.

Txapelketaren formulak baditu, dena den, alderdi makur batzuk. Plazan oso onak diren bertsolari molde baten lana ez du neurtzen. Hor dago Iker Zubeldia bat.
Hori egia da. Badago hor arazo bat. Gogoan dut behin Amuriza eta Lopategirekin hizketan «geure errua duk», esaten zutela, kartzelako lanean esaterako neurri luzetara ohitu dutelako bertsozalea. Bertsolariak buruan duena da doinu luzearekin errazago pilatuko dituela puntuak eta epaile batzuek ere joera hori izan dezakete beharbada, eta hor jai dauka Iker Zubeldia bezalako bertsolariak. Kontraesan handi bat dugu hor. Finalean sartuko diren bertsolari gehienek baino plaza askoz gehiago egiten ditu Zubeldiak. Gauzak aldatzen hasi ote diren nago, ordea. Aurtengo final laurdenetan, esate baterako, neurri motzagoak erabili dira kartzelakoan, eta gaia jarri eta minutu eta erdia baino lehen heldu diote lehen bertsoari eta txaloak bukatu orduko bigarrenari. Horretaz gain, txapelketak bertsolariari umorea lantzeko eremu gehiago eman behar liokeela uste dut. Nik neuk, bertsozale bezala, Lazkao Txikitik gehiago izango duen txapelketa bat probokatzera joko nuke. Jende asko doa ondo pasatzera txapelketara, umore bila, eta hortik gutxiegi ematen du.

Txapelketaren abantailatara itzuliz, saio arruntetan herriko edo inguruko jendea ikusten duzu. Txapelketako saioetan ia Euskal Herri osoko bertsozaleak. Elkar ikusteko leku ere badira saio horiek.
Hala da. Elkarretaratze eta festatik ere asko du. Euskal Herria aipatu dugunez, oso esparru gutxitan egin da Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko lotura bertsolaritzan bezala. Hezkuntza arautuan sartu eta zirkulua ixteko udalekutako mugidarekin lanean hasi ginenetik ohartu ginen mugaz gaineko loturak estutzeko bitarteko bat genuela eskuen artean. Aurtengo Bertso Eguna, esate baterako, gazte horiek ari dira genero ikuspegia erabiliz antolatzen. Bestela gertatuko ez ziren harremanak probokatu ditu bertsolaritzak. Aurten, BECen Terraza Zientifikoa deitu diogun esparru bat antolatu dugu kanpotik etorri diren gonbidatuak eta hemengo ikerlariak elkarrekin harremanetan jartzeko, eta gazte hauei hor presente egoteko aukera eskaini nahi diegu. Hizkuntzen erabileraren aldetik maila ona dute eta interesgarria ikusten dugu hor egotea. Mundutik gu ezagutzera datorren jendea izango da bertan: Galestik datozen ikerlariak, Alemaniatik datorren bat, Kataluniatik hamabost bat laguneko ordezkaritza dator, iparramerikarrak ere badatoz, Latinoamerikako inprobisatzaileak... Aipatzekoa da, gertuko fenomenoa delako, Katalunian ere indartzen hasi dela bertako inprobisazio generoa eta lehiaketa bat egiten hasiak direla. Berrehun bat inprobisatzaile ba omen dabiltza eta emakumezko asko tartean. Terraza horretan berrehun bat lagun bilduko dira eta tartean gure ikerlariak ere hor izango dira, gero eta unibertsitario gehiago ari baita bertsolaritzaren inguruko ikerketak egiten.

