@zalduariz | GAUR8
Bartzelona

Via Catalana: Herri oso bat martxan jarri zuen giza katea

Katalunia iparraldetik hegoaldera zeharkatu zuen giza katearen funtsa biltzen du «17.14, L’hora del poble» liburuak. Liburuaren egileekin zein giza katea antolatzeko lanetan buru-belarri aritu ziren hainbat kiderekin bildu gara, halako egitasmoen atzean biltzen dena aztertzen saiatzeko.

Ezkerretik eskuinera, Joan Serra, Anna Rosendelf eta Ignasi Termes, ANC Biltzar Nazional Katalaneko kideak. (Albert GARCIA)
Ezkerretik eskuinera, Joan Serra, Anna Rosendelf eta Ignasi Termes, ANC Biltzar Nazional Katalaneko kideak. (Albert GARCIA)

Ez da zaila izan ANC Biltzar Nazional Katalaneko hiru ahots lortzea erreportaje hau egiteko. «Gure esperientziak zerbaiterako balio badizue, aurrera», esan zuen segituan Joan Serrak, ANCko komunikazio arduraduna herri mugimenduaren hastapenetik bertatik. Serra bera eta ANCko komunikazio alorrean bertan lan egiten duen Anna Rosenfeld dira “17.14, L’hora del poble” liburuaren egileak, pasa den irailaren 11n Katalunia iparraldetik hegoaldera lotu zuen katearen nondik norako guztiak azaltzen dituen liburua. Haiekin elkartu gara bizitakoaren laburpen bat egin dezaten, baita Ignasi Termes ANCko idazkaritza nazionaleko kidearekin ere. Via Catalana deitutako giza kateko protagonistak parte hartu zuten bi milioi lagunak izan arren, horrelako mobilizazioek badituzte izen propioak ere, eta horietako bat izan zen Termes, egun hartan –eta aurreko hilabeteetan– giza kateko koordinatzaile nazionala izan baitzen Ferran Civitekin batera.

ANCko egoitzan dugu hitzordua, Eixampleko etxabe batean kokatutako bi pisuko lokal modernoan. ANCren gorakada etengabearen seinale dudarik gabe, batek gogoratzen baitu duela soilik bi urte elkarrizketak CIEMEN erakundeak utzitako bulego txiki batean eskaintzen zituztela, garai hartan egoitza propiorik ere ez zuten-eta.

Lehen galdera bakarra izan zitekeen: nola bururatu zitzaizuen 400 kilometroko giza katea osatzea? Historian atzera salto egiten du Serrak lehen erantzuna emateko. «Bide Baltikoa aztertzean, batek baino gehiagok pentsatu zuen hemen Katalunian noizbait horrelako zerbait egin behar genuela», dio, 1989an Estonia, Letonia eta Lituaniako hiriburuak independentzia eske lotu zituen giza kateari erreferentzia eginez. Josep Maria Virgili izan zen horietako bat, Serrak dioenez: ANC jaio zen asanbladan bertan, 2011ko urrian, proposatu zuen giza kate bat independentzia aldarrikatzeko. «Une hartan inork ez zuen aintzat hartu proposamena, nahiko eroa iruditu zitzaion entzun zuen orori», aitortu du orain Serrak.

Baina urte bete bakar batean gauzak asko aldatu ziren Katalunian, Ronsenfeldek gogora ekarri moduan: «2012ko Diadan Katalunian gogoratzen den manifestaldirik handiena antolatu genuen, milioi eta erdi pertsonarekin Bartzelonan; manifestazio perfektua izan zen, gaindiezina». «2013an beste manifestaldi klasiko bat antolatu izan bagenu alderaketak saihestezinak izango lirateke, eta, bi milioi pertsonako mobilizazioa lortuta ere, sentsazioa aurreko urtekoaren parekoa izango zen, eta independentismoaren geldialditzat har zitekeen», gehitu du Joanek.

