Nerea Goti
BILBO

Manifestazio jendetsua Ondarroan eta elkarretaratzea Baionan, preso gaixoen alde

Preso gaixoen askatasuna eskatzeko, mobillizazioak izan dira gaur Ondarroan eta Baionan. Bizkaiko udalerrian, jende andana bildu da herriko bizilaguna den Ibon Iparragirre eta gaixotasun larriak dituzten gainontzeko presoak aske utz ditzaten eskatzeko. Kezka handia dago herrian, bere osasun egoera okerrera egin duelako kartzeleratu zutenetik. Baionan, elkarretaratzea egin dute Suprefekturaren aurrean, Ibon Fernandez Iradi aske usteko eskatuz.

Ondarroan egindako manifestazioa. (Marisol RAMÍREZ / ARGAZKI PRESS)
Ondarroan egindako manifestazioa. (Marisol RAMÍREZ / ARGAZKI PRESS)
«Giza eskubideak, konponbidea, bakea. Gaixo dauden presoak etxera» lelopean, milaka lagunek hartu dute parte eguerdian Ondarroan izan den manifestazioan. Angelita Burgoa, Ibon Iparragirre presoaren ama, joan da hasierako pankartan. Mobilizazioan, presoen senideek hartu dute parte.

EH bilduko parlamentari eta batzarkide ugari izan dira martxan, baita Ondarroa, Aulesti, Lekeitio eta Markinaxo alkateak ere. Preso eta errefuxiatuen eskubideen alde jaio den Konponbidea izeneko ekimen herritar berriaren bultzatzaile den Teresa Toda kazetaria ere egon da Ondarroan.

Iparragirren lagun bik bihotz handi bat eraman dute manifestazioan zehar. «Maite dugulako eta etxean bizirik nahi dugula esan nahi dugu», azaldu dute. Martxa osoan zehar, «preso gaixoak etera» eta «presoak kalera, amnistia osoa» oihuak entzun dira.

«Giza eskubideak errespetatuak eta beteak izan daitezen aldarrikatzen jarraituko dugu. Gatazkak eta euskal jendarteak behar duen konponbidea exijnitzen eta eskuratzen, bake eszenatoki nbat guztion aretan eraikitzen», adierazi zuten bukaeran Iera Arantzamendi Iparra Galdu Baik plataformako kideak eta Inar Olano Gari Arruarte preso hernaniarraren lagunak irkurritako testu batean. «ez dugu etsiko egitasmo horretan, ezta pentsatu ere! Presoak eta iheslariak etxeratuko dituen sare herritarra ehuntzen jarraituko dugu, gaixo dauden presoak eta gainonzteko guztiak etxera etorri arte. Guztion artean lortuko dugu», nabarmendu zuten.
 
Ondarroarrak gaixotasun larria du eta espetxealdia etxean ari zen betetzen. Martxoaren 7an atxilotu egin zuen Ertzaintzak eta ordutik Basaurin zegoen, baina orain dela egun batzuk Navalcarnerora urrundua izan da.

Bere senide eta gertukoek salatu dutenez, bere osasun egoerak okerrera egin du berriro espetxeratu dutenetik. Preso sozial baten erasoa jasan du eta baita bi funtzionariorena. Gainera, epilepsia atakeak saihesteko hartzen zituen botikak ez dizkiotela ematen adierazi dute, beste batzuk baizik.

Iradi, erabakiaren zain
Ibon Fernandez Iradik ezarri zioten zigorra eteteko eskaera egin zuen duela urtebete, gaixotasun arrazoiak tarteko. Izan ere, gaixotasun larria du –esklerosi anizkoitza– preso lasartearrak eta eritasun hori egoki artatzeko osasun arloko ekipo pluridiziplinar baten zaintza behar du: neurologo, psikatra, logopeda, oftalmologa, fisioterapeuta... Kartzelan dagoen egoeran gaixotasunak okerrera egin du.

Erabakia ekainaren 20an emango dute. Lannemezango espetxean dago Fdez. Iradi eta epaileak izendatutako bi medikuk diotenez, presoaren eritasuna ez da kartzelarekin bateragarria.