Mikel Laboa katedraren beka ere bertsolaritzaz lan bat egiteko izango da. Bitxikeria bezala esan dezadan, Madrilgo Kultura Ministerioko ordezkari bat ere etorriko da aurten: Unesco Etxearekin batera bertsolaritza ondare ez material gisa aitortua izan dadin pausoak ematen ari gara. Bi bide ikusten genituen horretarako. Lehena, munduko beste inprobisatzaileekin batera lortzea aitorpen hori. Baina azkenean bide horretatik bertsolaritzak diluituta bukatzeko arriskua zuela erabaki genuen. Bigarren bidea Espainia edo Frantziako kultur ministerioen bidez pausoak ematea zen, eta Madrilen izan ziren Maialen Lujanbio, Andoni Egaña eta Karlos Aizpurua aurkezpenean. Kultura Ministerioko funtzionario batek dei egin zigun harrituta eta sekulako loreak botaz. Hori ere badator sarrera erosita. Madrilen agintean zein dauden ikusita, nekez zabalduko zaizkigu ateak, baina saiatzen ari gara.

Txapelketa Euskal Herri osoko bertsozaleen topaleku dela esan dugu. Bada erdal eremuetako euskaldun berriak edo euskara ikasi dutenak euskaldun sentitzeko abagune bat ere.
Bai, bai, baina kontuz ibili behar dugu euskaldun berrien kontu horrekin. Hemen bertan ere, Goierrin, euskaldun berriak dira gazte gehienak, hezkuntzaren bidez iritsi direlako euskal hiztun izatera. Ikasle hauetako askok izan dute gela barruan bertsolaritzarekiko harremana, irakasle asko ausartzen direlako bertsoa baliabide gisa erabiltzera. Gabiriako nire adineko bertsozale asko sarrerarik gabe gelditu dira, baina Gasteizko nire emaztearen kuadrillakoek denek erosi dituzte sarrerak eta asko irakasleak dira. Euskaltegiekin ere harremanak izan ditugu.

Mexikon izan berri zara. Zer gogoeta egin dituzu?
Ni konplexu pixka batekin joan nintzen hara. «Zer ulertu behar digute?», nion nirekiko, guk eskuak poltsikoan sartuta kantatzen baitugu eta haiek gitarrak, biolinak eta perkusioa instrumentuak hartuta. Eta, hala ere, jende asko harritu egiten zen gurekin, halako ukitu espiritual bat zuela gureak esaten zuten batzuek, halako sotiltasun harrigarri bat. Miren Artetxe eta biok izan ginen. Eta hain zuzen ere, Miren Artetxe da Mikel Laboa katedraren beka irabazi duena. Iparraldeko bertsolari gazteen inguruan egingo du.

Erdal munduari txapelketaren berri emateko egin al da ahalegin berezirik?
Ikastaroa eman dugu erdal kazetariei oinarrizko informazioa emateko. Radio Euskadik interes handia agertu du eta jarraipena egiten ari da. ETB2k ere eman du txapelketaren berri, baina irudirik gabe gehienetan. Orain bi txapelketa egin genuen lan handia eremu horretan eta geroztik guztiek egiten dute jarraipen gutxieneko bat. Baina egia da gehiago landu beharko genukeela. Hedabideak aparte utzita, euskaltegietara bai jo dugu, euskara ikasten ari direnak gureganatzeko.

Txapelketaren antolaketak ahalegin izugarria eskatuko dio elkarteari.
Elkarteko langileak 73 dira uneotan, Euskal Herri osoan hezkuntza arautuan lanean ari direnak barne hartuta. Horientzako lan karga gehigarria da, asteburuak lanegun bihurtzen zaizkielako; eta ez txapelketa nagusian bakarrik, lurraldeka egiten direnetan ere bai. Baina horiez aparte, petoa jantzita borondatezko lana egiten duen jende piloa dugu eta horien artean bertsolariak dira asko. 500 boluntario inguru behar dira finalean eta saio bakoitzeko 50. Madrid Arenako ezbeharraren ondotik segurtasun neurriak gogortu egin dira, eta, gu, mitin politikoen edo ebanjelisten bataio masibo horiekin alderatu beharrean, kontzertuen zakuan jartzen gaituzte. Alferrik da esatea gure ikuskizunean jendea isilik eta eserita egoten dela; ez dute ulertzen edo ez dute ulertu nahi. Mitin politiko batean BECen 15.000 lagun sar daitezke eta gurean 13.700. Gauza horietan xahutzen dugu energia. Bestela, dugun jendearekin lan egitea gozamena da.