Hasieratik izan zuten argi, beraz, 2013rako mobilizazio formatua aldatu nahi zutela. Baina zer egin? «Denetarik iritsi zitzaigun, batzuk proposamen ahulak, beste batzuk zinez ezinezkoak. Baina, azkenean, oso antzeko bi proposamen iritsi zitzaizkigun bi toki desberdinetatik: giza katea», azaldu du Serrak. «Orduan hasi ziren nire bizitzako hilabeterik bizienak», hitz egiten du lehen aldiz Termesek.

«Nik eta Ferran Civitek giza kate hori nola egin pentsatu eta posible zen edo ez asmatzeko mandatua jaso genuen; 2013ko martxoaren hasiera zen eta bi aste geroago ANCren urteroko biltzar nazionala geneukan egutegian, hurrengo irailaren 11n zer egin behar genuen iragartzeko data», jarraitu du Termesek. Bi aste horiek gogora ekarri ditu jarraian: «Autoarekin gora eta behera ez geundenean mapak aztertzen ari ginen. Behin baino gehiagotan erabili nituen mapak maindire gisa lo-kuluxka egiteko!». Bi asteren buruan, bere epaia argia izan zen: «Erronka erraldoia zen, baina, ongi antolatuz gero, iparraldetik hegoaldera zihoan 400 kilometroko giza katea osa zitekeen. Nola? 500 metroko 800 giza kate txiki eginez, hau da, ibilbidea banatu eta modu deszentralizatuan antolatuz».

Ideiatik paperera: plangintza

Ideia horrekin, eta oraindik duda askorekin, 2013ko martxoan eman zuten ezagutzera hurrengo Diadako ekintza nagusia: Katalunia iparraldetik hegoaldera lotuko zuen 400 kilometroko giza katea, El Pertús herritik Alcanar herrira, baita harago ere, Ipar Katalunian abiatutako giza katea Valentzian hedatzeko asmoa ere baitzuten Herrialde Katalanen batasuna aldarrikatzeko asmoz. Galderak zuzenean etorri zitzaizkigun burura aurkezpen ekitaldian bildutako kazetarioi: zenbat jende beharko zen? Nola antolatuko zuten? Nola lortuko zuten jendea herririk gabeko kate zatietara joatea? Nola finantzatuko zuten ekimena?

ANCko ordezkariek ez zuten inolako erantzunik eman. Aldez aurretik hala erabakita zutela pentsatu genuen gehienok, baina, dagoeneko urtebete baino gehiago pasatuta, Termesek arrazoia beste bat zela aitortu digu: «Ez genuen ideiarik, ez genekien zer erantzun ez geneukalako deus ere prestatuta. Bueno, ez da guztiz egia –gaineratu du pentsakor–, hasieratik kalkulatu genuen behar bezala egiteko, kateak 400.000 pertsona beharko zituela gutxienez, baina hori apropos isildu genuen, ahal bezainbeste jende nahi genuelako mobilizazioan eta zifra bat esanda, jendea bere kalkuluak egiten hasiko zelako».
Ordura arte ANCko idazkaritza nagusiko kide batzuek soilik zuten giza katearen berri, beraz, lehen eginbeharra proposamenak izandako harrera ezagutzea zen. «Gehiengoa pozik eta animatuta agertu zen arren, batzuk burumakur aurkitu genituen, ezinezkoa zela, ANCren izen ona pikutara bidaliko genuela horrelako mobilizazio baten porrotarekin, eta abar. Baina deialdia egina zegoen jada eta egin beharreko lanak ez zuen gehiegi pentsatzeko denborarik uzten», nabarmendu du Rosenfeldek. «Arazo nagusia Lleidako talde batzuekin izan genuen», gehitu du Serrak, ez baitzuten ulertzen giza katea beren herrialdetik ez pasatzea. «Baina tira, azkenean, hitz eginda ulertzen du elkar jendeak eta ongi azaldu genien ibilbide posible bakarra zela, errepide sarearen ezaugarriengandik, biztanle dentsitatea kostaldean kontzentratzen delako, eta abar», dio Termesek, honakoa gehituz: «Dena den, jendea soberan bazegoen, Lleidara iritsiko zen adar bat eginen genuela promes egin behar izan genien, lasai gelditzeko».

