Arantxa MANTEROLA
BAIONA

Urtarrilaren 4an eratuko da Akitania handiko Erregio Kontseilu berria

Erregio berriaren izena eta egoitza ofiziala 2016ko erdialdera arte ez da finkatuko, baina Kontseilu berria urtarrilaren 4an osatuko da, Bordelen. 183 kontseilarien artean, hamar Euskal Herrikoak izango dira.

Oraindik ofizialki ez izena, ez egoitza non izango duen finkatu ez den arren, Akitania, Poitou-Charentes eta Limousin barne biltzen dituen erregio berri ko (Akitan ia handia) Kontseilua urtarrilaren 4an era tuko da, Bordelen, atzo hau tatuak izan ziren 183 kontseilariekin.

Horien artean, hamar euskal kontseilari izango dira bertan. Bost, sozialistek eta ekologistek osatutako hautagaitzatik eratorriak: Alice Leiziagezahar eta Mathieu Berge, hurrenez hurren Berdeen eta PSren kontseilariak izandakoak orain arte, Sandrine Derville, Emilie Dutoya eta Andde Sainte-Marie. ABko militante izandakoa sozialistekin aurkeztu zen nahiz eta independente gisa. «Une honetan ez naiz inongo alderdiko kide, baina neure burua ezkerreko abertzaletzat dut» argitu zuen atzo. Laborantza arloan lan egingo du, besteak beste, Kontseiluan.

Eskuin eta zentroko hautagaitzak erdietsitako 47 hautetsietatik, berriz, hiru Euskal Herrikoak dira eta horietatik bik kargua errepikatzen dute: Sylvie Durruty Baionako zinegotzia ere badena, eta Michel Veunac Biarritzeko auzapeza dena. Barthelemy Aguerre duela gutxi arte departamentuko kontseilari izandakoa da hirugarrena.

Azterketa sakona

Hain zuzen, bera izan zen UDIko zentristen haserrearen iturrietako bat zerrendak osatzerakoan, ez baitziren konforme Les Republicains eta MoDemekoen planteamenduekin. Liskar hura tarteko, UDI ez da apenas inplikatu kanpaina honetan eta hori izan liteke Ipar Euskal Herrian eskuina eta zentroa Rousset sozialistaren atzetik geratu izanaren arrazoietako bat.

Baionako auzapez Jean-Rene Etchegarayk (UDI) atzo adierazi zuenez, herritarrek nola bozkatu duten ikusita «estrategia okerra izan zen lehen itzulian zentristak eta eskuina batera aurkeztea. Bigarrenean, normalki bat egingo genuen baina lehenean ez genuen batera joan behar. Baionan bertan sozialistek beste lekutan baino igoera handiagoa izan dute».

Koalizioa osatzen zuten hiru alderdiek sakon aztertu beharko dute berez boto eremu emankorra izan ohi denak zergatik egin dien kale oraingoan.

FNk, berriz, 29 kontseilari lortu ditu Akitania handian, horietatik bi Euskal Herrikoak: Jean-Michel Iratchet baionarra eta Gilles Hustaix ortzaiztarra. «Eraikuntzan eta garraioan enpresa espainol eta errumaniarren lehia jasanezinari aurre egin eta bertako enpresak sustatzen» saiatuko dela, bereziki, iragarri du Iratchetek, eskuin muturreko alderdiko buruak.