NAIZ
UHARTE ARAKIL

Aralarko santutegira daraman bidearen egoera txarra salatu du Uharte Arakilgo Udalak

Uharte Arakilgo Udalak salatu duenez, Espainiako Itzuliaren 11. etaparen bukaera hartuko duen Mikel Deunaren santutegirako bidearen egoera oso txarra da eta Unipublicen, Nafarroako Gobernuaren eta Pruden Indurain Kirol Institutuko zuzendariaren «arduragabekeria» salatu du.

Uharte Arakilgo Udalak ohartarazi duenez, Aralarko santugegira daraman pistaren egoera oso txarra da bizikleta, motozikleta edo lau gurpileko ibilgailuentzat. Zikloturisten artean istripu ugari eragin ditu eta 2004ko uztailaren 1etik seinaleak daude, bizikleta eta motozikleten zirkulazioa debekatuz eta gainerako ibilgailuen abiadura orduko 20 kilometrora mugatuz.

Espainiako Itzuliaren 11. etapa Mikel Deunaren santutegian bukatzekoa dela-eta, antolatzaileen, Nafarroako Gobernuaren eta Pruden Indurain Nafarroako Kirol Institutuko zuzendariaren «arduragabekeria» salatu dute.

Azaldu dutenez, Uharteko Udalak «ez du eskatu Itzuliaren etapa bat hemen bukatzea» eta antolatzaileek «inoiz» ez diete horren inguruko kontsultarik egin. Etapa Aralarren bukatzeko erabakia hartu ondoren, «inongo antolatzailek, ez Pruden Indurainek ez Nafarroako Gobernuak ez dute Udala informatu». Esan dutenez, eskaera ofizial bakarra abuztuaren 18an jaso zuten, Nafarroako Trafiko zuzendaritzak sinatua zegoen eta bertan jakinarazi zieten etapa bide horretatik igaroko zela eta Udalaren posizionamendua agertuz txosten bat eskatu zieten.

Udal ordezkarien arabera, nahiz eta eskaera ofizialik ez jaso, urtean zehar hainbat bilera egin dira Uharten. Mikel Deunaren kofradiako, Mikel Deuna santutegiko eta udal ordezkariez gain, Itzuliaren antolatzaileek eta Pruden Indurainek parte hartu zuten. Bilera horietan Udalak jarritako baldintzak errespetatu beharra adostu zuten; lehena «Aralarrera igotzen den bidearen konponketa izan zen».

Geroztik, salatu dutenez, ez dute berririk izan Indurainen aldetik, baina dagokion departamendutik jakinarazi diete Nafarroako Gobernuak ez duela asmorik bidea konpontzeko.

Astebete falta da 11. etaparako eta Udalak txostena egin du, Trafiko Zuzendaritzak eskatu bezala. Baimena ematen du etapa hortik igaro eta Mikel Deuna santutegian bukatzeko, baina hainbat baldintzarekin: alde batetik, txirrindulari eta ikusleek jasan ditzaketen kalteak ez ditu bere gain hartuko; euskararekiko errespetua da beste baldintzetako bat.

Horretaz gain, Foru Poliziaren eta udal arkitektoaren txostenak atxiki dituzte, non 242.000 euro baino gehiagotan baloratzen den pistaren konponketa. Unipublicek baldintzak onartu ditu, Udal Gobernuaren arabera.

Uharte Arakilgo Udalak ohartarazi duenez, Aralarko bidea gero eta jende gehiagok erabiltzen du eta epe luzerako irtenbidea bilatu nahi dio, baina ez du bitartekorik ez dirurik. Horregatik, Nafarroako Gobernuari dei egin dio haiekin harremanetan jar dadin, konponbidea bilatzeko.