Lleidako sutea itzalita, kazetariok planteatutako galderei eta beste hamaikari erantzuna ematen pilatu zituzten indarrak maiatzetik aurrera. Termesen hitzetan, «lehen premisa, burutik kendu ezin genuena, Ferranek errepikatzen zuen egunero: arrakasta logistikoa izatea lortzen badugu, arrakasta politikoa izanen da».

Lehenengo eginbeharra, beraz, «eginbeharrak antolatzea izan zen», Termesek dioenez. Hauexek izan ziren ANCk ezarritako koordinazio maila desberdinak: 500 metroko tarte bakoitzeko arduraduna –800 guztira–, udalerri bakoitzeko arduraduna –86 herri gurutzatu zituen giza kateak–, hortik gora herrialde bakoitzeko arduraduna –bost osotara: Ebro, Tarragona, Bartzelona, Maresme eta Girona– eta bukatzeko koordinazio nazionala. «Eta hori dena asko sinplifikatuz», dio Serrak, boluntario andana behar zirelako beste hamaika zeregin aurrera eramateko. Zenbakiek arrazoia ematen diote, 30.000 lagun izan baitziren giza katean bertan eta aurreko egun eta hilabeteetan beren denbora musu truk eskaini zuten boluntarioak. «Haiek dira benetako heroiak», diote hiru elkarrizketatuek aho batez.

Beste buruko min bat: nola ziurtatu jendea ongi banatuko zela 400 kilometroetan zehar? Rosenfeldek dioenez, «beldur handiena jendea hiri handietan kontzentratzea zen, Bartzelonan gehienbat, eta biztanle dentsitate gutxiko zonaldeak hutsik gelditzea; hortaz bururatu zitzaigun uda osoan zehar errepikatu genuen lema: 2012an Katalunia osoak Bartzelona bete bazuen, 2013an Bartzelona izanen da Katalunia beteko duena». Lemez aparte, ANCko informatikoek izena emateko webgune bat sortu zuten, non jendea tarte batean edo bestean inskriba zitekeen, irailaren 11n bertara joateko konpromisoa hartuz.

«Baina nola lortu konpromiso hori betetzea? Eta nola ekidin boikotatzaileen jarduera?», Termesek orduko galderak gogoan ditu, hala nola erantzunak: «Egin ahal genuen eta egin genuen bakarra tarte bakoitzean behar baino jende gehiago inskribatzen uztea izan zen, badaezpada, ezer esan gabe. Baina hortik aurrera ezin genuen deus egin jendearen konpromisoa lortzeko, haien hitza zen eta kito, fidatzea beste aukerarik ez genuen».

Egunak pasa ahala, gero eta galdera gehiago sortzen ziren antolatzaileen buruetan. Horietako bat mobilizazioaren formatuarekin batera sortzen zena zen: nola lortu jendea mobilizazioaren partaide sentitzea? Nola komunikatu egunean zehar? «Hau da, nola transmititu ahal zaio historia egiten ari dela ezerezaren erdian kokatutako tarte batean dagoen pertsonari?», laburbildu du Termesek. Erantzuna, bere hitzetan, bikoitza izan zen: «Momentuan zer gertatzen ari zen jakiteko irratia erabili genuen, kate desberdinek zuzeneko emankizunak egingo zituztela bagenekielako; eta, behin giza katea pasata, zer suposatu zuen gutxi gorabehera imajinatzeko, Gigafotoa asmatu genuen». Milaka argazkiz osatutako argazkia da, giza kateko 400 kilometroak goitik behera errepasatzen dituena. Pasa den apiriletik ANCko webgunean ikus daiteke.

Eta nola ordaindu dena? «Katalunian inoiz egindako merchandising operazio handiena eginez», dio Serrak. Broma dirudien arren, egia da: udan zehar ANCk 630.000 artikulu baino gehiago saldu zituen, gehienbat kamisetak, banderatxoak eta bufandak. “La Razón” egunkariak ANCk arropa Marokon enkargatzen zuela salatzeko baliatu zuen; Eixampleko egoitzan dute oraindik ere egunkari madrildarraren lehen orri hori. «Jakina, artikulu guztiak Katalunian bertan ekoitzi ahal izatea nahiago izango genuke, baina ezinezkoa zen, Katalunian ez dago hainbeste artikulu hain denbora laburrean egin dezakeen enpresarik», dio Rosenfeldek.

