@arianekamio
Belfast

Ttipi, ttapa, ttipi, ttapa… Gaelikoaren alde Korrika Irlandan

Martxoaren 7an abiatu zen Rith 2014 Corketik. Euskal Herrian bi urtez behin egiten den Korrika eredu hartuta, hegotik iparrera Irlanda zeharkatzen ari da gaelikoaren aldeko lasterketa. Larunbatean amaituko da Belfasten.

)

Gaeilge edo gaelikoa da Irlandako jatorrizko hizkuntza. Bere egoera, hiztun kopurua eta erabilera maila ez daude, ordea, egoerarik onenean. Egun, bere hiztun kopurua ez da bi milioi lagunetara iristen. Irlandako hizkuntza ofiziala baldin bada ere, gutxitutzat jotzen da gaur egun.

Gaelikoari bultzada emate aldera, 2010ean egin zen lehenengoz Rith bezala ezagutzen den Korrika irlandarra.

Aurtengoa martxoaren 7an abiatu zen Corketik, Baile Bhuirnetik, zehatzago esanda. Hegotik iparrera ari da zeharkatzen gaelikoaren aldeko lasterketa, 1.000 kilometro baino gehiagoko ibilbidean.

Euskal Korrikan egin ohi den moduan, lekukoa eskuz esku igarotzen da kilometroz kilometro barnean daraman mezu sekretua amaieran irakurtzen den arte. Aurtengoan, larunbatean jakingo da lekuko horrek barruan zein mezu daraman. Belfasten izango da, amaiera ekitaldian.