NAIZ
GASTEIZ

Udalbiltza: «Euskal Herriaren etorkizuna eskuz esku eraikitzea dugu erronka»

Euskal Herriko udal eta hautetsien biltzarrak, Udalbiltzak, nabarmendu duenez, «Euskal Herriaren etorkizuna eskuz esku eraikitzea dugu helburu», eta bide horretan «zatiketak eta desadostasunak alde batera» uzteko eta «batu egiten gaituzten oinarrien gainean» elkartzeko beharra azpimarratu du.

Aberri Egunaren harira kaleratu duen instituzio adierazpenean, 183 alkate eta 1.471 hautetsi biltzen dituen Udalbiltzak azaldu du egun «esanguratsua» dela, «munduaren aurrean herri gisa agertzeko».

«Euskal Herriaren etorkizuna eskuz esku eraikitzea dugu erronka», nabarmen du biltzarrak, horretarako zatiketa eta desadostasunak alde batera utzi eta «batu egiten gaituzten oinarrien gainean» elkartzeko deia eginez. 

Ipar Euskal Herriko hauteskundeez, adierazi du «nazioaren egituraketa administratibo eta juridikoa gauzatzeko urrats garrantzitsua» izan direla, Euskal Herria aintzat hartzen duten hautagaiek aurrera egin batitute «nabarmen». Hego Euskal Herrian egitekoak diren udal eta foru hauteskundeen inguruan, norabide berberean emateko «itxaropen sendoa» adierazi du Udalbiltzak.

Bestalde, udal eta hautetsien biltzarrak pozez hartu ditu Gure Esku Dago ekimenarekin bat eginez erabakitzeko eskubidearen alde euskal herritarrek egin dituzten adierazpenak. «Instituzioek herritarren hitza izan behar baitute gidari eta herritarrek euren hitzaren jabe behar baitute izan», azaldu du Udalbiltzak.

«Aro berrian murgildu gara –gaineratu du–, ez da zalantzarik, baina eragozpenak eta oztopoak begi bistakoak izaten segitzen dute», eta zentzu horretan, esan du gatazkaren ondorioei irtenbidea eman eta Euskal Herria eszenatoki instituzional berri batera eramateko urratsak eman behar direla.

Azkenik, Aberri Egunarekin bat egiteko deia egin die Euskal Herrian bertan zein euskal diasporan bizi diren herritarrei.