NAIZ
GASTEIZ

Gasteizko Harresia: «Legea eta justiziaren artean, justiziaren alde lerratuko gara»

Gaisteizko Harresiak agerraldi masiboa egin du eta bertan igandeko Martxa Laranjan parte hartzeko deia egin dute «bidegabekeria hauen aurka elkartzeko». Era berean, «legea eta justiziaren artean erabakitzera» behartzen badituzte, azken honen alde egingo dutela azpimarratu dute. Igarki Robles, Aiala Zaldibar eta Ibon Estebanek bideo batean jakinarazi dute sententziari «desobeditu» egingo diotela eta «herri harresia» eraikitzeko prest agertu dira.

Auzitegi Nazional espainolak zigortu eta poliziak atxilotu ez dituen Igarki Robles, Aiala Zaldibar eta Ibon Estebanek bideo bat plazaratu dute, sententzia «desobeditu» egingo dutela jakinaraziz eta igandean «herri harresia» eraikitzeko prest daudela iragarriz.

Ordu batzuk lehenago, Gasteizko Harresiak agerraldia egin du, igandeko Martxa Laranjarako deialdia egiteko. «Legea eta justiziaren alde aukeratzera behartzen bagaituzte, justiziaren alde lerratuko gara», azaldu du Gasteizko Harresiak arabar hiriburuan egindako agerraldi masiboan. Honela, igandean Gasteizeko Bilbo plazatik abiatuko den Martxa Laranjan parte hartzeko deia egin diote gizarteari.

Igandeko mobilizazioa «bidegabekeria hauen aurka dagoen pertsona ahalik eta gehien biltzeko gunea» izango dela, adierazi dute, eta honetarako ileordea, kamiseta laranja edo maskara hartuta bertaratzeko gonbita egin dute.

Martxa prestatzeko Konpromiso Gunea sortu zuten Gasteizen, eta gaur ere abian jarriko dute Iruñean: «Konpromisoen momentua iritsi dela diogu behin eta berriz. Horretarako baliatu dugu egun hauetan Konpromiso Gunea, ekarpen txiki eta erraldoiak, kolektiboak edo pertsonalak batu eta ikustarazteko. Salbuespen legedia geldituko duen harresia guztion artean eraiki behar baitugu». Honela, Euskal Herriko txoko guztietatik ekarpenak jaso dituztela nabarmendu nahi izan dute, hala nola Burgos, Galiza edo Herrialde Katalanetatik.

Era berean, ezkutatzea lortu duten hirurek «desobedientziaren bidea urratzen jarraitzera» interpelatu dietela adierazi dute.

Bestetik, dinamikan urratsak ematen jarraitzeko garrantzia ez dute ahaztu: «Azken urteotan auzipetuen alde eta salbuespen politiken aurka aritu garen hainbeste eta hainbeste pertsona eta mugimenduk, langa oso altu jarri diogu geure buruei. Dinamika elikatzen jarraitu behar dugu, asko egina baitugu baina, argi denez, ez nahikoa».

Beraz, azkenik, igandean «desobedientzia masiboa, herrikoia, lege injustoei aurre egitekoa» praktikan jartzeko asmoa azaldu dute, honela «kondenatuak eta gure eskubide zibil eta politikoak defendatzeko».