Dena martxan dagoela, nola berotu giroa?

Antolakuntza martxan izanda, ANC bigarren alor batean hasi zen lanean, Rosenfeldek dioen bezala: «Ezin genuen irailaren 11ra arte ezer egin gabe itxaron, giroa sortu behar genuen, gizartea berotu eta giza katearen garrantzia azpimarratu». Xede horiek lortzeko bide desberdinak jarraitu zituzten, denetariko bizipenak izan zituztelarik; ia urtebete pasata, hiru elkarrizketatuek barrezka gogoratzen dituzte.

Giroa berotzeko modu bat Kataluniako pertsona ezagunen babesa lortzea izan zen, politikariak, kirolariak, kulturarekin lotutako profesionalak... Serrak dioenez, atxikimenduak biltzeko ahaleginean gertatu zen giza kateko antolakuntzaren pasadizo dibertigarrienetako bat: «Egiten ari ginen spot batean Guardiola atera behar zen, baina, jada Munichen zegoenez, postaz bidali behar izan genion giza kateko kamiseta hiri alemaniarrean bizi den ANCko kide bati. Grabazioa egin behar zuenari, hain zuzen ere. Bidali eta egun gutxira kide honen deia jaso genuen: ez dira kamisetak iritsi, autorako hiruki batzuk baizik. Ezin sinetsita, Bartzelonatik paketea noren izenean zihoan galdetu zioten: Paolo Vasile deitutako tipo baten izenean». «Hau da, Paolo Vasilek, Berlusconiren lagun eta Tele5 kateko buruak, giza kateko kamiseta jaso zuela suposatzen dugu!», gogoratu du Serrak, oraindik barrezka.

Giroa berotzeko beste modu bat giza kate txikien antolakuntza izan zen, bai Katalunian bai mundu osoan, ANCko kanpo biltzarrek giza kateak ere antolatu zituztelako. Ez zen mugimendu makala izan. Uda osoan zehar Kataluniatik kanpo hamaika giza kate antolatu ziren, Hegoafrikatik Argentinara, Tokiotik Everestera, lau adibide jartzearren. Osotara 10.000 lagun mugitu ziren mundu osoan.

Modu paraleloan, inskripzioek aurrera jarraitu zuten, erritmo onean hasieratik. Hiriburuetatik gertu, gehienbat Bartzelona eta bere inguruetan, tarteak berehala bete ziren, eta, oro har, giza kateko erdialdeko tarteek ere ez zuten arazorik eman, ezta Gironako gehienek ere. «Alt Empordà eskualdeko tarte batzuk betetzea zaila izan zen, baina ez zen larritasun berezirik izan», gogoratu du Termesek.

Guztiok zekiten hasieratik non egonen ziren arazo handienak: Ebroko zonaldean. «Normala zen –azadu du Termesek–, begiratu Kataluniako mapa eta begira non dagoen Ebro, hirukiaren punta batean, hau da, barneko lurretatik urrun. Gainera, Ebroko lau eskualdeetan Sabadell osoan baino jende gutxiago bizi da, ez dira 200.000 biztanlera iristen». Jakin arren, ezin izan zuten arazoak izatea ekidin. Abuztuaren 20an Ebroko tarte gehienak ia hutsik zeuden oraindik. «Alarma guztiak piztu behar izan genituen, beste leku batzuetan inskribatutako jendeari mesedez Ebron inskribatzeko eskatu behar izan genion, pertsona ospetsu dezente bertara joanen zirela iragarri behar izan genuen, Lluis Llach abeslaria eta Jordi Pujol lehendakari ohia besteak beste... Pentsa, bideo bat ere grabatu genuen espresuki eta egunero errepikatzen genuen jendea falta zela hegoaldeko puntan», gogoratu du Termesek.

Azkenean lortu zuten behintzat inskripzioen webgunean tarte guztiak betetzea, baina ez izerdirik bota gabe. Diadarako aste bakarra falta zenean bete ziren Ebroko tarteak. Orduan “0 tartea” sortu zuten, inskribatzerik izan ez zutenek izena emateko aukera izan zezaten.

