GARA DONOSTIA

Ibaiak gainezka Baztanen eta hildako bat Arhantsusin

Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetan eta Nafarroako iparraldean, zehazki Baztanen, larrialdi egoera eragin zuten atzo botatako euriteek. Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Beherean kaos egoera zen nagusi, eta Baztanen, batez ere Elizondon eta Erratzun, egoera oso antzekoa zen. Eguerditik aurrera atertu zuen, pixkanaka ibaiek behera egin zuten, eta garbiketa lanei ekin zieten kaltetutako herrietan.

Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetan eta Nafarroako iparraldean, zehazki Baztanen, larrialdi egoera eragin zuten atzo botatako euriteek. Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Beherean kaos egoera zen nagusi, eta Baztanen, batez ere Elizondon eta Erratzun, egoera oso antzekoa zen. Eguerditik aurrera atertu zuen, pixkanaka ibaiek behera egin zuten, eta garbiketa lanei ekin zieten kaltetutako herrietan.

NAIZek argitaratutako informazioari jarraituz, Errobi, Uhaitzandi eta Baztan ibaiek gainezka egin zuten, eta horren ondorioz hainbat errepide itxita geratu ziren. Etxe, soto eta garaje ugari urpean geratu ziren, denda, lantegi eta bestelako lokaletara ere sartu zen ura, eta baratzeak ere urez bete ziren. Oro har kalte handiak izan dira.

Baztanen, kalte larrienak Elizondon izan dira. Etxebizitza asko urak hartuta geratu ziren, eta auto ugari ere urak eraman zituen. Alerta egoera gorena ezarri zuen Nafarroako Gobernuak. Javier Morras Barne sailburuak azaldu zuen bezala, 05.50 eta 06.50 artean izan zen «aparteko erauntsiak» eragin ditu uholdeak. Gorramendiko estazioan metro karratuko 107 litro erregistratu zituzten.

Baztan ibaiak goizaldean egin zuen gainezka. 09.50ean 4 metroko altuera hartu zuen, eta 1980an Oharrizko estazioa abian jarri zenetik jasotako markak gainditu zituen, 2009 eta 2011ko uholdeetan hartu zuen altuera gaindituz. Egoerarik larriena Elizondon izan zuten. Ibaiak ia herri osoa hartu zuen, etxebizitza ugari, baita udaletxea ere, urak hartuta zeuden, eta auto asko eraman zituen. Elbeteko zubia itxi egin behar izan zuten.

Nafarroako Gobernuak azaldu zuenez, zazpi pertsona erreskatatu behar izan zituzten, lau Elizondoko igerilekuetatik atera zituzten, haietako bat txalupa batekin; eta beste bat, zahar etxe bateko sotoan harrapatuta geratu zen langile bat. Gainera, baserri batean senar-emazte bikotea eta haien haurra inkomunikatuta geratu ziren.

Elizondoko liburutegia eta anbulatorioa hutsarazi zituzten. Osasun zentroa erabilezin geratu zen eta osasun zerbitzuak Iruritara eraman zituzten. Lekarozen ere etxe bat hartu zuen urak eta bertan bizi zen pertsona atera egin behar izan zuten.

Bost errepide moztu zituzten uholdeen eraginez: NA-4404 eta NA-4403, Iruritan; NA-2600 Erratzun, 2. kilometroan; NA-2330, Urrotzen; NA-3042, Cascanten; eta NA-8715, Andosillan.

Ipar Euskal Herria

Ipar Euskal Herrian ere arazo larriak eragin zituen euriteak. Prefeturak alerta laranja ezarri zuen eta operazio berezia jarri zuen abian uholde egoerari aurre egiteko. 13.00etan eten zuen alerta egoera. 15 errepide nagusi itxita egon ziren urarengatik eta luiziengatik, eta 4.000 etxe argindarrik gabe geratu ziren unerik kritikoenean. Suhiltzaileek 451 laguntza dei jaso zituzten eta salbamenduak 14.00etan bukatu ziren. Helikopteroz egindako 30 salbamendu izan dira.

Euri erauntsiak goizaldeko 05.00 aldera hasi ziren, eta goizean zehar segitu zuten. 95 mm neurtu zituzten Baigorrin, 90 Buztintzen, 73 mm Larrainen, 60 Maulen eta 50 Urepelen, Kazeta.eus atari digitalak dioenez. Nafarroa Beherean Donibane Garazi, Baigorri eta Donapaleu arteko ingurua izan zen kaltetuena. Iholdin Landibarreko zubia erori zen, Donapaleura doan bide nagusia, hain zuzen ere.

Arhantsusin 84 urteko Izurako gizonezko bat hil zen. Antza, autoan zihoala zeharkatzen ari zen zubia behera erori zen, Prefeturak baieztatu zuenez. Bestalde, Donaixti-Ibarren, Michel Aguergarayk 400 buruko artaldea galdu zuen, urak eramanda edo itota. Donapaleu eta Zuberoa aldean ere aipatu zituzten antzeko galerak.

Lapurdin Itsasu, Kanbo, Uztaritze eta Ezpeletan izan ziren arazo larrienak. Telefono lineak eta elektrizitatea eten ziren toki anitzetan. Kanbo Behereko biztanleek etxeen gainaldeetara igo edo etxeetatik atera behar izan zuten. Baionan, Errobi ibaia gainezka egiteko zorian izan zen.

Zuberoan, Maule, Gotaine, Barkoxe, Sarrikotapea, Sohüta eta beste herri askotan arazoak izan ziren.