Maider IANTZI

EUSKALDUN IZATEAREN KORAPILOA ASKATZEN LAGUNTZEN DUEN POESIA

EKUATORERA AILEGATU DA DURANGOKO AZOKA, BIDAIDE PILA BATEKIN. LEIHO GUZTIETATIK SARTZEN DEN EGUZKIA GIRO POZGARRIAREN ISLA DA. BARNERA GAITEZEN, ORAINGOAN EDITOREEN ESKUTIK.

Larunbatean bisitariak elkarrizketatzean eskua sabelera eraman zuten batzuek Azoka beraientzat zer zen azaltzeko. Gaur, igandea, hirugarren eguna eta jada kultur kontzentrazio honetan bete-betean sartuta, keinu bera ateratzen zaigu lerro hauek idaztean. Aspaldi aditu gabeko kantu batek zimiko egin digu Landakoren barrenean, izkina batean dagoen balkoi honetan ordenagailua martxan jarri orduko. Honako bidean, hondatu arte aditutako kasete baten berredizioa aurkitzeak poztu gaitu. Hementxe dago, motxilan, ateratzeko deika. Jendeari «zer da zuretzat Durangoko Azoka?» galdetuz puzzlea osatzen goaz. Editoreen piezak bildu ditugu gaur.

Literaturarekin hasiko gara. Ereineko Inazio Mujika Iraola 1990etik etortzen da editore bezala. «Niretzat gutxienez hiru hilabetez prestatutako liburuek zer estimazio duten ikustea da. Batzuetan, zalantzak izaten ditugu lan batek ze harrera izango duen eta badabilela konturatzen gara. Bestetan, ordea, uste baino gutxiago mugitzen da. Test bat da».

Irakurleen erreakzioak jasotzen dituzte iritzia ematera hurbiltzen zaizkielako standera. «Jendearekin egoteko eta hitz egiteko aukera ere bada, urtea nola joan den eta hurrengoa nola datorren balantzea egiteko. Eta, azkenean, editore batentzat negozio lekua da, ezin da ukatu, hori ere bada. Guretzat urtea oso luzea da eta Durangon liburu asko ateratzen dira, Eguberrietako kanpainan ere bai. Hor kontzentratzen da urteko salmenta gehiena, urritik urtarrilaren erdira arte. Horregatik, oso inportantea da Durango eta, horrekin batera, Eguberrietako kanpaina ongi prestatzea».

Mujikarengandik hurbil, batetik bertzera gelditu gabe dabil Susako Gorka Arrese. «Egunik gogorrena da gaurkoa, lagun asko ‘Egunkaria’-ren jaira joan direlako. Bazkari handi bat dago Zornotzan», kontatu digu haize freskoa hartzera kanpora atera garenean.

«artxipelagoa»

«Azoka zer den? Gauza desberdin asko, 27 urte baitira banatorrela. Gaur egun, literaturaren ikuspuntutik, gure geografiaren hiriburu nagusi bat dela esango nuke, baina ez genuke nahastu behar, ez baita irla bat. Udaberrian Literaturia egiten da Zarautzen eta azoka bat ere badauka. Udan, Eako Poesia Egunak izaten dira, oso inportanteak. Durangon salmenta oso handiak izaten dira, baina ez da azken etapa, baizik eta lehena, ondotik literatura jaialdi oso inportanteak etorriko direlako», argitu du.

«Jaialdi horiek gure literatur geografia osoa, artxipelagoa osatzen dute. Batzuek pentsatzen dute Durangoz gain ez dagoela beste sasoirik, baina ez da amaiera, baizik eta hasiera».

Piezak lotzen goaz eta ongi egokitzen dira elkarrekin, baina denak dira desberdinak. Goazen Pamielako Pello Elzabururekin. «Ezinbesteko hitzordua da, oso inportantea. Badu alde ekonomikoa, ukaezina. Oxigenoa, arnasa da guretzat. Salmentak bultzada handia ematen digu eta hori bezain inportantea da guretzat erakusleihoa. Periferian egonda, Iruñean (ez gaude Bilbo-Donostia ardatzean) aukera gutxiago dugu irakurleekin egoteko, ditugun gehienak, euskarazkoak behintzat, Nafarroatik kanpo daudelako. Hau harremanetarako aukera bat da, aurpegia jartzen diegu gure irakurleei eta hori oso ona da».

