Arantxa MANTEROLA

Abertzaleek aukera onak dituzte Ahetze, Uztaritze eta Urruñan

Gaurko udal hauteskundeen bigarren itzulian parte hartuko duten hautagaientzat aste kartsua izan da, batez ere Hendaia, Urruña, Uztaritze, Ziburu, Maule, Senpere, Bokale eta BAB eskualdeko hiru hirietan. Orain herritarren txanda da.

Amaitu dira kanpainako ika-mikak, aurrez aurreko debateak eta botoa eskatzeko lasterketak. Joan den igandeko lehen itzulian inork bozen gehiengo absolutua lortu ez zuen herrietan, boto-emaileek hautes-bulegoetara jo beharko dute gaurkoan berriro lehia trenkatzeko.

1.000 biztanletik gorako herrietan ez dira aliantza asko izan. Abertzaleek bat egin dute PSko hautagaitzekin Hendaian eta Ziburun, eta, alderantziz, Urruñan. Baionan, berriz, Ezkerreko Frontea Jean-Claude Iriartek gidatzen duen abertzale eta ezkertiarren zerrendari atxiki zaio, eta Ahetzen gauza bera egin du Pereira independenteak Capendeguyren hautagaitzarekin. Gainerako herrietan, bakarrik aurkezten dira.

Sei herritan kudeaketa ardurak erdiesteko aukera asko dituzte abertzaleek. Are, alkatetza ere eskura dezakete Uztaritzen, eta, beharbada, baita Urruñan, Ahetzen eta Arbonan ere.

BAB eskualdean, lehia estua

Norgehiagoka nagusiak Baionan, Biarritzen eta Angelun izango dira, halere. Bi lehenetan, urte luzez auzapez izandako Jean Grenet eta Didier Borotraren karguak bereganatzeko lehia zinez sutsua izaten ari da.

Aukera gehien dituzten hautagaiek indarrak metatzeko ahaleginean kanpoko alderdikide edo hautetsi ezagunen laguntza jaso dute kanpainan zehar. Baionan, adibidez, Jose Bove eurodiputatuak Henri Etchetorentzat eskatu du boza (sozialistaren zerrendan badira ekologistak ere). Bordeleko alkate eta ministro ohi Alain Juppe, berriz, Biarritzeraino etorri zen UMPko Max Brisson sostengatzera.

Bi hiriotan indarrak nahiko parekatuta dituzte aurkari nagusiek. Lapurdiko hiriburuan Baiona 2014 hautagaitzak jaso dezakeen babesa erabakigarria izan daiteke auzapez nor izanen den finkatzerako garaian, Jean-Rene Etchegaray zentrista edo Etcheto sozialista.

Angelun, aldiz, egungo alkate Jean Espilondok (PS) Claude Olive UMPkoaren aurrean arazo asko izango ditu bere eserlekua berriro bereganatzeko.

Bokalen aspaldiko urteetan Herriko Etxea gobernatu duen Marie-Jose Espiaube komunista ere larri ibiliko da, Michel Etchebest bezala Maulen. Ia segurtzat jo daitekeena da Azkainen eskuineko Jean-Louis Laduchek ez duela bere kargua berrituko, lehen itzulian lau hautagaien artean azkena geratu baitzen.

Abstentzioak ere paper garrantzitsua izango du gaur. Duela astebete %32,30ra iritsi zen.