@arianekamio
Donostia

‘High Rise’, giza eromena eraikin batean

Ben Wheatleyk ausardiaz jokatu du ‘High Rise’ filmean, kontakizun kaotiko bat baliatuta indar handiz gozatzen duten eszenak txertatuz. [Zinemaldiari buruzko informazio osoa, NAIZen dosier berezian]

Tom Hiddleston aktorea, ‘High rise’ filmeko protagonista. (ZINEMALDIA)
Tom Hiddleston aktorea, ‘High rise’ filmeko protagonista. (ZINEMALDIA)

70eko hamarkadan eta Britainia Handian kokatu du Ben Wheatleyk Sail Ofizialean aurkeztutako lan berria. Robert Laing (Tom Hiddleston) etxebizitzaz aldatu berri da anonimotasunaren bila. Bizilagunek, ordea, harreman kaotiko batera bultzako dute. Jeremy Irons eta Sienna Miller ere aktoreen artean dira.

J.G. Ballarden liburu batean oinarritutako lana da gaur Donostian aurkeztutakoa. «Proiektua garatzen egon da liburua idatzi zenetik, 1975ean. Esku askotatik pasatu da, jende asko saiatu da film bat egiten. Egin dugun bertsioak ez dauka zerikusirik beste bertsioekin. Gidoia guztiz berria zen, eleberria fronte bakartzat hartuta», adierazi du zuzendariak.

1975ean argitaratutako eleberria izanik ere, etorkizunari aurre egiten dion autorea dela ohartarazi du. «Ballardek aurrea hartu zion etorkizunari, hori da distiratsua eta bikaina bere liburuetan. Zenbat eta eroago izan gero eta errealitateago bihurtzen da zoramen hori eta horrek izutzen zaitu», esan du.