NAIZ
DONOSTIA

Errefuxiatuei Kantauri itsasoa eta kai segurua eskainiz ekin diote Aste Nagusi piratari

Euskal Herrian bizi diren Hassanna Aalia eta Kateryna Kirsanova errefuxiatuek eman diote hasiera piraten Aste Nagusiari. Mediterraneoan milaka hildako eragin dituen Europar Batasuna eta NATOren jardueraren aurrean, Kantauri itsasoko, Donostiako kai segurua eskaini nahi izan diete modu honetan.

18:30ean piztu da jaia Donostiako kaian. Piraten Aste Nagusia ordu erdiz aurreratu zaio egitarau ofizialari eta eguraldi itzel batek lagunduta, indarrez ekin diote asteari. Piratek urtero gai, mugimendu edo talde baten lana ikustarazten saiatzen dira txupinazoan, eta aurten errefuxiatuak izan dira protagonistak.

Hassanna Aalia saharauiarra eta Kateryna Kirsanova ukraniarra izan dira txupinazoa jaurtitzeko arduradunak. «Hondamenditik ihesi» datozela gogoratu dute. «Hasieran besarkada bat, plater bero bat, dutxa edota aterpe bat espero genituen, baina errealitateak indarkeriaz astindu gintuen», adierazi dute.

«Grabitatearen lege bitxi honetan, pisu gehigo du boto-paper batek, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsal osoak baino. Agintariek beldurra sortzen dute, etekina ateratzeko beldurra», gehitu dute. Hala ere, «jende ona» ere aurkitu dutela nabarmendu nahi izan dute. «Hil behar badugu, hemen hilko gara, ikus gaitzatela. Eta bizitzea lortzen badugu, irribarrea berreskuratzen saiatuko gara».

Aurtengo leloa ‘Gora kai herrikoiak!’ izanen da, eta ez da bazkari, kontzertu, bertso saio, jolas eta gozatzeko hainbat aukera faltako.