Arantxa MANTEROLA
BAIONA

Litekeena da Rousseten hautagaitzak irabaztea gaurko bigarren itzulia

Ezustekorik ezean, Akitania, Poitou-Charentes eta Limousin biltzen dituen erregio berrian Alain Rousset nagusituko da. Berdeekin batu da bigarren itzulirako eta ezkerreko indarren botoa bereganatuko du.

Lehen itzuliko kanpainan hautagaiek boto-emaileen interesa piztea lortu ez bazuten, bigarren itzulian ere egoera oso antzekoa izan da. Hori bai, oro har, zerrenden moldaketak direla tarteko edota eskuin muturrak irabazteko aukeraren aurrean beste alderdiek zer jokaera hartzen zuten ikusteko, arreta zertxobait emendatu da, komunikabideetan batez ere.

Akitania Handia erregioan, ordea, ez da asko sumatu. Alain Rousset sozialistak gidatzen duen hautagaitzak agudo lotu zuen akordioa EE-Berdeekin, eta, ezkerreko alderdi gehienek, argiki edo zeharka, berau bozkatzera gomitatu dituzte beren boto-emaileak. Hortaz, ezustekorik ezean, berak jaso beharko luke babes gehien.

Bigarren itzulian presente izateko edo beste indarrekin aliantzak egiteko beharrezko emaitzak lortu ez zituzten indarrek jarrera ezberdinak hartu dituzte. Hala, FGk eskuinari eta eskuin muturrari aurre egitera dei egin du, eta, hala, Vague Citoyennek, «desadostasunak desadostasun», Rousset bozkatzea gomendatu du. Debout la France alderdikoek ez dute kontsignarik eman. Virginie Calmels buru duen eskuin eta zentroko zerrendako kideak, berriz, Nicolas Sarkozyren bidetik, FNri botoa eman dietenei zuzendu zaizkie bigarrengo itzulian beren alde egitea eskatuz, «sozialistek berriro irabaz ez dezaten». Euskal Herria Baik lehen itzuliko posizio bera hartu du, hots, boto zuria ematearena. EAJ-PNBk ez die irizpide zehatzik eman bere hautesleei. Agiri baten bidez, hamar bat abertzale disidentek, halere, dei berezia egin dute Rousseti botoa ematea eskatuz.

225.000 boto-emaile

225.000 euskal hiritarrek hiru zerrenden artean –PS+EELV, Les Republicains+zentristak eta FN– dute aukera gaurkoan, betiere boto zuria ematea edo inor ez bozkatzea hautatzen ez badute. Izan ere, azken urteotako joera jarraiki, abstentzioa emendatu egin da. Aurreko igandean Ipar Euskal Herriko boto-emaileen %53,4 ez ziren bozkatzera joan, 2010ean baino puntu bat gehiago.

Akitania Handia eskualdean ezkerrak irabazi zuen arren, Ipar Euskal Herrian Les Republicains eta zentristek osatutako hautagaitzak jaso zituen boto gehien (boto baliagarrien %31, hau da, PSk baino bi puntu gehiago).

Eskuin muturrak, berriz, hautesleen %17ren babesa bereganatu zuen (Akitanian baino sei puntu gutxiago). Adi behatuko da gaur marka horiek mantentzen dituen edo ez.