Lan gehiegi urduritasuna nabaritzeko

«Lo egitea kostatzen zitzaidan, beraz, urduri izan izango nintzen, baina egunean zehar ez nuen urduritasuna nabaritzen, lan gehiegi zegoen horrelako luxu bat onartzeko!», dio Serrak. Azken orduko lanen artean, honakoak: aipatutako Ebroko tarteak betetzea, jendeari bere konpromisoa betetzearen garrantzia gogoratzea, ekitaldi deszentralizatu guztiak antolatu eta autobusak bilatzea.. Ez zen Katalunian egun hartan errepidera irten ez zen autobus enpresarik izan, denek izan zuten giza katean lana. «Autobus batzuek, gainera, ez zuten aldez aurreko helmuga finkorik –gogoratu du Rosenfeldek–. Bueltak ematen egon beharra zuten goizean zehar, eta, giza katearen tarteren batean jendea falta bazen, hara joan beharra zuten berehala, zuloa betetzera».

Azken egunak bihotzeko bat izateko modukoak izan ziren, hirurek onartu dutenez. Serrak ondo gogoratzen du: «Egoitza jendez gainezka zegoen eguneko 24 orduetan, Internetek pot egin zuen behin baino gehiagotan, lotzeko gauza asko gelditzen ziren...». «Kazetariak jada gainean genituen azken astean, eta atzerrikoak gehienbat, interes nabarmena izanda ere, despistatu xamar zebiltzan, behintzat bat baino gehiago», azaldu du Rosenfeldek, Termesek buruarekin baietz egiten duen bitartean.

Izan ere, Termesek berak gertutik bizi izan zuen atzerriko kazetariekin lotutako pasadizo xelebre bat: «Gehiegi ezagutu ez arren, gutxi gorabehera kazetari atzerritar gehienek bazekiten Kataluniaren eta Espainiaren artean bazela auziren bat eta giza kateak auzi horrekin zerikusia zuela. Baina gehienek esan dut, ez denek, Venezuelako irrati bateko kazetariak erakutsi zuen moduan. Zuzenean sartu nintzen bere programan eta galdera bota zidanean, erantzunik gabe gelditu nintzen», gogoratu du barrezka. Ez da gutxirako, hau zen-eta galdera: «Nola bururatu zaizue giza kate bat egitea 1989an herri baltikoek egindako giza katea omentzeko?».

Pasadizoak alde batera utzita, irailaren 11, “D eguna”, ia konturatu gabe iritsi zitzaien antolatzaileei. Eginbeharrak eginak izanda ere, dudak asko ziren oraindik: beteko ziren tarte guztiak? Jendeak bere konpromisoa bete eta hitzartutako lekura joango al zen? Azken egunetan, gainera, kezka berri bat gehitu zitzaien: eguraldia. Serrak ez du ahaztuko irailaren 11n iratzarri eta leihotik begiratu zuenean pentsatu zuena: «Euria ari zuen Bartzelonan. Interneten begiratu eta giza katearen ibilbidearen zati askotan euria ari zuen. Diada batean euria egiten zuen lehendabiziko aldia zen urte askoan!».

Hala da, ez da ohikoa Mediterraneoaren ertzean irailaren hasieran egundoko euritea izatea. Termesek alde praktikotik begiratu zion auziari: «Ezin genuen mobilizazioa estalpe batean egin, ez genuen alternatibarik, beraz, konponbiderik ez bazegoen, ez zegoen arazorik». «Laster ikusi genuen, gainera, jendea etxetik mugitzen hasia zela eta bakoitza zegokion lekura bideratzen ari zela», gehitu du Termesek. «Dena den, ez genuen ibilbideko 400 kilometroak nola zeuden ezagutzeko modurik eta giza katea ofizialki hasi baino ordu laurdena falta zen arte ez genuen tarte bakoitzeko arduradunaren baiezkoa jaso. Orduan jakin genuen arrakasta gurea zela, historia egiten ari ginela».