«Txerria bezala da –konparatu du–, dena aprobetxatzen da, dena delako ona orokorrean». Euskaldunak erdal munduaren aurrean ikusgarri egiteko urteko une ia-ia bakarra dela eta horrek zer pentsa eman behar digula erantsi du.

Ttarttaloren postuan, “Y los vascos se echaron al mar” sinatzen ari den Jose Antonio Azpiazurekin solasean dago Idoia Arozena editorea. «Askotan dut sentsazioa argitaletxe, musika etxe, sortzaile... bakoitza bere gurpilean dabilela eta Azokan elkartzen garenean denok, bat-batean konturatzen gara benetan zer dagoen eta zer aberatsa den Euskal Herrian egiten dena. Azoka bada horren guztiaren erakusle, gune eta biltzaile. Hemen kontzentratuta dena ikusten dugu. Gure txikitasunean gure handitasunaren lekua da, eta erakusleihoa. Urtero txunditzen nau eta hori gustatzen zait Durangotik».

Aldizkariak, liburuak, musika, argitaletxe ugari... hori barruan. Kanpoan Ahotsenea, aurkezpenak, musika, gune alternatiboak ere bai, bere erakusmahaiarekin hurbiltzen den jendea... «Zer da hau?» erraten du Arozenak. Bost egun «oso intentso» dira.

Literaturaren arloko itzulia amaitzeko, Mikel Soto Txalapartako editorea bisitatu dugu. «Euskal kulturaren meridiano garrantzitsuenetako bat», hala definitu du zita hau.

Bere lanbideari dagokionez, puntu garrantzitsu bat dela esplikatu du. «Literatura eta kultur sistema guztiek badituzte mekanismoak eta guretzat halako kontzentrazio handi bat da –aunitzek errepikatu duten hitza da hau–, sormena, lana eta harremanak biltzen dituena oso espazio txikian. Oso nekosoa, probetxugarria eta pozgarria da». Maite du jendearekin egotea: editoreak, idazleak, irakurleak, kazetariak... «Urteroko peregrinazioa da baina oraindik ilusioa egiten dit», aitortu du editore gisa hamaikagarren Durango duen Sotok.

Musikaren pasilloetara igaro eta Angel Valdes Elkarreko editorea topatu dugu. «Urte osoan egiten dugun lanaren emaitza bertatik bertara ikusi ahal izateko espazioa da, publikoarekin kontaktu zuzena». Apustua ona izan den frogatzen dute eta poz handia hartzen dute publikoak galdetzean edo iritzia ematean.

«Pertsonalki, egun kuttunak dira. Kitzikagarria da zure ideia martxan jarri eta ez dakizulako zer pasatuko den. Poliki-poliki jasotzen dugu publikoaren erantzuna. Ikusten gaituzte, hezur-haragizkoak gara».

Herri baten itxura erakusten du. «Herri bat biltzen da eta bere aniztasuna ikusten da. Herria gai da proiektu komunak egiteko, izan daiteke musika talde bat edo Azoka bezalako ekimen nazional bat. Argitaletxe, kantari, teknikari, produktore... Gure istorioa agertzen da hemen bere osotasunean. Zer garen hemen ikusten da. Batzuetan zaila da euskaldun izatea zer den azaltzea, jende askorentzat korapilo bat da hori eta poesiak askatzen eta hobeto sentitzen laguntzen du».

«Zure bizitza uzten duzu gauza batean, horretan sinesten duzu eta lana egiten duzu. Azokak zoriontasuna ematen du une efimero batzuetan». Eredu ere bada, adibidez berekin egon diren finlandiarrentzat. «Azokak esan nahi du gure identitatea asko inporta zaigula. Sinboloak behar ditugu. Laboaren disko bat etxera eramatean sinbolo bat eramaten dugu», dio 29 urtez Azokan egunero, «lehen momentutik azken segundoraino» egon den Valdesek. Urtetik urtera gauzak errepikatzen ikusten ditu; lehen umea zena bere umearekin ikusten du, transmisioaren katea ongi elikatuta.

Gor diskoetxeko Patxi Goñik «jai» hitza jarri du Azokaren ondoan eta oroitu du duela 50 urte hainbat faktore elkartu zirela publikoaren, editoreen, artisten eta hemen biltzen den jende guztiaren arteko maitasun istorioa hasiz. 1982-83tik da Goñi Azokaren parte eta agertoki ugari ezagutu ditu. Bitxikeria gisa pasatzen zuten hotza aipatu du, nola etortzen ziren zuten arroparik beroena jantzita. Nola irudikatu hemen barrenean egiten duen beroa...