Ramon Sola

Duela bost urte baino preso gehiago dago gaixorik orain, Sarek salatu duenez

Aieteko Adierazpenaren 5. urteurrena bete dela, euskal presoen egoera ETAk ekintza armatuak egiten zituenean baino okerragoa dela adierazi du Sarek, datu adierazgarriak emanez. Sakabanaketa larriagotu egin da eta gaixo dauden preso gehiago dago: zazpi ziren orduan eta hamar orain. Larunbateko protestaren arrakasta nabarmendu du.

12.000 lagunetik gora bildu ziren larunbateko manifestazioan. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
12.000 lagunetik gora bildu ziren larunbateko manifestazioan. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Agerraldia egin du Sarek Donostian, txanponaren bi alde erakusteko. Batetik, pozik da larunbatean gaixorik diren presoen alde egindako manifestazioak arrakasta handia izan duelako, eta gizartearen aktiboan mugarri bilakatu delako (12.300 parte-hartzaile zenbatu zituen GARAk). Baina kezkatuta dago, bestetik, Aieteko Adierazpenaren eta ETAren erabakiaren bosgarren urteurrena betetzen den honetan datuak aski adierazgarriak direlako.

Joseba Azkarragak eta Ixiar Arteagak aipatu dutenez, orduan gaixotasun larriak zituzten presoak zazpi ziren (zeuden 665etatik %1,1 beraz) eta orain aldiz hamar (360tik %2,8).

Sakabanaketari dagokionez, %98,3 etxetik urrun zegoen orduan eta %99,7 dago orain urrutiraturik. Espetxeratuen kopurua ia erdira jeitsi den arren, bitxia da ia espetxe kopuru berean sakabanaturik direla (71 kartzelatan zeuden 2011n eta 70 espetxetan gaur egun). Bere kideengandik ere bakartuago dira orain, nabarmen: %1,8tik %6,1era pasa da portzentajea.

Ondorioa, hauxe: «Bost urte geroago, Euskal Presoen Kolektiboaren eskubideak urratuak dira, ETAk bere ekinbide armatua uztea erabaki aurretik baino bortizkiago gainera», esan dute Azkarragak eta Arteagak. Erantzukizuna ez dela soilik Gobernuarena, Estatu osoarena baizik, erantsi dute. Eta «entzuten eta sentitzen jarraituko gaituztela» aurreratu dute. Larunbatean herritarren aktibazioan aurrerapauso handia eman ostean, alderdi eta erakundeak ere inplikatu nahi dituela ekarri du gogora Sarek. Indar politikoekin bigarren aldiz bilduko da laster, hasieran ikusitako oinarrizko kontsentsoa zertan gauza daitekeen aztertzeko.