Baina giza katea falta zen oraindik. Ofizialki 17.14an hasi behar zen. «Ekitaldiak ongi koordinatu behar ziren eta lan pila zegoen egiteko, beraz, ni oraindik ere ez nintzen jabetu arrakastaz. Normalean izaera gogorra erakusten duen Carme [Forcadell, ANCko lehendakaria] agertoki gainean ikusi nuenean, guztiz hunkituta, hitz egiteko gai ez zela, orduan pentsatu nuen: ‘bueno, egundokoa da hau’», dio Serrak.

Termesen bizipena antzekoa izan zen: «Katalunia enparantzan genituen pantaila erraldoien bidez ikusi ahal izan genuen giza kate osoan zegoen jende mordoa, gehienbat Ebro aldean, gu kezkatuta eta azkenean jende gehien elkartu zen tarteak Ebrokoak izan ziren! Miresgarria izan zen jendeak nola erantzun zuen. Baina ni ez nengoen gehiegi pentsatzeko oraindik, ekitaldi zentrala koordinatu behar nuen eta erne egon behar nuen. Ekitaldia bukatuta, guztiok ‘Segadors’ aho batez kantatzen ikustean, bai Bartzelonan, bai El Pertúsen, bai Ampostan, orduan jarri zitzaidan korapiloa eztarrian». Une hartan egin zen Diadako argazki esanguratsuenetako bat: Ignasi Termes, Ferran Civit eta Carme Forcadell, hirurak besarkada luze batean lotuta.
Ordubete daramagu hizketan, denbora bukatzen hasia da eta oso gutxi hitz egin dugu zehazki irailaren 11n gertatutakoari buruz. Aurreko prestakuntzekin pasa zaigu hizketaldi ia guztia.

«Baina erreportajearen gaia hemengo giza katea nola posible egin genuen azaltzea zen, ezta?», galdetu du Termesek. Baietz erantzunda, argi du azalpena: «Hor duzu orduan nahi zenuena, garrantzitsuena Diada aurreko lana izan zen, irailaren 11n koordinatzaile nazionalak desagertu izan bagina, giza katea berdin-berdin egingo zen, jendeak bazekielako zer egin eta zergatik egin».

«Hor doa Gure Esku Dago ekimeneko lagunei aholkua: ez kezkatu gehiegi, gogor lan egin, ahalik eta hobekien antolatu gauzak, saiatu jendea motibatzen eta ez urduritu gehiegi. Gauzak ongi egiten badira, herriak erantzun egiten du, eta, herriak erantzuten badu, ez dute zertan kezkatu», bukatu du Termesek.

Zortzi hilabete geroago, ondorioak

Elkarrizketa amaitu baino lehen, derrigorrezkoa da azken galdera bat egitea: argazki ederrak ateratzeko aukera emateaz aparte, zertarako balio izan zuen giza kateak? «Bueno, agerikoa da, Diada baino lehen ez genuen kontsultarako ez datarik ez galderarik, soilik promesak. Giza katea pasa eta, hiru hilabeteko epean, alderdi politikoek galdera eta data adostu zituzten», azaldu du Rosenfeldek. Ondoan daukan Termesek ere hartu du hitza: «Gizartearen mobilizazioa ez da faktore bakarra, jakina, baina oso argi dugu giza katerik gabe alderdiek ez zutela euren burua ados jartzeko beharrean ikusiko».

Hortaz aparte, giza kateak beste helburu bat zeukan, hau ere arrakasta handiz lortutakoa: auzi katalana nazioartera eramatea. «Helburua ez zen soilik egun hartan nazioarteko komunikabideen arreta lortzea, hori bagenekien lortuko genuela, erronka nagusia arreta hori mantentzea zen eta uste dut lortu dugula, giza katearekin erakutsi genuen hemengoa ez dela egun bateko istorioa», dio Termesek.

Rosenfeldenak dira, baina, elkarrizketako azken hitzak: «Helburu politiko zehatzetatik harago, giza kateak guretzat eta herri katalanarentzat ekarri zuen indar injekzioa izan zen niretzat arrakasta nagusia». Honakoa ere gehitu du: «Herri bezala, inoren laguntzarik gabe, horrelako mobilizazio bat arrakasta handiz antolatzeko gai bagara, zer egiteko ez gara gai izanen?».