Ane ARRUTI VILLABONA

BECetik mundu zabalera, Terraza Zientifikoaren talaiatik

Euskal Herria BECera begira jarriko da bihar eta bertatik mundu osora zabalduko da leiho bat, Mintzola Fundazioak atonduko duen Terraza Zientifikoan izango diren ikerlari eta kantu inprobisatzaileen bitartez. Kuba, Mexiko, AEB, Gales, Katalunia eta Mallorkatik iritsitako 38 adituk, Euskal Herriko beste hainbat bertsolari eta ikerlarirekin batera, zuzenean jarraituko dute finala, momentuan hiru hizkuntzetan jasoko duten itzulpenari esker.

«Konturatu ginen munduan ez ginela bakarrak, eta ez genuela bakarrak izan nahi», azaldu zuen atzo Andoni Egaña bertsolariak, atzera begira jarrita. 1995-1997 urteez ari zen, orduan ekin zion Bertsozale elkarteak Kubako dezimistekin harremanak jorratzeari. Bertsolaritza ez baita inolaz ere kantu inprobisatuaren adibide bakarra, eta elkarrekin ikasi eta aberastu nahi dute guztiek, horretarako elkarguneak topatuz.

2003an egin ziren Donostian kulturarteko topaketak, Kuba, Mexiko, Argentina, Georgia, Katalunia, Mallorca, Menorca eta Portugaleko inprobisatzaile eta ikerlariekin, «eta ahalegindu ginen arren, ezin izan zuten egon amazighek eta marokoarrek», esan zuen Egañak. Geroztik anitzak izan dira ekimenak. Mexikon izan berri dira, esaterako, bertsolaritzaren transmisioari buruzko doktore tesia egiten ari den Miren Artetxe eta Bertsozale elkarteko lehendakari Iñaki Murua. «Bertsolaritzaz gain, munduan dauden beste kantu inprobisatuak ezagutarazi eta elkarren arteko trukea sustatu nahi da. Batetik, beste ahozko inprobisazio kantatuen esperientzietatik ikasteko; eta bestetik, bertsolaritza, eta berarekin batera euskara, munduan ezagutarazteko», azaldu zuten atzo.

Joan den urritik hona, Munduko Kantu Inprobisatuari buruzko Jardunaldiak egin dituzte Villabonan, Mintzola Fundazioak abaro duen Subijana etxean. Amaiera biribila emateko, bertan parte hartu duten gehienak Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean izango dira bihar, Terraza Zientifikoa deitu dioten munduari zabaldutako leiho berezi horretan.

Bertako eta kanpoko, 38 kide izango dira bihar adituen terraza horretan eta finaleko bertsoak zuzenean itzuliko dizkiete katalanera, gaztelaniara eta ingelesera. Atzoko aurkezpenean orain arteko inpresioak plazaratu zituzten zenbaitek. Patricia Tapanes kubatar soziologoak esan zuenez, «kantu inprobisatua Kuban landa eremuarekin identifikatzen da, tradizioarekin. Hemen duzuen antolakuntza, komunikazioa, `retroalimentazioa'... Izango dituzue gabeziak, baina garrantzitsuena baduzue, batasuna». Inprobisazioak identitatearekin duen lotura ere adierazi zuen, «oso uharte txikia gara, baina garena, gure identitatea eta gure iraultza defenditzen ditugu».

Ana Zarina ikerlari eta trobadore mexikarrarentzat bertsolaritzak duen «autoantolakuntza» da deigarriena. «Gaizki sentitu nintzen, Mexiko oso herrialde anitza da eta inprobisatzaileak oso zatituta gaude. Bakoitzak helburu ezberdinak ditu, erritual moduan batzuek, ondo pasatzeko beste batzuek... Mintzolaren adibideak itxaropena piztu dit gure artean elkarguneak topatu eta aurrera egiteko».

Txapelketaren «B aldea», «Bertsolari» aldizkarian

Kaleratu berri den «Bertsolari» aldizkariaren neguko aleak Txapelketa Nagusiari erreparatu dio baina, oholtza gainean ikusten denari baino gehiago, inguruan mugitzen den jende mordoaren lanari. «Txapelketaren B aldea» izeneko erreportajean, antolakuntza taldekoek azpimarratzen dutenez, «antolaketa aulkiak jartzea baino gehiago da. Gai-jartzaile, bertsolari nahiz epaileen arteko kohesioa beharrezkoa da engranaje handi honek funtziona dezan». Gai-jartzaileen taldetik Inaxio Usarralde, Saroi Jauregi eta Iker Iriarte elkarrizketatu dituzte. Puntuak, komak eta hitzen ordena. Den-dena adostu behar da», dio Jauregik. Bertsolarien prestaketen berri eman dute Agin Laburuk, Fredi Paiak eta Karlos Aizpuruak. Epaileen betebeharrez, zalantzez edo metodologiaz ere hitz egin dute. «Oraindik ez dugu egin gimnasia erritmikoan bezala, batek errimari erreparatu, besteak gaiari, besteak dialektikari...», azaltzen dute. Ikerlariek esparru ezberdinetan egindako aurrerapausoak ezagutzera eman dituzte eta txapelketa jarraitzen ari diren kazetariekin ere hitz egin dute. «Saioa bukatu eta erlojuaren kontra zure lana ongi egitea tokatzen zaizu», dio GARAko Amagoia Mujikak. GARA