NAIZ
BILBO

Hauteskunde ostean alderdiek egin nahi dituzten hitzarmenak argitzeko eskatu du Agirrek

EH Bilduko Bizkaiko zerrendaburuak, Jasone Agirrek, azpimarratu du «beharrezkoa» dela indar politiko guztiek argi uztea hauteskundeen ostean nahi dituzten hitzarmenak.

Bermeon izan da Jasone Agirre, EH Bilduren Bizkaiko zerrendaburua. (@ehbildu)
Bermeon izan da Jasone Agirre, EH Bilduren Bizkaiko zerrendaburua. (@ehbildu)

Bermeora eginiko bisitan, bart ETBn egin zen eztabaidari buruz mintzatu da Jasone Agirre EH Bilduren Bizkaiko zerrendaburua, eta esan du faltan bota zuela hautagaiek hitzarmenen inguruko jarrera argia adieraztea.

«Ikusi ahal izan genuen bertan ordezkatuta zeuden indar politiko bat berak ere ez zuela argitu norekin egin nahi dituzten hitzarmenak eta zein norabidetan jarri nahi duen herri hau. Guztiak bat izan ezik, atzo eta hauteskunde kanpainako egun guztietan EH Bilduk oso argi utzi duelako zein den defendatzen duen herri eredua eta norekin eraiki nahi duen herri honen etorkizuna», esan du Agirrek.

«EH Bildutik uste dugu beharrezkoa dela indar politiko guztiek herritarren aurrean argi uztea irailaren 25eko hauteskundeen ostean zeintzuk diren egin nahi dituzten hitzarmenak», gaineratu du eta, zentzu horretan, Iñigo Urkullu eta gainerako hautagaiei beren asmoa argitzeko deia egin die. 

Bestalde, nabarmendu du bestelako eredu bat behar duela Lakuako Gobernuak. «Herritarrei inolako errentagarritasunik eskaintzen ez dien azpiegitura handietan lehentasuna jarri beharrean, bertako jendeaz eta bere eguneroko arazoez kezkatzen dena. Bere lehentasuna portu honetako arrantzaleak, saregileak, kontserba enpresako langileak izango dituena…», esan du.

«Herri honetako gizon-emakumeak dira EH Bilduren kezka eta lehentasun nagusia, eta haiekin batera eta haientzat gobernatuko dugu. Politika horrela ulertzen dugulako. Herritarrekin eta herritarrentzat», azpimarratu du.