Arantxa Manterola
Baiona

Prefetaren erakundetzerako formulak sakon aztertuko ditu Hautetsien Kontseiluak

Ekainean Pirinio Atlantikoetako prefetak mahai gainean jarritako aukerak «serioski eta hoztasunez» aztertuko ditu Hautetsien Kontseiluak.

Hautetsien Kontseiluaren prentsaurrekoa, prefetaren formulak aztertuko dituela iragartzeko. (Sylvain SENCRISTO)
Hautetsien Kontseiluaren prentsaurrekoa, prefetaren formulak aztertuko dituela iragartzeko. (Sylvain SENCRISTO)

Jean-Jacques Lasserre presidenteak adierazi du formula guztietaik Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako Lurralde Kolektibitate Bereziaren eduki eta formetara gehien inguratzen dena hobetsiko dutela. Horren arabera, Hirigune eta Herri Elkargoak bere baitan hartzen dituen «egitura integratuak» lirateke formula egokienak, beste arrazoien artean, Ipar Euskal Herriko lurralde osoa hartuko luketen erakundeak direlako.

Behin betiko aukera egiteko prefetak urte bukaerako epea eman zien hautetsiei. Hala eta guztiz ere, «bere oniritziarekin» Lasserrek beste egutegi bat finkatu dutela esan du. Lehenik aurrez Kolektibitate Bereziaren eztabaidan izan zuten adituen laguntza eskatuko dute, formula bakoitzaren zehaztasunak aztertu eta gomendioak egin ditzaten. Azterketa hori jada egiten ari dira eta urriaren bukaerarako prest beharko luke. Abendua eta urtarrila bitartean eztabaida garatuko da Hirigune eta Herri Elkargoekin eta otsailerako beren ekarpena eta hautua ezagutaraziko dute.

Ipar Euskal Herriko etorkizunerako berebiziko «garrantzia duen gai oso konplexua» dela nabarmendu du Lasserrek, erakunde guztiak «baita estatuak, eskualdeak eta departamenduak ere» beren «erantzukizuna» dutela gogoratu ostean. Izan ere, prefetak lekuko hautetsiengan jarri zuen erabakiaren zama politikoa eta manera horiek ez ditu «apreziatu» Hautetsien Kontseiluko presidenteak.

Lurralde Kontratua 2014-2020

Bestalde, Jean-Baptiste Etcheto Garapen Kontseiluko buruak 2014-2020 epealdirako Estatuarekin, eskualdearekin eta departamenduarekin hitzartu behar duten Lurralde Kontratuaren lehentasunezko proiektuak finkatu, onartu eta lehiaketa deialdi publikoa egin dutela esan du. Horren ostean, hiru erakundeekin  negoziazio faseri ekingo diote. Oraindik ez dakite zenbat diru-funtsa izango den proiektu horiek diruztatzeko.

Aurreko Lurralde Kontraturako (2007-2013) 340 milioi euro izan zituzten, 70 proiektu gauzatzea ahalbidetu zutenak. Kopuru horretatik, 180 milioi euro estatuak, eskualdeak eta departamenduak jarri zituzten eta gainerakoak bertako erakundeak.