Gaizka Azketa

San Lorenzoko jaiak, «kutunak» eta «surrealistak»

Urtean behin, «rellenoz», bizilagunen aurpegiekin egindako kilikiz, galaz jantzitako pertsonaz eta dantzaz betetzen da Iruñeko Alde Zaharreko San Lorenzo kalea. Iruña Taldeko Mikel Ripodas dantzariarentzat «oso festa kutunak» dira hauek. Ainhoa Unzue karrikako alkatesak, bestalde, «surrealistak» ikusten ditu.

San Lorenzoko Dantzanteak 2016. urteko sanferminetan. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)
San Lorenzoko Dantzanteak 2016. urteko sanferminetan. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Abuztuaren 10ean, 13.00etan, Iruñeko San Lorenzo karrikako jaiak hasiko dira altxaferoak eztanda egitean. Aurten, Andoni Iribarren bizilaguna omenduko dute lehen, 12.30tan. «Oso pertsona garrantzitsua izan da San Lorenzorentzat, urte luzez eman duen guztiagatik», azpimarratzen du Unzuek.

Urtero legez, giro onean dantzatzeko, abesteko, jateko eta edateko beta izanen da hamabost orduz. Besteak beste, bermuta, kilikiak, pailazoak, Iruña Taldeko Dantzariak, Ortzadarreko Dantzariak, San Lorenzoko Dantzanteak, «relleno» banaketa, afari autogestionatua eta Jarautza69rekin dantzaldia izanen dira. Gaueko ordu txikietan, 04.00tan, kalean jarraitzen duten iruindarrek bukaera emango diote egunari, azken jota abestuz.

Kilikiak 1992. urtean sortu zituen Patxi Fuertes bizilagunak, kaleko lau pertsona irudikatuz: Freddy, Ana, Sole eta Ibarrola. Ripodasi hainbeste dantzarientzako kalea ba ote dagoen galdetzean baietz erantzuten du, aberastasun kulturala azpimarratuz.  Alkatesak, une bat nabarmentzekotan, Jarauta69k azken kanta jo eta bukaerako jota arteko momentua nabarmenduko luke.

Ustez, kaleari izena eman zion Erromako San Lorenzo diakonoa (latinez «Laurentius» eta euskaraz ere Laurendi) parrila batean erre zuten 258. urteko abuztuaren 10ean. Iruñean erlijioarekin lotzen dute batzuek oraindik jaia, meza egitarauan sartuz.

Unzue bizilagunak 2011. urtetik darama San Lorenzoko alkatesa izaten. Oier Zuñiga alkateak harekin batera hartu zuen erreleboa, aurten biek «pribilegioa» errepikatuz. Sartzerakoan, kutsu gaztea eman zioten Alkatesaren arabera. Unzuek IRUINDARRAri adierazi dionez, «jaiek daukaten antzerki puntuak surrealista egiten du eguna». Urteak pasa ahala, hasiera batean sentitzen zuen urduritasunak behera egin du, baina ez guztiz.

Iruña Taldea, nola ez, urtero egon da San Lorenzoko jaietan. Ripodasen iritziz, Iruñeko festetan folklorea eta dantza presente egon behar dira, haiek haien aletxoa jarriz. Taldeko gehienek agendan markatuta daukate eguna urte hasieratik, lokala San Lorenzon baitaukate. Dantzariaren ustez, geroz eta jende «gehiago» hurbiltzen da karrikara. Hala ere, oraindik mantentzen den giro «familiarra» nabarmentzen du, bertaratzen diren gehienak ingurukoak izanik.

Ingurutxo berritzailea

Dantza berria aurkeztuko du aurten Iruña Taldeak: San Lorenzoko Ingurutxoa. Ripodasek azaldu duenez, «badira dantza erritualak eta sozialak; eta hau, soziala da». Azken hauen beste adibide bat larrain-dantza da. San Lorenzoko Dantzanteenak erritualak direnez, Iruña Taldeak hutsunea ikusi zuen. Gainera, «Errotxapeako festak San Lorenzoren omenez egiten ziren lehen, eta halako larrain-dantza bat egiten zuten Arriasko plazan», Ripodasek argitu duenez. Testuinguruari egokitutako dantza berritzailea izatea espero da, genero bereizketarik gabekoa.

Ripodasek gehien bat pausoak eta koreografia diseinatu ditu. Bestetik, Aitor Urkizak musika konposatu eta Aiora Ganuzak jantziak egin ditu. Sorkuntza lanean, Oier Zuñigak eta Xabier Olazabalek lagundu dute ere. Ripodasek aurreratu duenez, aurten Iruña Taldekoek dantzatuko dute, «baina hurrengo urteari begira ikusi beharko da; onarpen handia baldin badauka eta jendeak ikasi nahi badu herriari ireki dakioke».