Ion TELLERIA

Pariseko atea joka, ahots bakarrez eta emozio berberaz

Euskal Herrian ereindako adostasunak eta elkarlanak eraman du konponbidearen aldeko aldarria Parisera. Aterik ez du zabaldu, oraindik, Matignonek, baina Bake Konferentzia honek bertatik bertara egin dio bakegintzan urratsak egiteko deia. Baikor ageri dira, beraz, euskal ordezkariak.

«Belarrira oihukatu diegu Frantziako eta Espainiako gobernuei, euren jarrera alda dezatela». Claude Larrieu NPAren Euskal Herriko ordezkarietako baten hausnarketa zen, Konferentzia amaitu berritan eta alboan Philippe Poutou, bere alderdiko ordezkari nagusietako bat, zuela.

Frantziako Asanblea Nazionalean izateak, nazioarteko goi mailako adituen babesean egiteak, Pariseko hedabideengan ere eragiteak... horrek guztiak Ipar Euskal Herrian landutako akordioa abiapuntu harturik Parisera ahots bakarrez joateak berak dakarren indarra erakutsi du. Konferentzia «momentu historikoa» izan da, Peio Dufau Bake Bideako kidearen ustez.

Pierre Joxe eta Brian Currin Parisi presoen auzian urratsak egiteko eskatuz entzuteak hunkitu zuen Juliette Bergougnan Baterako kidea: «Sentitzen dut orain posible dela, eta uste dut baietz, lehen urratsa izaten ahal dela». Antzeko iritzia du Eñaut Aramendi LABeko kideak ere, Madril eta Parisi mezu argi bat helarazi zaiela uste baitu: «Bada garaia inplikatzeko. Eta badira tresnak prozesua aurrera eramateko». Biarritzeko polizia operazioa gogoan, armagabetzea egiteko halakoak ez eta «behar diren bideak» erabiltzeko deia egin zuen Aramendik.

Berarekin ados Michel Veunac, Biarritzeko alkate zentrista: «Gobernuaren ekinbidea armak topatzea eta atxiloketak egitea bada, horrek berak erakusten du ze urgentziazkoa den armagabetzerako bide bat topatzea».

Ezin zitekeena balitekeela; hori da Konferentzian izan ziren euskal herritar askok sentitu zutena. Mixel Berhokoirigoin (EHLG) emozioz beteta irten zen hitz hartzeak amaitu ostean, «izugarrizko esperantza eta indarra ematen du, eta ilusio handia». Parisen landutakoak berriz Euskal Herrira eraman behar direla dio, herritarrek beren egin behar dutelako bakegintzan aurrera ekiteko konpromisoa; hau da, «bakea egin behar dugu».

Konferentzian indartu den bideak ezinezko egingo du, Jokin Aranalde Iheslarien Kolektiboko ordezkariaren esanetan, «bi gobernuek sartu nahi gaituzten tunel beltz eta ilun horretan irautea». Alice Leiciageçahar kontseilariaren (EEV) ustez, Konferentziak «on egin du. Erakusten digu bide onean garela eta azkenean lortuko dugula». Mikel Epalza Atxik Berrituz kolektibo kristaueko kideak herritarrengan du esperantza: «Artzainek oraingoan ardiak segiko dituzte, segi dezagun bakean».

Eragina ez da ziurra, baina Matignonera ozen helduko den esperantza zuten askok, Sylvianne Alaux (PS) diputatua horien artean: «Emozio handiz etorri gara hona, entzun gaitzaten. Espero dut hala izango dela eta gaurtik aurrera determinazio handiagoz ariko gara». Jean-Rene Etchegaray Baionako alkateak ahots bakarrez egitea nabarmendu zuen: «Frantziako Gobernuak prozesuan sartu beharko luke; hori da gaur hemen egin dugun interpelazioa modu kolektiboan». Berarekin ados EH Baiko Anita Lopepe, pozik, «Parisen bertan, frantziar Gobernuari egin zaion interpelazioa dela-eta, ahots ezberdinetatik eta gauza konkretuak proposatuz, prozesuan inplika dadin».

Konferentzia amaiturik, balorazio baikorra Bake Bideatik. Anaiz Funosasek «prozesuarentzat une inportante berri bat» ikusten du, Aietetik hona bete-beteko inplikazioa sortu delako. Etxean su eztitan egositakoak jo du Parisen atea.