
Hauteskunde kanpainan hainbat partidu politikok Abiadura Handiko Trena «lotsagabeki nola bultzatzen duten ikusirik», AHT Gelditu plataformak agerraldia egin du Bilbon. «AHT geratu ezean, behin eta berriz alor desberdinetan jasaten ari garen murrizketez ez gara libratuko, bereziki zerbitzu sozialetan, hezkuntzan eta osasungintzan», azpimarratu dute horrelako «proiektu faraonikoa» arbuiatuz.
Alderdiei «tarta zatiren bat poltsikoratu nahia» leporatu diete. «PP eta EAJk bultzatzeaz gain, hor dugu PSOE ere; Jaurlaritzan sartu, eta ziztu bizian, hasi ziren Gipuzkoako AHTren lanak txoko ugaritan martxan jartzen», ekarri dute gogora.
EAJri kontraesanetan ibiltzea leporatu diote, Irekia eta Orain Gipuzkoa bitartez herritarren parte hartzea bultzatu baina AHT inposatu nahian ibiltzeagatik.
Elkarrekin Podemosen lehendakarigai den Pili Zabalaren jarrera ere salatu dute. «Nola liteke Pili Zabalak AHT praktikoki ia amaitua dagoela esatea! Horiek izan dira beraien hitzak eta ez dugu inondik inora onartzen, AHT amaierarik ez duen proiektu bat da». Zentzu honetan gogoratu egin dute inbertsioaren erdia oraindik ez dela erabili eta «martxan jarri ezkero, konponketa eta mantenu gastu izugarriak izango lituzke eta txartelen kostuaren bidez ez ziren berdinduko».
«Honek guztiak AHT elefante zuri bat dela adierazten digu, hau da, betirako litzatekeen karga jasanezina». Honen aurrean, asteburu honetan Bilbon ospatuko diren III. Topaketa Ekosozialistetan parte hartzeko deia egin dute. Era berean, jakinarazi dutenez, urriaren 26an Europako Parlamentuan Herrien Auzitegi Iraunkorraren sententzia entregatuko da, non, Europar Batasuna, Italia eta frantziar Estatua «Proiektu Handi Inposatu eta Inutiletan herritarren oinarrizko eskubideak bortxatzeagatik» kondenatzen dituen.

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años

El equipo de gobierno de Iruñea pide la dimisión de Ibarrola y Adanero por «difundir bulos»

EH Bildu ganaría en la CAV y subiría en Nafarroa, según un sondeo de Aztiker
