NAIZ.INFO
PASAIA

Trintxerpeko suteak kaltetutako hainbat familia beren etxeetara sartu dira, ondasunak hartzera

Trintxerpen izan zen suteak kaltetutako hainbat familia beren etxeetara sartu dira gaur goizean, garrek kiskali ez zituzten ondasunak hartu ahal izateko.

Bi bizilagun, berreskuratu dituzten ondasunekin. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Bi bizilagun, berreskuratu dituzten ondasunekin. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Trintxerpeko Euskadi Etorbidearen 5. eta 7. zenbakietako bizilagunak beren etxeetara sartu dira gaur goizean, urte zahar gauean izan zen suteak kiskali ez zituen objektu pertsonal eta ondasunak hartzera.

Bizilagunak udal teknikariekin eta larrialdietarako zerbitzuetako langileekin sartu dira kaltetutako etxeetara, taldetan. Gehienez etxebizitzen barruan ordu erdi egoten utzi diete.

Goizean zehar berriro udal ordezkariekin bilduko dira suteak kaltetutako bizilagunak, egoera aztertzeko eta azken orduko berriak jasotzeko.

Lakuako Gizarte Politiketarako sailburu Juan Mari Aburtok atzo esan zuenez, Gobernuak Pasaian dituen etxebizitza sozialak jarriko ditu kaltetuen eskura.

Elkartasuna

Sutearen ondorio larriak ezagutu zirenetik etxea galdu dutenekiko elkartasuna izan da nagusi Trintxerpen eta Pasaia osoan. Bizilagunek arropa, jostailu, janari eta bestelako objektuak jasotzeko deia egin dute datorren iganderako. Trintxerpeko merkatuan eta Alkate-Ordetzaren egoitzan utzi ahal izango dira, besteak beste. Pasaiako eta inguruko hainbat saltokik ere bat egin dute eta beren lokalak eskaini dituzte.

Diru ekarpenak egiteko kontuak

Kutxako Gizarte Ekintzak eta Laboral Kutxak kontu bana ireki dute, suteak kaltetutakoei diru ekarpena egin ahal izateko. Honakoak dira:

-Laboral Kutxa: 3035 0010 850101103875

-Kutxa: 2095 0611 05 1064186140