@aimar_etxe
Donostia

Oposizioak Gipuzkoan garatu duen «desgaste estrategiak» ez du funtzionatu EH Bilduren arabera

Pasa den igandeko hauteskundeek Gipuzkoan utzitako emaitzen balorazioa egin du EH Bilduk. Haren esanetan, «oso onak» izan dira, eta oposizioko alderdiek –EAJ, PSE eta PP– koalizio independentista herrialdea gobernatzera iritsi zenetik garatu duen «desgaste estrategiak» ez duela funtzionatu nabarmendu dute.

Iñaki Ostolaza eta Joxean Agirre, EH Bilduk Gipuzkoan lortu dituen emaitzen balorazioa egiten. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Iñaki Ostolaza eta Joxean Agirre, EH Bilduk Gipuzkoan lortu dituen emaitzen balorazioa egiten. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Pasa den igandeko hauteskundeen Gipuzkoako balorazioa egin du EH Bilduk. Emaitza «oso onak» izan direla nabarmendu dute, koalizio independentistak herrialdean gero eta atxikimendu maila handiagoa duela azpimarratuz. Iñaki Ostolaza eta Joxean Agirrek hartu dute hitza, azken honek euskaraz.

Euskal Herri mailan lortutako emaitzak goraipatu ostean –Josu Juaristik europarlamentario eserlekua lortu izana eta Hego Euskal Herria lehen indar politikoa izatea nabarmenduta–, Gipuzkoan gatazkaren konponbidearen eta erabaki eskubidearen aldeko bozkak gailendu direla aldarrikatu dute.

Zentzu horretan, hauteskunde ziklo oso baten herrialdean lehen indarra izan direla goraipatu dute, eta hainbestetan aldarrikatu duten «eredu politiko berria» jada eraikitzen hasiak direla adierazi dute. Gauzak horrela, bi eredu politiko daudela esan dute, eta eurena izan dela herritarrek saritu dutena aldarrikatu. «Beste ereduak –EAJri erreferentzia eginez– gero eta zailtasun handiagoak ditu etxikimenduak biltzeko», azpimarratu dute.

EAJ, PSE eta PPk EH Bildu herrialdea gobernatzera iritsi zenetik garatu duten «desgaste estrategiak» ez duela funtzionatu ohartarazi dute, eta eurak Gipuzkoa «eraldatzen» jarraituko dutela aldarrikatu dute, «pertsonak eta hauen beharrak ardatz hartuta».

PSE eta PPk izan duten gainbehera ere izan dute hizpide, «maldan behera» doazela adieraziz. Herritarrek aipatu bi alderdiak «bake prozesua blokeatu nahi izateagatik» zigortu dituztela adierazi dute.