NAIZ
Iruñea

24 langile hil dira lanean Euskal Herrian urtea hasi zenetik

LAB sindikatuak ohar bidez atzo Tuteran hil zen langilearen istripua salatu du. Modu honetako lan istripuak «onartezinak» direla dio LABek eta arrazoiak errepikatu egiten direla. Lan baldintza makurrak aipatu ditu. Sindikatu abertzalearen datuen arabera 24 herritarrek galdu dute bizitza lanean urtea hasi zenetik eta horietako 5ek Nafarroan.

Tuteran lan istripuz hil zen atzo 45 urteko Ribaforadako herritarra teilatutik erorita. Lanean hil den 24. euskal herritarra da L.F.A. LAB sindikatuak datua ematearekin batera istripua salatu du eta elkartasuna adierazi die senide eta gertukoei.

Sindikatu abertzalearen arabera «onartezinak» dira modu honetako istripuak eta arrazoiak errepikatu egiten direla esan du. Lan baldintza makurrak, prekarietatea eta azpikontratazioaren kateatzeekin eta behin-behinekotasuna aipatu ditu. Herrialdeko erreferentziazko hitzarmen sektoriala ez dela aplikatzen ere salatu du sindikatuak.

LABen ustez «mobilizazioa eta borroka» dira lan istripui aurre egiteko bidea eta eredu aldaketa aldarrikatu du, langileriaren osasuna eta bizitza oinarri izango dituena.