NAIZ.INFO
BILBO

Santiago katedrala eta inguruak lepo bete dira Iñaki Azkunari azken agurra emateko

Iñaki Azkuna Bilboko alkateari azken agurra emateko hileta-elizkizunak eguerdian egin dira Santiago katedralean. Agintari eta herritarrek lepo bete dute eliza eta kanpoan ezarri dituzten pantailen inguruan ere milaka lagun bildu dira elizkizuna zuzenean ikusi ahal izateko.

Santiago katedralaren kanpoaldean jarraitu dute askok elizkizuna. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Santiago katedralaren kanpoaldean jarraitu dute askok elizkizuna. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Mario Iceta gotzainak gidatuta eta 50 apaiz ingururekin, eguerdian puntuan hasi da Santiago katedralean Iñaki Azkunaren aldeko hileta-elizkizuna. Katedralaren barruan eta kanpoaldean 4.000 eserleku inguru prestatu dituzte meza jarraitzeko, eta guztiak bete dira. Elizaren barruan zazpi pantaila jarri dituzte eta kanpoan beste bat. Plaza Berrian beste bi pantaila jarri ditu Udalak, eta Alde Zaharrean ere bai.

Goizeko lehen ordutik ilara luzeak sortu dira Santiago katedralera sartu ahal izateko, goiztiarrenak 7.30ak inguru han zeuden.

Elizkizunera agintari ugari joan dira, hirikoak nahiz Euskal Herriko gainerako erakundeetakoak. Iñigo Urkullu lehendakaria; Jose Antonio Ardanza, Carlos Garaikoetxea, Juan Jose Ibarretxe eta Patxi Lopez lehendakari ohiak; Lakuako Gobernuko sailburuak; Bizkaiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbao eta Donostia, Bilbo eta Gasteizko alkateak, besteak beste. Agintari guztiak Arriaga antzokian bildu dira eta handik katedralera joan dira. Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia ere Arriagan izan da eta ondoren elizara joan da Azkunaren familia agurtzera eta senideei doluminak ematera, baina ez da hiletan gelditu.

Estatu espainoletik, Soraya Saenz de Santamaria Gobernuko presidenteordea Felipe Borboikoa eta bere emazte Letizia Ortizekin iritsi da. Madril, Bartzelona, Sevilla eta Kordobako alkateak ere Bilbon dira, beste batzuen artean.

Horretaz gain, botere judizialaren, espainiar Armadaren, Ertzaintzaren, Guardia Zibilaren eta Polizia espainolaren ordezkariak ere hiletan izan dira, baita alderdi politiko, enpresaburu, sindikatu, unibertsitate, kultura eta kirol alorreko ordezkari ugari ere.