Iantzi, Maider
DONOSTIA

«Herriarentzat eta batez ere herriarekin, azala utziz» eginen du politika Maddalen Iriartek

«Hunkituta» egin ditu lehen hitzak Maddalen Iriartek EH Bilduko Gipuzkoako bigarren hautagai gisa, Arnaldo Otegi ondoan zuela, Miramar jauregiko paraje paregabean, kazetariz inguratuta, ikusmin itzelarekin. Urratsa ematea «ohorea» da kazetari donostiarrarentzat, eta ibilbide profesional luzean egin duen bezala, talde lanean, pasioz, azala utziz jardun nahi du hasi duen etapa berrian.

«Herriarentzat eta batez ere herriarekin» lan eginez jauzi handi bat emateko ilusioz ekin dio erronkari Maddalen Iriartek. Euskal herriko zientzialariak, irakasleak, musikariak, medikuak, enpresariak, egunero aberastasuna sortzen duten milaka langileak... «Europan eta munduan goi mailan kokatuta» egotea da kazetaritzan, bereziki telebistan, bide oparoa osatu duen profesionalaren desioa. Prozesu subiranista martxan jarri, eta jendea «hobeto bizitzeko» aurkeztu da EH Bilduren Gipuzkoako bigarren hautagai gisa, Arnaldo Otegiren ondotik. «Egia, justizia eta errokonozimendua» lortzeko ere bai, duela 80 urte, abuztuaren 15ean falangistek atxilotu, bortxatu eta hil zuten Maravillas Lambertorekin bezala, bertze «biktima guztiekin».

Berdintasun gehiagoko jendarte justuago baten eta gizon eta emakumeen parekidetasunaren alde ere egin nahi du donostiarrak ahalegina, «azala utziz, hankak lokatzetan sartuz». Feminismoa bultzatzeko beharra azpimarratu du, arlo guztietan, egunero. Azaldu duenez, jaietan gertatzen diren muturreko erasoek asaldatzen gaituzten gisan, egunero asaldatu behar dugu, «ezberdintasunak handiak direlako». Hemen, bizi garen lekuan, hiru emakumetatik batek sexu jazarpena jasango duela ohartarazi, eta herri bezala feminismoan aitzindari izan behar dugula defendatu du.

Ibilbide profesionaletik herriarekin konprometitzera

Iriartek ondoan izan du bere lehen agerraldi politikoan Arnaldo Otegi. Elgoibarrekoak ekitaldiaren kokapenari erreferentzia egin dio, paraje paregabea dela aipatzeaz gain, Miramar Jauregia espainiar errege-erreginak etortzen ziren tokia dela oroituz eta hori erranez EH Bilduren euskal errepublikar izaera nabarmenduz. Juan Gorriti nafarraren eskulturez inguratuta dago uda honetan jauregi ingurua, eta horiek ere kontuan izan ditu Otegik, Nafarroari eta Euskal Herri osoari buruz solastatuz.

«Plazerez eta ohorez» aurkeztu du Maddalen Iriarte koalizio abertzalearen Gipuzkoako zerrendako bigarren izen bezala. Bi elementu azpimarratu ditu: bata, «herri honek proiektu sendoak behar ditu», eta bigarrena, «proiektu horiek printzipio eta baloreak izan behar dituzte oinarri».  Estatu espainiar «ustel» honetan, «politikarako jauzia dirua egiteko ematen den tokian», «Maddalenen kasuan guztiz kontrako norabidea» izan dela ohartarazi du. Horregatik, «bihotzez eskertu» dio urratsa, ibilbide profesional oparo batetik herri honekin konprometitzera pasatu delako. «Herri honek merezi du halako konpromiso bat», berretsi du, «etorkizuna bere eskuetan hartzeko».

Justizia ministroaren «erabaki larriaz»

Bokaziozko kazetaria izaki, galdera guztiei erantzuteko prest agertu da Iriarte, bai gaur eta bai aurrerantzean ere. Luzatu dioten lehendabiziko galdera honakoa izan da: zergatik eman duzu orain pausoa? Euskal Herria eta Europa «oso une historiko berezian» daudela erantzun du, eta aldeko haizearen zurrunbiloari heldu behar diogula erantsi du. Estatu espainolaren barrenean adibidez pentsiodunek izan ditzaketen arazo larriak azpimarratu ditu, lan prekarioak ere bai, horiek dakartzaten arriskuekin, eta gauza hauek aldatzeko eta hobeki bizitzeko pausoa ezin dela Estatu espainiarraren barruan eman baieztatu du.

Justizia ministro espainiarrak Arnaldo Otegi ez dela hauteskunde zerrendetan izanen erranez egin dituen adierazpenei buruz, berriz, «erabaki larria» dela agertu du, «botere banaketa eztandarazten duena». Pilota Madrilen teilatuan ikusten du.

Otegik berak «erabat konbentzituta» erran du Gasteizko Legebiltzarrean izanen dela, eta argitu du eztabaida ez dela Otegi bai ala ez, baizik eta demokrazia bai ala demokrazia ez.