Egañak eskatu al du petorik?
Andoni Egañak peto asko janzten ditu elkartearen eguneroko lanean. Eranzten ikasi behar luke. Aulkiak jartzera etortzea errazago luke idazleekin elkarlanean, karikatura-egileekin, txistulariekin, musika bandekin eta beste hainbat esparrutan prestatzen ari garen egitasmoetan aritzea baino. Ez dago Andoniri peto gehiago janzterik.

Zu bi aldiz izan zara finalista, 1986an eta 1989an. Zer aldatu da ordutik hona?
Talde bat garen sentipena indartu egin da, eta, hala, gaur finalean sartu direnen kezka nagusia maila oneko finala egitea da. Gu 1986an Belodromoko oholtzara igo ginenean, kontsakratuei egurra ematera igo ginen gure ustez. Egaña, Sarasua, Sebastian Lizaso, Peñagarikano eta ni hasiberri samarrak ginen eta kontsakratuak Amuriza, Lopategi eta Jon Enbeita ziren. Gaurko finalistak, bestalde, askoz ere prestatuagoak iristen dira finalera, gauzak ondo egitera doaz. Beste erantzukizun bat dute. Ez dira bertako 14.000 lagunak bakarrik, telebistaren bidez beste hainbat milaka lagunengana iritsiko dira. 1986an lau argazkilari zebiltzan han bueltaka. Gaur ehunka kamera daude eta mundu osora zabaltzen da BECeko ikuskizuna. Mundua irekitzen ari zaigu. Gu Belodromora joan ginenean etxera begira bizi ginen.

Futbolean gertatzen den bezala, bertsolaritzan ohikoa al da forofoaren figura, zale itsuarena?
Badaude horretarako bizi direnak, zale itsuak alegia. Fisikoki itsua denak asko ikusten du, baina forofo itsuak berea bakarrik ikusten du, eta besteak ikusten duenik ere ez du sinesten. Badago bertsolaritzaz asko dakien jendea. Zale itsua izateko ez dago asko jakin beharrik. Horretarako bizi dira. Horrelako bat uzten duzu sarrerarik gabe eta akabo!

2005etik lehendakari zaude. Azken lau urte hauetan zer egin da ondo eta zer gaizki?
Azken lau urteak zailak izan dira. Mintzolarekin buruhauste asko izan ditugu berrantolatu dugun arte. Ahozkotasunaren zaku handiegi horretan pixka bat galduta sentitzen ginen. Hori berriro bideratzen indar asko xahutu dugu. Karlos Aizpuruak heldu dio Mintzolako Iker proiektuari, nahiz eta gure langile izaten jarraituko duen. Maider Garaikoetxeak jarraitzen du lehengo lantaldetik eta beste arloen ardura eramango du; Mintzolaren beraren lehendakaria elkarteko lehendakaria izango da. Datorren ikasturterako oso egitasmo potentea prestatu dugu. Ikastola Elkartearekin egin dugun hezkuntzarako hitzarmena ere aipatzekoa da. Lau urteotako lanik handiena hezkuntza arautuan egin duguna da. Eta ikerketaren arloa nabarmenduko nuke azkenik; Mikel Laboa katedrarekin lortu dugun akordioa ere garrantzitsua da. Lau urteotako alderdi negatiboen artean diru-murrizketen auzia dago, noski.

Ari al zara dagoeneko erreleboa prestatzen?
Prestatzen hasi beharko nuke. Ordezko izan daitezkeen hautagai oso onak ikusten ditut, baina horretako irizpideak finkatu beharko ditugu, eta, beste irizpideen artean, genero berdintasuna ere izan beharko dugu kontuan.