NAIZ
DONOSTIA

Jon Enparantzaren isolamendu egoera salatuko dute larunbatean Antiguan

Jon Enparantza antiguarraren isolamendu egoera salatzeko ‘Isolamenduari stop! Dispertsioari stop!’ lemapean mobilizazioa antolatu  dute larunbaterako. Era berean, Antiguako gainontzeko preso, senide eta  lagunek pairatzen duten dispertsioa salatuko dute.

Irailean beste mobilizazio batek salatu zuen Enparantzaren egoera. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)
Irailean beste mobilizazio batek salatu zuen Enparantzaren egoera. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)

Larunbat honetan manifestaldi bat eginen dute Antiguako kaleetan, Jon Enparantza presoaren isolamendu egoera salatzeko. ‘Isolamenduari stop! Dispertsioari stop!’ lemapean, preso antiguarra Segoviako espetxean pairatzen ari den egoera horrekin amaitzea exijituko dute, 13:30ean Gaskuina plazatik abiatuko den mobilizazioan.

Irailean ekin zioten dinamika honi eta orduan ere 500 salaketa aurkeztu zituzten eta mobilizazio eguna antolatu zuten eta baita Segovia eta Ocañako espetxeetara martxa bat ere. «Egoerak ordea, ez du hobera egin. Berriki, abenduaren 9an, espetxealdi prebentiboa luzatu zioten. Bereziki salagarria da Velasco epaileak izan zuen jarrera, defentsaren argudio eta arrazoiketari mespretxu eginez. Ziurtasun osoa dugu Jon espetxean mantentzea erabaki politikoa dela eta aurrez hartua zuela erabakia epaileak», adierazi dute mobilizazioaren deitzaileek.

Honen aurrean, «urrats berri bat» eman nahi dute kanpainaren baitan, baina Enparantzaren isolamendua salatzeaz gain, Antiguako gainontzeko preso politiko, senide eta lagunek pairatzen duten dispertsioa salatu nahi dute. «Sebas Lasa, Alfon Sebastian, Mikel Albisu, Marixol Iparragirre, Juan Karlos Herrador eta Ekaitz Iberoren senide eta lagunek 8.740 kilometro egiten dituzte astebururo-astebururo euren senideak bisitatzeko. Ez dago eskubiderik», gehitu dute.

«Egoera honekin amaitu beharra dago, salbuespenezko espetxe politika honekin amaitu beharra dago eta guztion ahalegina da beharrezkoa norabide horretan». Horretarako deia egin diete bizilagun guztiei larunbateko mobilizazioan parte hartzera.