Apiriletik aurrera Euskal Herritik makina bat brigada irtengo dira munduko leku ezberdinetara. Lehendabizi gauzak behar bezala prestatu behar dituzte egunotan. Horretarako, beste gauza askoren artean, izena emateko epeak zabaldu dituzte brigadak antolatzen dituzten Komite Internazionalistek eta Askapenak. Martxoaren azken egunera arte izango dute horretarako aukera irakurle interesatuek.
Kronologikoki Komite Internazionalistak erakundeak Kurdistanera joateko antolatu duen brigada da lehenengoa, martxoan irtengo baitira brigadistak. «Lehen ere joan izan gara Kurdistanera. Aurten Newroz festan esku hartuko dugu eta bertako emakume eta gazte elkarteekin egongo gara», azaldu dio GAUR8ri Mertxe Gomezek. Herri boterea indartzeko Kurdistanen emandako urratsak ere ezagutu nahi dituzte, eta udan berriz joatekoak dira, agian Mendebaldera (teorian Siriaren administraziopean dauden lurraldeetara).
Herri musulmanak
Palestinara eta Saharako lurralde okupatuetara ere apirilean joango dira Komite Internazionalistetako brigadistak. Sahara Mendebaldeko errepresioaren aurkako mugimenduarekin harremanetan jartzeaz gain, bertako elkarteekin eta sindikatuekin egongo dira brigadistak. Ez dute baztertzen Ramadana pasa ondoren, abuztuan edo irailean, beste brigada bat bidaltzea.
Palestinara askotan joandakoak dira. Bertako ekintzaileekin oso harreman estua dute. Une honetan, palestinar herriarekiko elkartasuna adierazteko modurik onena BDS boikot kanpaina indartzea dela uste dute.
Askapenak aurten ere antolatuko du Saharako lurralde okupatuetarako brigada, iaz bezala. Askapenako brigadistak uztailetik aurrera irtengo dira.
Iaz ere bisitatu zituzten Argentina eta Uruguai (brigada berean), Bolivia, Venezuela eta Palestina ere aurtengo eskaintzan ageri dira. Uruguaikoa da nabarmentzeko modukoa, aurten Filtroko gertakarien hogeigarren urteurrena ospatuko baita. Orain hogei urte, Montevideon egindako hiru euskal iheslariren aldeko manifestazioan, Poliziak bi lagun hil eta ehunka zauritu zituen.
Venezuelako egoera
Latinoamerikan garatzen ari diren «herri botere esperientziak ezagutuko dituzte brigadistek: auzoetako dinamikak, lantegi berreskuratuak eta beste asko», adierazi dio GAUR8ri Julen Zulaika Askapenako kideak.
Bolivian eta Venezuelan abian dauden aldaketa prozesuak aztertzeko parada izango dute. Lehen kasuan, jatorrizko herrien borrokak protagonismo berezia izango du. Venezuelan gauzak nola dauden ikusita, egungo agintariek udan boterean jarraituko ote duten galdetu diogu. «Ordura arte eutsiko diote», dio zalantza izpirik gabe.
Venezuela udan bisitatuko dute Komite Internazionalistetako brigadistek. Baita Mexiko ere. Azken herrialde horretara askotan joandakoak dira. Talde feministak eta errepresioaren aurkako erakundeak ezagutzea da lehentasuna, «herri mugimenduetako zenbat buru desagerrarazi edo espetxeratu dituzten kontuan hartuta», Gomezen hitzetan.
Ingurumena suntsitzen duten proiektu erraldoien aurkako borrokak ere bertatik bertara aztertzeko asmoa dute Komite Internazionalistetako brigadistek.
Diada Katalunian
Gainera, Komite Internazionalistetako brigadek Alemania eta Grezia bisitatuko dituzte udan, «borrokan ari diren herrialde guztietan egin behar baita internazionalismoa, ez Hirugarren Mundua bezala ezagututako herrietan bakarrik».
Grezia Troikak ezarritako austeritate politiken biktima da eta herritarrek bertan eman dituzten erantzunak aztertuko dituzte brigadistek. Alemaniako egoera oso bestelakoa da, baina bertan ere kapitalismoaren aurkako borroka aspaldi hasitakoa da eta feminismoaren, okupazioaren, energia nuklearraren, antimilitarismoaren eta internazionalismoaren inguruan lan egiten duten taldeekin egongo dira.
Herrialde Katalanetara joango da irailean Askapenako brigadetako bat. Datak erabat itxi gabe badauzkate ere, Diada egunean (irailak 11) bertan egon nahi dute, «egun hori oso garrantzitsua izango baita Kataluniako Printzerriarentzat. Edonola ere, brigadak Alacantetik hasi eta Perpinya bitarteko herri ezberdinak bisitatuko ditu, ez Kataluniakoak bakarrik», Zulaikak esplikatu duenez.
Gamonal
Azaroan Katalunian egitekoa den erreferendumak (Gobernu espainolak zer egiten duen ikusi behar) sekulako protagonismoa emango dio aurten herri horri hedabideetan, oso egun erabakigarriak bizi dituen seinale, «bere kontraesanak eta guzti. Ikusi eta ikasi egin beharko dugu».
Aragoi eta Gaztela Askapenako brigada berak bisitatuko ditu udan. Kasu horietan ere herri boterearen esperientzia zehatzak ezagutu nahi dituzte, auzoetan-eta sortzen ari direnak, azken bolada honetan hain ezaguna egin den Burgosko Gamonalekoa, esaterako. Gainera, bertako ezker independentistaren proiektua ezagutzea ere brigadisten lehentasunen artean ageri da. Errepresioaren inguruan herri horietan egiten ari diren lana ere ezagutu nahi dute.
Euskal Herriaren alde Madrilen
Julen Zulaikak gogorarazten du brigada guztiek egiten dutela Euskal Herriko egoera kanpoan ezagutarazteko ahalegina. «Euskal Herriak bizi duen momentu politikoa azaldu nahi diegu, errepresioa, epaiketak... Askapenako brigadak beti izan dira joan-etorriko kontu bat. Elkartasuna landu behar dugu bertako herritarrek ere agintari espainolak estutu ditzaten. Herri horietako eragile batzuek dagoeneko erakutsi dute Euskal Herriarekiko elkartasuna. Horiei gure indarra eta babesa eman nahi diegu. Kontuan hartu behar da ez dela gauza bera Euskal Herriaren alde Argentinan egitea edo Madrilen egitea, esaterako».
Gomezek brigadek Komite Internazionalisten lanean duten garrantzia nabarmendu du. «Urte osoan zehar askapen prozesuak bizitzen ari diren herrien alde salaketa eta mobilizazio mailan eta analisi lanean egiten dugun lana gorpuzten dute brigadek», esan du.
Brigadatan esku hartzea ez da turismoa egitea. «Jarrera bat eskatzen du, ezagutzea, esnatzea, konpromisoa, esperientzia, elkar trukea, elkartasuna... Brigadista izatea herrien askapen borrokan ari garenon arteko harremanak eraikitzea da», dio Askapenak.

El actor Sambou Diaby, expulsado de un bar de Bilbo acusado de mantero: «Aquí no puedes vender»

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca

