NAIZ.INFO
IRUÑEA

Ustelkeria politikoaren aurkako manifestazioa egingo dute Iruñean

Ustelkeria politikoa salatzeko manifestazioa egingo dute gaur arratsaldean Iruñean, Kontuz elkarteak deituta. Herritarrei kalera ateratzeko deia egin die, beren «haserrea eta nazka» adieraz dezaten, ideologiak alde batera utzita.

Kontuzen agerraldia, manifestazioa deitzeko. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)
Kontuzen agerraldia, manifestazioa deitzeko. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)

Kontuz elkarteak deituta, ustelkeria politikoa salatzeko manifestazioa egingo da gaur arratsaldean Iruñean, 17.30ean, Golem zinemetatik abiatuta. ‘Ustelkeriarik ez’ leloa izango du.

Idoia Nieves Ogasuneko zuzendari ohiak otsailaren 11n Nafarroako Legebiltzarreko batzorde batean Lourdes Goicoechea Ekonomia eta Ogasun sailburuaren aurka egin zituen akusazioek UPNren Gobernuaren «ustelkeria» agerian utzi dutela uste du Kontuzek, eta horregatik salaketa aurkeztu du Auzitegi Goren espainolean aipatu sailburuaren aurka, prebarikazioa eta beste hainbat deliturengatik. Salaketa tramitera onartu du epaitegiak.

Ustelkeriaren aurrean herritarrek beren «nazka, haserrea eta atsekabea» adierazi behar dutela uste du Kontuzek, eta horregatik gaur arratsaldean kalera ateratzeko deia egin du, ideologiak alde batera utzita.