Jon Ormazabal

Errazegi lortu dute Victor eta Untoriak lehen garaipena (22-9)

Ordezkoetan baino, titularretan izan da alderik handiena, Artolak oso partida kaxkarra jokatu du eta errioxarrek ez dute arazorik izan lehen puntua eskuratzeko.

Uste baino askoz garaipen errazagoa lortu dute Victor eta Untoriak finalerdietako ligaxkako bigarren partidan. Aste osoan zehar ordezkoei buruz aritu ostean, partidako alderik handiena titularretan egon da. Izan ere, presio handiko partida batean, Alvaro Untoria izan da bere mailan egon den bakarra eta hortik joan da partida.

Ander Imaz debutatu berria nekez defendatu bada ere, eskuinez askoz sendoago aritu da ezkerrez baino, Iñaki Artolari zegokion urdinen pisua eramatea eta alegiarrak oso egun txarra izan du. Berak partida amaieran onartu duenez, makal antzean sentitu da partida hasieratik, hankak ezin jarrita, eta oso gutxi lagundu dio bere bikoteari.

Gorriek ere urduri hasi dute lehia eta Victorren huts larri batzuei esker, gipuzkoarrak 10-6 gerturatu dira markagailuan, baina berehala erori dira berriz ere eta estelarra oso eskasa izan da, nahiz eta errioxarrak pozarren joan diren balio handiko puntuarekin.

Gauzak horrela, datorren larunbatean lehen jardunaldiko irabazleen arteko lehia izango da Labriten, Olaizola II-Urrutikoetxea / Bengoetxea VI-Untoria eta galtzaileen arteko finala Eibarren igandean; Irujo-Rezusta / Artola-Albisu. Asegarceko ordezkariek ia ziurtzat eman dute Leitzakoak jokatu ahal izango duela, zalantza gehiago dituzte Ataungo atzelariarekin.