@arianekamio
Donostia

‘Izuen gordelekuetan barrena’, Joseba Sarrionandiaren lehen lana berrargitaratu du Pamielak

Idazle iurretarrak 80ko hamarkadan kaleratutako lehen lana da. Sarrionandiak zuzenketa batzuk egin ditu testuetan eta hitzaurre zaharraren ordez berri bat idatzi du.

Harkaitz Cano, Joxe Mari Iturralde eta Jose Angel Irigaray izan dira Sarrionandiaren lanaren berrargitaralpenaren aurkezpenean. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Harkaitz Cano, Joxe Mari Iturralde eta Jose Angel Irigaray izan dira Sarrionandiaren lanaren berrargitaralpenaren aurkezpenean. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

1980ean idatzi zuen Joseba Sarrionandiak bere lehenengo lana. Azkue Saria jasota, ‘Izuen gordelekuetan barrena’ poesia liburua urtebete beranduago kaleratu zen. Kalean sortu zuen lana Sarrionandiak, baina Carabancheleko espetxean zela idatzi zuen hitzaurrea.

ISBN koderik gabe eta baldintza kaskarretan kaleratutakoa izan zen liburu hura. Idazleak berak ere oharkabean pasako zen lana izango zela uste zuen, baina oihartzun izugarria lortu zuen eta euskal letretan berrikuntza ere izan zen obra hura.

34 urte igaro dira egun erbestean bizi den sortzaileak lan hura ondu zuenetik eta orain Pamiela argitaletxeak berrargitaratu egin du.

Egungo gazteentzat «galduta» dagoen lana dela iritzi dio Jose Angel Irigarayk, eta hau berreskuratzeko moduetako bat dela azpimarratu du.

Joxe Mari Iturraldek, garai hartan Pott bandan Sarrionandiarekin eta beste sortzaile batzuekin batera aritu zenak, liburu mitikotzat jo du ‘Izuen gordelekuetan barrena’ eta ondorengo literaturgintzan Sarrionandiak duen estiloaren eta joeren erakusleetako bat dela nabarmendu du.

Harkaitz Canok, bere aldetik, fetitxetzat hartzen du lan hori, Lubaki bandare garaian idazlegai zirenen iturri nagusienetako bat baitzen.